Literatura

Saforen baratzetik

Maria Merce Marçal poeta katalanak nobela bakarra idatzi zuen, 1994an, eta hamaika sari eta gorespen jaso; lan horrek identitate joko batean txirikordatzen ditu Pauline Mary Tarn, Renee Vivien eta Marçal bera, bata bestearen ispilu eta isla.

Maria Merce Marçal poeta katalan aupatua. 1994an eman zuen La passió segons Renée Vivien (Pasioa Renee Vivienen arabera), «olerkari baten nobela» kontsideratua. BERRIA.
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Hezur-haragizko gizakiren baten bizitza fikzioaren sarean harrapatu nahi denean, hainbat modu izan daitezke literatura errealitatearen morroi hartu eta bitarteko hutsa balitz bezala erabiltzeko, «egia» delakoa zuritu, gorde edo haren zulo ugariak estaltze aldera; era horretan, posible da pertsona horren fikziozko bertsio gutxi gorabehera koherente bat itxuratzen asmatzea. Bakanagotan, fikzioak uko egiten dio bizitza bat bere hartan harrapatzeko eginahalari, eta narrazioa molde pitzatu, zatikatu eta ertz-ugari batean tankeratzen du, zeinean adierazi ez ezik haragitu ere egiten baitira pertsona errealaren konplexutasunak, kontraesanak eta kabitu ezinak, «egia» horren zuloak erakutsita, ez estalita. Maria Merce Marçal poeta katalanaren nobela bakarra, La passió segons Renée Vivien (Pasioa Renee Vivienen arabera), «olerkari baten nobela» kontsideratzen da, eta ezagun du, bai, poeta peto baten begirada kaleidoskopikoarekin heldu ziola giza bizitza bat nobelatzeko lanari, Renee Vivien fikzioaren sarean nondik harrapatuko.

Eleberriaren atzeko hezur-haragizko pertsona Pauline Mary Tarn da (1877-1909), frantsesez idatzi zuen poeta ingelesa, ezagunagoa Renee Vivien ezizen literarioarekin. Adin nagusitasunera iritsitakoan, Tarnek fortuna bat heredatu eta Parisera egin zuen, belle époque-ko bohemioen girora, eta artista bizimoduan murgil eman zuen bere bizitza laburra. «1900eko Safok» —hala oroitzen baitu literaturaren historiak—erantzi ezinezkoa du Lesbosko poetarekiko lotura, ez bakarrik poeta eta lesbiana izan zelako, baizik eta nahiko esplizituki erreibindikatu zuelako, literatura barrutik bezala kanpotik ere, Saforen herentzia zuzen-zuzena, maitasun safikoa bizigai eta kantagai harturik. Poesian, forma sinbolistei eta tradiziozko metrikei eutsi zien, eta Saforen itzulpenik ere egin zuen, noski. Miresmen horretan ez baitzen bakarra izan: garaitsu hartako beste hainbat emakume idazlek ere —tartean Colette, Djuna Barnes, Natalie Barney...—, zeinek harremana izan baitzuten Renee Vivienekin, Saforen figura beretu eta aldarrikatu zuten modu batera edo bestera.

Alter egoen joko bat

Maria Merce Marçalen eleberriak dokumentazio lan handia du atzean; idazleak hamar urte eman zituen bateko eta besteko artxibategiak kontsultatzen, gutun originalen pasarteak eskuz kopiatzen, poema argitaragabeak itzultzen... Halarik ere, La passió segons Renée Vivien ez da erretratu ahalik eta koherenteena marrazteko eginahala, aitzitik baizik: irudi zatikatu eta askotan bere kontraesanetan ulergaitz bat taxutzen du, eta zeharkakoa, gainera. Izan ere, protagonista ez da sekula lehen planoan agertzen, baizik eta egiazko Pauline Mary Tarnek inguruan izandako pertsona egiazkoen atzean. Ikuspuntu nagusia bigarren mailako pertsonaia horietan dagoenez jarria, Renee Vivienek ez du begirada propiorik, eta horregatik are fragmentario eta harrapagaitzagoa da haren irudia, besteren ikuspuntu kontrajarri bakoitzak areago zartatua.

Pertsonaia horietako gehienek kapitulu solte bana daukate, eta haien oroitzapenen eta ebokazioen txatalekin osatutako argazki-collagearen bestaldean geratzen da Renee Vivien benetakoa. Estiloa ere lagungarri da horretan: ahots narratiboa ezinago landua dago, ironiaz eta autokontzientziaz gainezkatua, eta narratzaileak —la narradora, esplizituki aipatua—, bere buruaz ere hirugarren pertsonan mintzo denak, adarra jotzen dio bere ustezko inpartzialtasunari, eta idazmolde manierista eta kiribildu batera lerratzen da. Narratzaile horren indarra nabarmena da kapitulu frankoren izenburuetan bertan, kontatzera doana iruzkintzen eta iragartzen hasten baita. Esaterako: «Non narratzaileak [la narradora] airean harrapatzen duen zerbitzari ohi batek egundo idatzi gabeko eguneroko baten arrasto iheskorra».

Pertsonaia sekundario horietatik bi hainbatetan errepikatzen dira. Renee Vivienen gaineko ikerlariak dira biak: bata, Salomon jakintsua, 1920an ari da poetaren figura ikertzen, eta haren lekukozuzenen laguntzaz, gainera, denboran gertua duenez Vivien. Bestea, Sara T., gaurko eguneko zinema gidoilari bat da, poetari buruzko film baterako dokumentatzen ari dena. Narratzailea bataren zein bestearen «paper pribatuetan» sartzen da, egunerokoetan, eskutitzetan eta apunteetan, Renee Vivieni buruzko dokumentazioan bertan, alegia, eta, hala, Maria Merce Marçalek bere dokumentazio prozesuaz ere idazten du, hein batean, eta hori abiapuntutzat hartzen, gainera, literaturaz, idazketaz, maitasunaz, heriotzaz eta bestelakoez gogoetatzeko.

Alter egoen jokoa, printzipioz Marçal-Vivien loturan igar zitekeena, aniztu egiten da Sara T. eta Salomon sartzen direlarik, eta Renee Vivienen misterioa ispilu joko etengabe batean islatzen da. Isla errepikatuen joko hori ederki adierazten du pasarte honek; Sara T. mintzo da —edo, hobeto esanda, narratzailea Sara T.-ren ahotsetik—, Vivieni buruz gogoetan eta pertsona gramatikalak nahasiz: «Orain, bera dut gogoan. Zergatik zuzentzen natzaizu zuri baina, irudimenean, hirugarren pertsonan mintzatzen? Agian ja nire baitan zaudelako zu, nire osagai den iraganaren puska batean haragiturik [...]».

Eleberri osoko ispilu jokoa «azken monodia» batekin bukatzen da, non azkenean Renee Vivienen beraren ahotsa orriratzen den zuzen-zuzenean, narratzailearen esku sartzerik gabe. Marçalek collagea eta itzulpena uztartzen ditu azken monodia horretan, Renee Vivien errealaren poema solteen pasarteak hartu eta prosa poetikora mudatuta. Bere hitzez osatutako testu batean mintzo da Renee Vivien, elegante mintzo ere, bere araberako pasioari buruz, bizitza gainezkatu eta mundu ikuskera bera taxutu zion bizimin bizi eta minari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.