Sanferminak Iruñean

Arrapaladan, izpi bat

Oso azkarra izan da laugarren entzierroa, Fuente Ymbroko zezenena. Korrika egiteko aukerarik ez da izan ia, eta eroriko asko egon dira. Zazpi zauritu eraman dituzte ospitalera, kolpeen ondorioz denak

Arrapaladan, izpi bat.
jon ordonez garmendia
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Azkarrak izatearen fama dute Fuente Ymbro ganadutegiko zezenek, eta atzoko entzierroa aurten izan direnen artean azkarrena izan zen. Bi minutu eta hamabost segundo iraun zuen, eta, Estafeta kalean erori zen zezen batengatik izan ez balitz, bi minuturen bueltan botako zuten hirugarren suziria. Entzierro garbia izan zen, baina korrika egiteko zaila, zezenen abiadurak ez zuelako zirrikiturik utzi adarren aurrean jarri eta metro batzutan hurbil aritzeko lasterka. Adar zabalak zituzten, baina Xabier kaleko bidegurutzea pasatu arte joaldunen babesean egin zuten bidea zezenek.

Uztailak 10 eta asteartea izanik, pentsatzekoa zen korrika egiteko tarte gehiago egon zitekeela atzo. Fuente Ymbroko zezenak ezagutzen dituenak, ordea, badaki Iruñean korrika baino gehiago ziztu bizian aritu behar izaten dela horien aurrean. Agian horregatik espero baino korrikalari gehiago zegoen atzo Estafeta kalean.

Entzierrorako entrenatzen dituzte Fuente Ymbroko zezenak, ganadutegian horretarako propio duten zirkuituan. Goizeko zortzietan suziriak zezenen irteera iragarri eta berehala, sekulako abiada hartu zuten zezenek Santo Domingo kalean gora. Ikusmira ez zen txarra, lau zezen jarri baitziren taldearen buru. Abiadura horretan eta aldapa gora korrika egiteko aukerarik ez zen izan, ordea. Hezkuntza Departamentura iristerako idiak aurretik jarri ziren, eta hala egin zuten bidea Estafeta kalearen erdira arte.

Erorikoak izan ziren atzo protagonista. Zazpi zauritu eraman zituzten ospitalera, baina, abere saldoaren abiaduraren ondorioz, asko izan ziren alde batean eta bestean lurrera erori ziren korrikalariak; zenbait kasutan, zezenen arrapalada jarraitu ezin, eta adarrek bultza eginda —Telefonica aldean eta kailejoiaren sarreran eskapada galanta egin zuten batzuek—. 35 lagun artatu zituzten entzierroko osasun postuetan DYAk eta Gurutze Gorriak.

Eroriko horietako batean, Xabier kalea igaro ondoren, zezenetako bat erori egin zen korrikalari batzuen gainera. Berehala altxatu zen, eta, Estafeta kalearen amaieran atzean geratu zen beste zezen batekin batera, korrikalari batzuek metro gutxi horietan izan zuten adarren aurrean korrika egiteko izpi bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.