Albistea entzun

Literatura feminista oinarri duen podcast bat sortu dute

Euskal Idazleen Elkarteak eta Azkue fundazioak sortu dute 'Ahots planeta'. Garazi Albizuak eta Idoia Carramiñanak gidatzen dute
Garazi Albizua eta Idoia Carramiñana <em>Ahots planeta</em> podcastaren grabaketan, Donostian, herenegun.
Garazi Albizua eta Idoia Carramiñana Ahots planeta podcastaren grabaketan, Donostian, herenegun. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko otsailak 20 - Donostia

«Behar dut espazioko jantzia nire gorputz gordina ezkutatzeko. Behar dut bisorea bestaldean dagoenari filtroaren bidez so egiteko». Zaratak. «Kaiola beharrezkoa dut. Beste ni-aren bilaketa zoroan nagoela, planeta honetara heldu berri naiz. Atmosfera atzerritar honen kontra jo dut, eta bat-batean heldu zaizkit bestelako ahotsak». Musika. Hala hasten da Ahots planeta podcasta. Lehen atala, bederen. Euskal Idazleen Elkarteak eta Azkue fundazioak sortu dute, Idoia Carramiñana eta Garazi Albizuaren ideia batetik abiatuta. Ulu Media ekoiztetxearen laguntzaz, euskal literatura feminista —eta beste hizkuntzetan idatzi eta euskarara itzulitakoa— agertu eta komentatuko dute hilean behin. Hileko lehen ostiralean. Entzuleak idazten jarri nahiko lituzkete, halaber, eta haien testuak audiora eraman.

Carramiñanak eta Albizuak ikastaro bat egin behar zuten, baina ez zuten topo egin orduko hartan. Formakuntza «beste modu batean» egitea pentsatu zuten orduan. Albizuak zera dio: «Feminismoak lotzen gaitu. Eta, podcastak bogan daudela eta, pentsatu genuen literatura feminista oinarri duen podcast bat sortzea, eta idazleen elkartekoei bidali genien proposamena». Ezustekoa hartu zuten, handik aurrera baiezkoak iritsi baitziren. Euskal Idazleen Elkartearena, Azkue fundazioarena eta, haren bitartez, Ulu Mediarena, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza ere bai. Lehen atala entzungai dago gehien erabiltzen diren podcast plataformetan.

Carramiñanak nabarmendu du asko eskertzen ari direla jasotako babes teknikoa. «Ulu Mediakoen laguntzarekin, soinuak sartzeak jantzi egiten du podcasta. Gidoi bat daukagu, baina haiek ukitu profesionala ematen diote. Gure gidoiak irakurri eta egokitu egiten dituzte, gainera». Xabier eta Martin Etxeberria gidoilari eta idazleak ari dira horretan. Albizuak ere haien laguntza goraipatu du: «Ulu Mediakoek esaten dizkigutenak primeran joaten zaizkie gidoiei. Gure ahots planeta hori gorpuztu egiten dute».

Podcastean literatur generoen aniztasuna tartekatuz joango direla argi dute bi esatariek. «Feminismoa oinarri den aldetik, nahi izan dugu literatura oro agertzea. Hau da, lehen atalean eleberri bat aztertu dugu, baina poesia, saiakera eta haur literatura ere landuko ditugu», esan du Albizuak. Juliana Leveille-Trudel idazlearen Nirliit eleberria aztertu dute lehen atalean —euskarara Aiora Jakak itzuli du, eta Txalapartak argitaratu du—. «Itzulpenak begiratzea ere garrantzitsua da. Eta itzultzaileen berri emango dugu». Carramiñanak azaldu du, halaber, entzule mota desberdinak erakarri nahi dituztela.

Bestetik, entzuleen idazkiak eta oharrak podcastean irakurtzeko asmoa dute. «Podcast batetik bestera hilabete bateko epea egongo da, eta ea jendea animatzen den», adierazi du Albizuak.

Gidoien lanketan gozatzen ari dira, Albizuak dioenez: «Biok irakurri dugun liburu bat hautatzen dugu, eta, gero, elkarrizketa sortzen dugu. Horretan kontu politak daude; bakoitzak gako batzuk aukeratzen ditu. Bakoitzak gauza batzuei erreparatzen die».

Bi esatariek azaldu dute «dibertigarria» dela joko horretan aritzea. «Oso gogotsu gaude, sekulako ilusioaz», esan du Carramiñanak. «Estudiora joaten garenean, bestalde, antzezpen puntu bat egoten da mikro aurrean. Hori ere jostagarria da». Donostian grabatzen dute podcasta, Irusoin ekoiztetxearen estudio profesionalean.

Bigarren atalean, poesiazaleak asetzen ahaleginduko dira. Iragarri dutenez, Leire Bilbao idazlearen Etxeko urak poema liburua (Susa, 2020) aztertuko dute. Martxoko lehen ostiralera arte itxaron beharko da.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Agnes Karrasch, Basqe Culinary Centerreko afarian, herenegun. ©BCC

Barrunbeetan kozinatzen dena

Enekoitz Telleria Sarriegi

Culinary Zinemako laugarren egunean eman dute 'She Chef' dokumentala. Agnes Karrasch bekadunak jatetxe izardunetan egindako ibilia kontatzen du. Berak eskaini du afaria BCCn.

 ©BERRIA

Bakarraren buru jana

Enekoitz Telleria Sarriegi

Jatetxe batzuk mugak ezartzen hasi dira otordua egitera bakarka doazenei. Kontrara, geroz eta gehiagok eskatzen dute otordua bakarka egitea. Tartean, jendaurrean jateari fobia diotenak ere badaude: 'solomangarefobia' dute.

 ©KANALDUDE

«Errezeta bera da, baina zapore berria eman nahi diot saioari»

Beñat Mujika Telleria

Sei urte eman zituen Crouspeyrek Euskal Irratietan, eta lehen esperientzia du telebistan, Kanaldudeko 'Harri Salda'-n. Adierazi duenez, bertako «kodeak eta moldeak» ezagutzen ari da.
Euskal bixkotxak erakusgai, aurreko ekitaldi batean, Kanbon. ©JOSEAN GIL-GARCIA

Bixkotxaren usaina

Enekoitz Telleria Sarriegi

Euskal bixkotxaren XX. jaia ospatuko dute gaur eta bihar Kanbon. Lehiaketak, tailerrak eta gastronomia ibilaldiak egingo dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...