Cristobal Hara argazkilari eta idazlea sarituko dute BasqueDok jaialdian

Bigarren urtez egingo dute argazkilaritza dokumentalaren festibala, Bilbon, ekainaren 21etik 23ra

Cristobal Hara argazkilaria eta hainbat libururen egilea. BASQUEDOK JAIALDIA.
Erredakzioa
Bilbo
2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Argazkilaritza dokumentalaren nazioarteko izen handiak Bilbora ekartzeko asmoa du BasqueDokFestival-ek. Ekainaren 21tik 23ra bitarte egingo dute jaialdiaren bigarren edizioa, eta Bilbora gonbidatutako hainbat sortzailerenizenak jakinarazi dituzte jada: besteak beste, Cristobal Hara argazkilari eta idazlea; hura sarituko du jaialdiak aurten.

Madrilen, 1946an jaio zen Hara, eta Filipinetan, Alemanian, AEBetan eta Erresuma Batuan bizi izan zen Espainiara itzuli aurretik. Autodidakta, zuri-beltzeko irudiak hartzen hasi zuen bere ibilbidea, eta kolorearekin esperimentatzeari ekin zion 80ko urteetan. Vanitas (1999) eta Autobiography liburuengatik kritikaren txaloak eta hainbat sari eskuratu zituen, eta bere ibilbideagatik ere jaso zuen aitorpena 2016an, Bartolome Ros saria eman baitzioten. Hilaren 23an jasoko du BasqueDok saria, eta hitzaldia emango du ostean. Bezperan eta azken egunean tailer bat ere emango du.

Baina beste hainbat argazkilari ere izango dira jaialdian, eta nork bere hitzaldia emango du. Horien artean dira Darcy Padilla estatubatuarra, hiru World Press Photo sariren irabazlea; Martin Weber txiletarra, Mapa de sueƱos latinoamericanos lanagatik bereziki goraipatua izan dena; Daro Sulakauri georgiarra, txetxeniar errefuxiatuei nahiz Europa Ekialdeko ezkontza goiztiarrei buruzko lanekin ezagun egin zena; Lua Ribeira galiziarra, egun Magnum argazki agentzia historikoan lanean ari dena; Bieke Depoorter belgikarra, Magnum agentzian lanean dabilena bera ere; Carol Korting kolonbiarra, Leica Fotografie International aldizkarirako egiten duen lanagatik nazioarteko sona handiko argazki-editoreen artean dagoena; Sofia Moro espainiarra, giza eskubideak ardatz izanik erretratu editorialetan espezialista; eta Mikel Aiestaran kazetari beasaindarra, gatazka-tokietan eta bereziki Ekialde Hurbilean aditua, eta 5W aldizkariaren sortzaileetako bat dena.

Iaz bezala, Bilboko Bizkaia aretoa izango du egoitza nagusi jaialdiak. Atariko gisa, hilaren 20an,El silencio de la guerra, Damasco dokumentala aurkeztuko dute, eta emankizunaren ondoren mahai inguru bat ere egingo dute. Ondorengo hiru egunetan, argazkilari gonbidatuen hitzaldiak, eskola magistralak eta tailerrak tartekatuko dira. Eta azken egunean, sariez gain, hiru beka ere banatuko dituzte.

Ekitaldietarako sarrerak jaialdiaren webgunean daude salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.