Musika

Atzera begira, aurrera egiten jarraitzeko

Urratsak baino gehiago, Angel Olsenek jauziak egin ditu 2000. urtean 'Strange Cacti' kasetearekin hasi zenetik. 'My Woman' diskoak gailurrera eraman zuen 2016an, eta orain bidean ezkutuan gelditutako piezak berreskuratu ditu.

mikel lizarralde
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Hiru disko eta bi kasete. Besterik ez du argitaratu Angel Olsenek (St. Louis, AEB, 1987) 2010eko uztailean Strange Cacti lehen zinta hura kaleratu zuenetik. Hala eta guztiz ere, geroztik sortu eta grabatu arren, beharra sentitu du lan kolektiboetan barreiatuta edota argitaratu gabe gelditu diren kantuak bildu eta Phases diskoan biltzeko, haren ibilbidearen nolabaiteko panoramika egiten baitu. «Phases-en asmoa zen nire estiloaren hainbat garai erakustea, hala konposizioari nola ekoizpenari dagokienez. Garai jakin batean egiten ari nintzena eta ahotsarekin egiten ari nintzen probak erakustea». Horregatik ikuspegi panoramikoa. Gitarra akorde huts batek jantzitako maketaren bat (How Maby Disasters), Donald Trumpen kontrako Our First 100 Days proiekturako grabatutako pieza eder eta bihurri bat (Fly on your Wall) eta bertsio harrigarri bezain biluziak (Bruce Springsteenen Tougher Than the Rest eta Roky Ericksonen For You) biltzen ditu hamabi kantuen artean. Ibilbide bat baino gehiago, kantua ulertzeko moduak laburbiltzen dituen bilduma bat. Datorren ostegunean, Angel Olsen Donostiako Antzoki Zaharreko oholtzan izango da. Bakarrik, laguntzailerik gabe.

Olsenentzat ez da modu berria gitarra hutsarekin aritzea, hala agertzen baitzen publiko aurrean orain dela hamar urte, berak 20 zituela, St. Louisetik Chicagora joan eta musikarekin lehen harreman formala izan zuenean. Bakarrik eta bere barruko penak kontatzen. Gaur egun, atzera begiratzen duenean, kritiko azaltzen da bere lehenengo urteetan zeukan irudi indie-folk hauskorrarekin, eta «Dostoievski gehiegi irakurri duen nerabe baten» emaitza iruditzen zaio garai hura. Hala ere, urte haiek balio izan zioten musika munduan leku bat egiteko, eta baita bere ahotsa bilatzeko lehen pausoak emateko ere: «Chicago oso inportantea izan zen niretzat. Zuzenean jo nuen lehenengo lekua izan zen. Ikusleria txiki bat lortzen hasi nintzen, eta konfiantza apur bat eskuratzen».

Strange Cacti-ren ondoren Lady of the Waterpark bertsioz osatutako kasetea kaleratu zuen, eta 2012an Half Way Home, lehenengo LPa. Lan hartan, agerian geratu ziren Olsenen giro malenkoniatsuetarako joera eta kantariaren erregistro ugari dauzkan ahotsa: misteriotsua zenbaitetan, baina baita sentikorra eta hurbiltasun handia transmititzeko gauza ere. Garaiko erreseinek Michelle Shocked, Julie Doiron eta PJ Harveyren ahotsekin alderatu zuten boz hura, Olsenek bide bakarra ez zuela seinale.

Ordurako, arreta piztua zuen, eta Bonnie Prince Billyk The Cairo Gang bere laguntzaile taldera ekarri zuen. Wolfroy Goes to Town (2011) LPa eta Island Brothers zein Now Here's My Plan EPak grabatu zituen Will Oldhamen proiektuarekin.

Burn Your Fire for No Witness (2014) diskoa Jagjaguwar zigiluak kaleratu zuen, eta lehenengo jauzia ekarri zion Olseni. Disko horretan ez dago iraganarekiko haustura handirik, baina John Congletonen ekoizpenak lagundu zion kantuei dirdira berezi bat ematen. Hori nabari da batik bat Forgiven / Forgotten elektrifikatuan, baina baita Hi-Five-ren country ahaire apal baina agerikoan, eta, bereziki, White Fire biluzi —gitarra eta ahotsa— bezain efektuz jantzian.

'My Woman', mugarria

«Estudioan grabatzen ari nintzenean, ez nekien diskoak entzule gehiagorengana iristea erraztuko zidan». My Woman lanaz (2016) ari da Olsen, musikari estatubatuarraren ibilbidean mugarri gisa hartu behar den diskoaz. Justin Raisenek ekoitzi zuen, eta Intern lehendabiziko abestitik bertatik erakusten zuen indie-folk kantautorearen irudia atzean utzita landu zuela. Vintage (Never Be Mine) eta rock (Shut Up Kiss Me) doinuetara gerturatu zen, baina kantu barnerakoi eta adierazkorrak (Sister, Those Were The Days) egiteari utzi gabe. Musikari berrituaren ideiak izenburuan bertan laburbiltzen ziren: «Ez naiz emakumea izateaz lotsatzen. 'Nire emakumea' disko batean esatea ez litzateke ezer zikina izan beharko. Ni neu naiz, nire bizitza egiten eta artea egiten. Horrek ez luke arazo bat izan beharko. Baina... hori al da gai nagusia? Ez, badago-eta jorratu beharreko gai sakonago bat ere: gerra, dirua, politika. Gaia, niretzat, giza konexioa da. Bestearen ikuspegia ikusi eta kontuan hartzea. Berdin du zein den edo zertan sinesten duen».

Bi urte pasatu dira My Woman-ekin ordura arte lortu ez zuen oihartzuna lortu zuela, eta hurrengo pausoak nora eramango duen ikusteko dagoen honetan, Phases-ek balio du atzera begiratzeko eta Olsen nondik datorren ikusteko. Grabazio ugari zituen gordeta, baina azkenean aukeraketa bat egin behar izan du, betiere, kantuek oraindik berarentzat duten garrantziaren arabera. «Sweet Dreams zuzenean jotzen dut askotan, eta antzera gertatzen zait Only With You eta Special-ekin ere». Bada, gainera, garai zaharretako kantu bat ere, California, Olsenek hasiera-hasieran nola abesten zuen erakusten duena. «Garai hartan, hori zen nire kantatzeko modua. Ahotsarekin probatzen nuen. Orain, hain barrokoa ez izaten saiatzen naiz. Gutxiago gehiago da. Hori da, orain, nire politika».

KONTZERTUA

Non: Donostiako Antzoki Zaharrean.

Noiz: Ostegunean, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.