Musika

Gainsbourg berrikusia

Orain dela hogei urte pasa hasi zen Mick Harvey Serge Gainsbourgen kantutegian arakatzen. Lau diskotan jasotako doinuak aurkeztuko ditu, asteazkenean, Andoainen.

1995ean kaleratu zuen Mick Harveyk Serge Gainsbourgen kantuetan oinarritutako lehen diskoa. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Aurten 90 urte bete dira Serge Gainsbourg (Paris, 1928-1991) musikari, abeslari eta aktorea jaio zela. Konpositore gorena izan zen, baina baita anbiguotasunaren, probokazioaren eta ironiaren artean nahi bezala mugitu zen izpiritu aske bat. Garai bat —1960ko eta 1970eko hamarkadak— eta herrialde bat —Frantzia— inork baino hobeto erretratatu zuena.

Je t'aime... moi non plus ikonikoak eman zion ospea, arrakasta eta batik bat oihartzuna —ez da nolanahikoa Erresuma Batuan, Espainian, Italian eta beste hainbat herrialdetan zentsuratu izana—, baina Jane Birkinekin batera abestutako kantu sentsual mitiko hartaz gainera, beste hamaika harribitxi egin zituen Gainsbourgek bere ibilbidean: 69 année érotique, Bonnie and Clyde, Poupée de cire, poupée de son (France Gallentzat idatzia), Initials B.B., Cargo culte, Ballade de Melody Nelson, Intoxicated Man...

Hain zuzen ere, azken horren izenburuari heldu zion Mick Harvey (Rochester, Australia, 1958) gitarrista, abeslari eta ekoizleak Gainsbourgen kantutegia ingelesera eramateko urratsa egin zuenean. Ibilbide luzeko musikaria izan arren —The Birthday Party taldeko kide izan zen, eta hura desegin ondoren, Nick Caveren Bad Seedsen pieza ezinbestekoa izan zen urte luzez—, eta zinemarako egindako hainbat soinu banda albo batera utzita, Intoxicated Man (1995) izan zen Harveyk bere izenean kaleratutako lehendabiziko kantu bilduma. Lan bitxia ezinbestean, ingelesera eramandako Gainsbourgen kantuek osatzen baitute diskoa. Pink Elephants-ekin (1997) segitu zuen musikari frantziarraren kantutegian sakontzen, baina, haren ondoren, utzi egin zuen proiektua, beste hainbatetan sartzeko: bere materialaz osatutako diskoak, kolaborazioak PJ Harveyrekin, ekoizpenak...

Harik eta 2014an Australian eta Europan emandako kontzertu batzuek Gainsbourgen bidea berriro ireki zioten arte: «Orain grabatu ditudan kantuetako asko proiektuarekin hasi nintzenean itzuli nahi nituen, baina pentsatu nuen zailtasunak ematen zituztela», aitortu du orain gutxi Harveyk. Delirium Tremens (2016) izan zen itzulerako diskoa, zeinetan Harveyk Gainsbourgen garai ezberdinetako kantuak grabatu zituen. Hor dira 1950eko hamarkadaren amaieran eta 60koaren hasieran idatzitako Ce Mortel Ennui (Deadly Tedium), Couleur Café (Cofee Colour), Anna Karinaren telebista saio baterako idatzitako bost pieza, eta baita Jane Birkinek 1973an grabatutako La Decadanse (The Decadence) ere.

Iaz kaleratu zuen Intoxicated Woman, batik bat Gainsbourgek eginiko duetoetan oinarritzen dena. Diskoan ageri dira Je t'aime... ospetsua alemanez kantatua (Ich Liebe Dich...), eta baita Poupée de cire, poupée de son (Puppet of Wax, puppet of Song) distiratsua ere. Baina beste ezeren gainetik, emakumeen disko bat da, Channthy Kak, Xanthe Waite, Sophia Brous, Lyndelle-Jayne Spruyt, Jess Ribeiro eta Andrea Schroederrek jartzen baitiote kontrapuntua Harveyren ahotsari. Izan ere, kantuetako asko France Gallek, Juliette Grecok, Brigitte Bardotek eta Birkinek berak abestu zituzten lehendabizikoz.

Harveyk Gainsbourgen kantutaetan oinarritutako kontzertua emango du, asteazkenean, Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero aretoan, eta talde handi bat izango du ondoan: Xante White abeslaria, Toby Dammit bateria jotzailea (Iggy Pop, Swans, Nick Cave & The Bad Seeds), James Johnston gitarrista (Gallon Drunk, PJ Harvey, Nick Cave & The Bad Seeds), Yoyo Röhm baxu jolea (Fatal Shore) eta lau biolinista.

Haiek baino lehen, Mursego ariko da oholtzan.

KONTZERTUA

Non: Andoaingo Bastero aretoan.

Noiz: Asteazkenean, 21:30ean. Lehendabizi, Mursegoren emanaldia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.