Mauricio Anton. Paleoartista

«Historiaurreko artistek profesionalen pareko esperientzia zuten»

Atzekoz aurrera: hezur fosiletatik abiatuta, kanpoko azalerako bidea egiten du Antonek, historiaurreko izaki bizidunak marrazteko. Lana nola egiten duen azaldu du Bilbon.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Iker Tubia.
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Arkatza hartu, eta historiaurrera bidaia dezake Mauricio Antonek (Bilbo, 1961). Olioekin eta teknika digitalekin ere bai. Paleoartista da; hau da, historiaurreko izaki bizidunak eta haien ekosistemak irudikatzen ditu, zehaztasunez eta irizpide zientifikoak errespetatuz. Espainiako Natur Zientzien Museoarekin lan egiten du, irakaslea da, eta erakunde askorentzat egin ditu lanak. Hilabete osoan, haren irudiak ikusgai daude EHUren Bizkaia aretoan, Bilbon.

Zurea lan artistikoa da, baina baita zientifikoa ere. Zer zara: artista, zientzialaria, biak?

Biak eta bat bera ere ez, denbora eta energia bien artean banatu behar baitut. Marrazki hauek ezin ditut egin nire denboraren parte bat ikerketarako baliatzen ez badut, alderdi anatomikoak, paleontologikoak eta abar ezagutzeko. Era berean, nire lehen formakuntza artistikoa izan zen.

Nola hasi zinen paleoartean? Zerk erakarrita?

Paleontologia irudiek, paleontologo gehienak bezala dibulgazio aldizkariei, liburuei eta kromoei esker. Natural zitzaidan marrazki horien bertsioak egitea. Profesional izatera pasa nintzen determinazioagatik eta kasualitate batengatik. Hasieran margolari surrealista nintzen; hala aritu nintzen hamar urtez.

Noiz izan zen kasualitate hori?

1986an Madrilen erakusketa bat egin nuen movida-ren galeria batean. Bi bisitarik dinosauroak ikusi zituzten nire konposizio surrealistetan. Biologia fakultatean ari zirela kontatu zidaten, eta Jose Luis Sanz haien paleontologia irakasleak inspiratzen ziela. Espainian dinosauroen paleontologian aitzindaria zen hura. Aurkeztu zidaten eta horrek ireki zidan bidea paleontologiara.

Urte askotako lanaren emaitza dira erakusketako lanak. Ez hori bakarrik: prozesua ere erakutsi duzue. Zergatik?

Gure detektibe lan liluragarri hau dibulgatzeko tresna izan behar zuen. Bakarrik azken emaitza erakutsita, denboraren makina batekin egindako argazki bat balitz bezala, jendeari erabat sinesteko eskatzen ari gatzaizkio. Ondorio horiek nola ateratzen ditugun erakutsita, gehiago eskaintzen diegu, arrasto fosiletatik informazioa nola lortzen dugun azalduz, eta ongi banatuz zer dakigun eta zer ondorioztatu behar izaten dugun.

Hezur fosiletatik abiatuta egiten ditu historiaurreko animalien irudikapena Mauricio Antonek. Aritz Loiola / Foku

Nola abiatzen da aipatu duzun detektibe lan hori?

Dena fosilekin hasten da. Indusketekin, Lurrari sekretuak erauzten dizkiogu. Iragana berreraikitzeko, anatomia ikertzen dugu, eta, kasu honetan, osteologia edo hezurren forma, kasuen %95ean hori baita gordetzen den bakarra. Desagertutako animalien hezurrak interpretatzeko, muskuluak txertatzen ziren lekuak aztertzen ditugu, eta gaur egungo espezieekin alderatu. Geruzaz geruza gehitzen ditugu gihar sakonak, azaleko giharrak, eta, azkenik, gehien espekulatu behar dugun atalera ailegatzen gara: azala, kolore patroiak... Gehienetan, arriskatu behar izaten dugu, betiere irizpide biologikoen arabera; senide gertukoenen kolore patroiak kontuan hartuta, baina baita arrazoi funtzionalak ere: eskeletoak erakusten badigu harraparia zela, eta ziurrenik zelatan aritzen zela, kolore kamuflatuak lituzke.

Egungo espezieen garrantziak agerian uzten du ez direla bi errealitate, segida bat baizik?

Hori da. Fosilekin lanean, bioaniztasuna etengabeko aldaketa gisa ikusten duzunean, ohartzen zara Lurreko bizitza film handi bat bezalakoa dela, eta egungoa fotograma bat baizik ez dela. Gaurkoari bakarrik begiratuta, ez diogu filmaren ildoari segituko. Denbora sakonaren ikuspegitik gehiago ohartzen zara biosferan ditugun esku hartzeez.

Zer tresna erabiltzen dituzu lan hauek egiteko?

Hasieran grafito arkatza, olioa, akuarela eta argazkigintza, baina, orain, tresna digitalak oso garrantzitsuak dira. Lehen, olioa erabiltzen nuen, eta orain, koloretan egiten ditudan lan ia guztiak digitalak dira. Erreferentzia anatomikoak erabiltzean, 3D programak eguneroko tresna dira, fosilak edozein ikuspuntutatik irudikatzeko. Horiek erabiltzen ditut bi dimentsioko irudiak sortzeko.

Atzekoz aurrera eta geruzaz geruza eraikitzen ditu desagertuta dauden animaliak. Aritz Loiola / Foku

3D marrazkiak eta animazioak egingo dituzu?

Oraingoz, 3D baliabideak erreferentzia gisa erabiltzen ditut. Lehen plastilinazko edo buztinezko ereduak sortzen nituen, argiztatu eta erreferentzia gisa erabiltzen nituen marrazkiak errealistagoak izateko. 2000. urtetik aurrera, animatzaileekin lanean hasi nintzen, eta dibulgazio bideoak egin genituen 3Dko animazioak erabiliz, baina lan horrek talde handiak behar ditu. BBCri edo National Geographici lagundu diet animazioekin, baina neure kabuz ezin dut egin.

Normalean ikerketa taldeetan aritzen zara, edo informazioa bidaltzen dizute irudiak egiteko?

Bietarik, proiektuaren arabera. Haragijale fosilak erakarri naute gehien: gure katamotz, otso eta lehoien senideak. Horretarako, hamarkada anitz daramat Espainiako Natur Zientzien Museoko Paleobiologia Departamentuko ikerketa taldean. Ezin da bereizi noiz hasten den ikerketa, noiz dibulgazioa; osotasun bat da. Baina beste erakundeek animalia edo aztarnategi jakin bat irudikatzeko eskatzen badidate, informazioa trukatzen dugu.

Desagertutako espezieak irudikatzean, zer izaten da zailena?

Haien biologiaz ezagutzen ez ditugun eta seguruenik inoiz ezagutuko ez ditugun atal horiei heltzea. Hominidoei dagokienez, desagertutako gure senideei, haien itxuraren atal batzuk hutsalak dira ikuspegi anatomikotik begiratuta, baina eragina dute ikusleen pertzepzioan. Irudikapen horri gaurko giza espeziearen ezaugarri batzuk txertatzen badizkiot, gertuago ikusiko ditugu. Ondorio sozial eta politikoak ditu; beraz, ongi neurtu behar dira makillaje erabaki txikien ondorioak.

Zertan oinarritzen zara erabaki horiek hartzeko?

Posible den heinean, ebidentzia zientifikoan. Normalean, espezie guzietan gehien zabalduta dauden ezaugarriak antzinakoak dira, gorde direnak, eta ezberdintzen gaituztenak, gertagaitzagoak. Begiaren zuria ilun duten hominidoak gehiago baldin badira, ia edozein hominido primitibo irudikatzean egokiago iruditzen zait ezaugarri hori jartzea, gizakion begi zuria baino. Hala ere, batzuetan izan dezaket taldearen nolabaiteko presioa ere, nahiago dutelako ezaugarri gizatiar bat aukeratu fosil hori gizatiarrago erakusteko.

Giza espeziearen senideak irudikatzean erabilitako aurpegierak eragina du ikuslearen pertzepzioan. Aritz Loiola / Foku

Ikerketa zientifikoan ere ikuspegi maskulinoa nagusitu izan da orain arte. Zure lanean kontuan izaten duzu hori?

lasai nago irudikapenaren alor biologiko eta anatomikoetan hartzen ditudan erabakiekin, baina, faktore kulturalagoetan sartzean, ikerketa taldearen aginduak betetzen ditut. Ohartzen naiz garai batean historiaurrea irudikatzen zutenen lanak garai horretako pentsamendu viktoriarraren isla direla. Ez dut zalantzarik: ehun urte barru, puntakotzat eta objektibotzat dauzkagun lanak nolabait lerratuak direla ikusiko dute, gure garaian bizi garelako.

Posible da datuak aldatzea ikerketek aurrera egin ahala, eta horrek irudietan eragitea. Beldur diozu horri, edo kontrakoa?

Beldurra pizten dit, eta, era berean, ilusioa. Amorragarria da jakitea urteak daramatzazula espezie bat modu batera irudikatzen, eta gero irudikapen horiek baliorik gabe uzten dituen datu bat agertu dela. Baina, era berean, gogobetetzen zaitu, badakizulako pixka bat gehiago gerturatzen ari zarela errealitatea ezagutzera, eta hori da zientzialarion helmuga.

Animalia haiek bizi ziren lekuak ere irudikatzen dituzu. Zertan oinarritzen zara horretarako?

Bi informazio iturri nagusi daude. Batetik, diziplina anitzetako informazioa dugu; adituek esanen digute zein zen landaredia, zein erliebea, ugalde bat ote zen, leku menditsu bat... Bigarrenik, gaur egungo paisaiak iturri garrantzitsuak dira. Faunaren eta landarediaren arteko interakzioak erabat baldintzatzen du ingurua. Europan kontserbazio kontzeptua oso lerratua dago paisaia kulturaletara; beraz, ez digu balio historiaurreko natura irudikatzeko. Afrikako eta Indiako eremu natural erraldoiak irizpide funtzionalen arabera kontserbatu dira; beraz, landarediaren, klimaren eta animalien arteko interakzioak sortzen du paisaia.

Historiaurrean egindako pinturak baliagarri izan dira zenbait espezieren ezaugarrien berri izateko. Haiek abiatutako katearen parte sentitzen zara?

Apaltasunez, baina bai. Horrek ikuspegi heterodoxoa ematen dit historiaurreko artistei egozten zaien motibazioari buruz. Antropologiaren arabera, magiari lotuta daude irudi horiek, baina Altamirako bisonteak eta Chauveteko lehoiak egin zituzten artisten maisulanak ikusten dituzunean, ohartzen zara profesionalen pareko esperientzia zutela. Bisontea ehizatu ahal izateko, ez zen beharrezkoa Michelangelo izatea; aski zuten lau hankako txorimalo bat marraztearekin. Seguru nago bokazio naturalista dagoela, badagoela maitasun bat animalien edertasunari lotua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.