Pagonabarraga, Arzallus eta Lazkoz, aurrera txapelketetan

Gorka Pagonabarraga, Amets Arzallus eta Eneko Lazkoz izan dira garaile Xilaba, Bizkai eta Nafarroako Bertsolari Txapelketetako saioetan

Gorka Pagonabarraga bertsolaria, atzo, Igorreko saioan. BERTSOZALE ELKARTEA.
itziar ugarte irizar
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Martxan dira txapelketen gurpilak Xilaban, Bizkaian eta Nafarroan. Saio berri bana jokatu zen atzo Gabaldin, Igorren eta Tafallan, eta Amets Arzallusek, Gorka Pagonabarragak eta Eneko Lazkozek irabazi zituzten, hurrenez hurren.

Xilabako laugarren eta azken kanporaketa izan zen atzokoa. Arzallusek 469 puntu eskuratu zituen ariketa guztiak egin ostean, eta finalerdietarako sailkatzea lortu du hala. Ondotik gelditu ziren sailkapenean Odei Barroso (440,5), Maddi Sarasua (424), Egoitz Zelaia (414,5), Maindi Murua (406) eta Johaine Sarraillet (382).

Falta zen izena argituta, erabakita gelditu da aurtengo Xilabaren finalerdietako saioak nola osatuko diren. Hurrengo saioa Maulen dute zaleek, larunbatean; Karlos Aizpurua, Amets Arzallus, Kerman Diaz, Maddi Sarasua, Aitor Servier eta Maddi Ane Txoperena elkartuko dira oholtzan. Haren ondotik etorriko dira Bardozeko (urriaren 24an) eta Izpurako (urriaren 30ean) saioak.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren kasuan, bigarren kanporaketa izan zen Igorrekoa. Edukiera murrizketarik gabeko lehen saioa izan zen, eta 482,5 puntu eta finalaurrekotarako sailkatzea lortu zuen Pagonabarragak. Hala gelditu zen beste bertsokideen hurrenkera: Julen Arnazegi (460,5), Mikel Goiriena (448,5), Ibai Amillategi (448,5), Garazi Nabarro (418,5) eta Ander Uzelai (416).

Hurrengo kanporaketa hilaren 16an jokatuko da, Ortuellan, eta kantuan Asier Alcedo, Txaber Altube, Julen Ibarguengoiti, Mikel Retolaza eta Peru Vidal ariko dira.

Faseak agortzen

Nafarroako txapelketan bertso saio bikoitza egokitu da asteburu honetan. Horietan lehena jokatu zen atzo, Tafallako Alde Zaharreko kultur etxean. Lazkoz gailendu zen, 357,5 punturekin, eta haren atzetik geratu ziren sailkapeneanSaioa Alkaiza (356), Erika Lagoma (350,5), Alazne Untxalo (320), Ekhiñe Zapiain (316) eta Urko Gartzia (272). Ander Aranburu aritu zen gai jartzaile lanetan.

Gaur, berriz, Zangozako Karmengo auditoriumean izango da saioa. Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Oier Lakuntza, Mikel Lasarte, Sarai Robles eta Xabier Silveira ariko dira kantuan. Gaiak jartzen, berriz, Zigor Gartzia Zian.

Bi saioen ondotik, final-laurdenetako saio bakarra geldituko da jokatzeko: Donezteben izango da, heldu den larunbatean hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.