Calixto Bieito. Arriaga antzokiko zuzendaria

«Ez dago ikuskizun klasikoak euskarara itzultzeko tradiziorik»

Bi urte igaro dira Calixto Bieitok Bilboko Arriaga antzokiko gidaritza hartu zuenetik. Arriaga Europako antzokien sarean kokatu nahi du Bieitok, baina argi dio bide horretan tokiko eszena eta tokiko kultura izan behar direla ardatz nagusiak.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Bilbotik Basileara bidean bizi da Calixto Bieito (Miranda Ebro, Espainia, 1963), Arriaga antzokiko zuzendaritza eta Basileako Operako zuzendaritza karguak partekatzen baititu gaur egun. Bi urte dira Arriaga antzokiaren gidaritza hartu zuela, eta orain arte egindako bidearekin «pozik» dagoela dio. Bilbokoa Europako antzokien sarean jartzeko misioa jarri zion Bilboko Udalak Bieitori; eta, eginkizun horretan ari da bidea urratzen. Asteburukoa da horren adibide: Alemanian izan zen atzo, Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuan oinarrituta antzezlana eraman baitu Stuttgarteko antzokira. Egun berean, Bieitok zuzendutako Jose Maria Usandizaga musikariaren Mendi-Mendiyan euskarazko opera emanaldia egin zuten Donostiako Kursaalean.

Arriaga antzokia Europako antzerkien mapan kokatzeko egitekoa eman zizun Bilboko Udalak kargua hartu zenuenean. Betetzen ari dela esango zenuke?

Nazioarteko programa bat egitea da nire xedea, mapan kokatuko gaituena, Europako antzerkiaren eremuan. Bi urteko programazioa egin dut jada Bilboko Arriaga antzokiko zuzendari gisa, eta uste dut bide onean goazela. Jakingura handiko pertsona naiz, eta bertako jendearekin lan egitea izan da egin dudan lehen gauza. Produkzioak biderkatu ditugu, eta saiatzen ari naiz antzokia Europako antzerkien sarean kokatzen.

Posible da bide hori egitea tokian tokiko ikusleen babesarekin??

Gauza bat esango dut: ni gehitzen ari naiz, eta ez naiz ezer baztertzen ari. Esango nuke ikusleen aldetik ere oso erantzun ona jasotzen ari garela, baina ez naiz hasiko datuak ekartzen, ez baita garrantzitsuena. Aldaketen aurrean beldurra izatea ohikoa da, baina uste dut prozesua lasaia izaten ari dela. Galderaren harira, zenbateraino egokitu daitekeen ez dakit. Argi dago Arriagak ez duela Europan dauden beste hainbat antzokiren azpiegiturarik, ezta aurrekonturik ere.

Zein funtzio ematen diozu antzoki publiko bati? ?

Nire ikuspegitik ikusleen jakingurarekin egin behar du lan antzerki publiko batek. Ikuskizunak ahalik eta eremu zabalenean antolatu behar ditu, ahalik eta jende gehien sar dadin bertara. Baina, era berean, antzoki edo areto pribatuek egiten ez dituztenak ere bultzatu behar ditu: arte garaikideko museo baterantz jo behar du antzoki publiko batek, erlikien museo batera baino gehiago. Eraman behar zaitu espero ez zenukeen lekuetara, ezagutzen ez zenituen eremu eta gustuetara. Eta, nola ez, Bilbon, eszena lokalarentzat egin behar du lan, eta baita bertako kulturarentzat ere.

Euskarazko ikuskizun kopurua areagotu duzu.

Errusian antzerkia egin dudanean, errusiarrez egin dut, eta Norvegian egin dudanean, ez dut ingelesez egin, norvegiarrez baizik. Nire lan egiteko eran sartzen da. Oro har, uste dut ez dagoela klasikoak euskarara itzultzeko tradizio handirik, eta, minorizatuak diren hizkuntzei dagokienez, beharrezkoa iruditzen zait tradizio hori sortzea. Arriagan ere saiakera hori egin dut azken produkzioekin. Niretzat Bertol Brecht idazlearen Mutter Courage und ihre Kinder euskarara ekartzea eta antzeztea oso garrantzitsua da [2020an estreinatuko du]. Areago bertako zuzendari batek gidatzen badu. Talentu eta maila handiko aktoreak daude hemen.

Talentua bai, baina bizirik irauteko sistema bat behar dute.?

Argi dago sistema batek aukera eman behar dizula horretaz bizi zaitezen. Aktore alemaniar batek edo suitzar batek, Bilboko Arriaga bezalako antzoki batean bederatzi edo hamar produkzio egiten ditu urtean. Hori formakuntza eta erritmo izugarria da. Hemengo hainbat aktorerekin hori egiten saiatzen ari naiz, ez kopuru berean, noski, ezin baitut horrenbeste produzitu, baina saiatzen ari naiz bertako eszenarekin bide hori urratzen.

Asko mugitzen zara, eta Europako hainbat antzokitan programatu duzu. Aldea nabarmena da?

Stutgartten izan gara orain, eta 800 langile daude bertan, adibidez. Horrek esan nahi du familia asko bizi direla antzokiaren bueltan. Aktore finkoak ere badituzte... beraz, pentsa. Sistema hori oso ohikoa da Europan. AEBetan ere sistema indartsua dute, baina oso bestelakoa da han, pribatua delako gehiena. Europan estatuek betetzen du egiteko hori, duela askotik datorren sistemari segika. Bilbokoari zer falta zaion? Esan beharrik ez dago aurrekontu handiagoa behar duela, baina hori ere bada etengabe errepikatzen den soinu bat. Ni ekonomian oso txarra naiz, eta ez dakit zer egin daitekeen. Baina uste dut badakigula hezkuntza oinarrizkoa dela gizartearentzat, eta kultura ere funtsezkoa dela.

Usandizagaren opera ere berreskuratu duzu.?

Mendi-Mendiyan lehen mailako opera bat da, oso-oso ona. 1910eko estreinaldiaz gain, eszenaratze bakarra dago, 1987koa, eta 2015eko kontzertua. Nik ezagutzen nuen Usandizagaren lana, baina ez nuen opera hori, zehazki, ezagutzen. Dagoen grabazio bakarra entzun eta libretoa irakurri ondoren ikusi nuen bien arteko sinbiosia izugarria zela. Hori ez da lan askorekin gertatzen, eta asko harritu ninduen. Oso melodia landuak ditu: euskal folklorearen doinuak ere baditu, baina landuta daude oso. Egin daitekeenaren eredua da Usandizaga.

Aurrera begira, zein da erronka nagusia?

Ez naiz neure buruari desafioak jartzearen oso zale. Edonola ere, erronka bat aipatu beharko banu, agertokia aipatuko nuke. Handiagoa egin eta bulegoak beste norabaitera lekualdatuko nituzke. Gainontzekoan, bide beretik jarraitzea da nire asmoa, uste baitut jendea pozik dagoela. Edonola ere, nire egitekoa ez da jendea pozik mantentzea [irriak], sortzaileei lana ematea baizik. Ezin dut sinesten ez dudan zerbaitetan aritu, eta benetan sinesten dut hemengo sortzaileen mailan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.