Baserri munduko 'reality' bat, 'Herri txiki'-ren lekukoa hartzeko

ETB1ek gaur gauean estreinatuko du 'Baserria'. Hamar baserritar eta hamar kaletar arituko dira lehian. Klaudio Landak aurkeztuko du

Bi talde lehian arituko dira ETB1eko reality-aren probetan. Bederatzi atal izango ditu saioak. JON ABASOLO.
urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Euskarazko reality berri bat ikusi ahalko da gaurtik aurrera Euskal Telebistan, bederatzi igandez. Herri txiki, infernu handi saio arrakastatsuak aurreko igandean bukatu zuen denboraldia, eta haren ordutegia beteko du Baserria-k ETB1en. 22:00etatik 23:00etarako tartea, alegia.

Orio Produkzioak eta Prime Time Media ekoiztetxeak elkarlanean aritu dira saioa grabatzeko. Klaudio Landak aurkeztuko du programa. Jon Abasolo da zuzendaria, Aitzol Barandiaranek lagundu dio gidoietan, eta errealizazioaren ardura Xabier Zapirainek izan du. «ETBk nahi zuen reality bat adin guztietako ikus-entzuleentzat erakargarria izango zena. Eta Baserria edonork ikusteko modukoa da», iragarri du Abasolok.

Saioko protagonistak hamar baserritar eta hamar kaletar izango dira. «Baserritar bakoitzak bere morroia izango du, eta morroi lanetan kaletarrak arituko dira», azaldu du saioko zuzendariak. Beraz, bikote bakoitza baserritar batek eta kaletar batek osatuko dute.

Lehenengo egunean hamar bikoteak bi taldetan banatuko dituzte: goienetxeatarrak eta bengoetxeatarrak. Astero, bi taldeek elkarren artean neurtuko dituzte indarrak, proba nagusi batean. «Auzolan proba deitu diogu horri».

Auzolan probaren ostean, bi taldeek Negutegian parte hartuko dute. Han jakingo da zein diren «desafio probara» joateko arriskuan dauden hiru bikoteak. Klaudio Landarekin batera, Patxi Larretxea eta Cristina Saralegi baserritar adituek erabakiko dute zein bikote joango diren desafio proba horretara.

Desafio probaren hasieran, lehen bikote izendatuak lehiarako bere bikote aurkaria aukeratuko du, eta hirugarren bikotea baserrira itzuliko da, eta arriskutik kanpo gelditu. Kanporatze proba galtzen duen bikotea etxera itzuliko da proba amaitu eta gero. Aste bakoitzean bikote bat kaleratuko dute, horrenbestez.

Taldekako proba, auzolan proba, oso garrantzitsua da, programako arduradunen arabera, hiru bikote egongo direlako arriskuan. Gainera, galtzen duen taldeak elkarbizitza gogorragoari aurre egingo dio, baserri inguruko zelai batean dagoen txabola batean egin beharko duelako lo. Aterpea bai, baina ezer gutxi gehiago aurkituko dute barruan partaideek. Sua egin beharko dute, eta jateko gauza askorik ez dute izango;beraz, ez zaie erraza egingo indarberritzea.

Aldiz, proba irabazten duen taldeak baserriaren erosotasunaz gozatzeko modua izango du. Gautegiz Arteaga herriko (Bizkaia) Baratze baserri eskolan egin zituzten grabaketak, eta hango parajeak azalduko dira saioan.

Talde bakoitzean bost bikote egongo dira. Baina bikote bakarra izango da final handian saria irabaziko duena: 6.000 euro (3.000 bikotearen lehiakide bakoitzarentzat).

Errealizazio«oso osatua»

Abasolok, era berean, nabarmendu du osagarri erakargarriak izango dituela programak ikus-entzuleentzat. «Errealizazio aldetik, saio oso osatua da. Ez zen erraza izan, baina ikusgarria izango da probei adi kasu egitea». Probetan, lehiakide bakoitzak kamera bat izango du gainean.

Klaudio Landak —gauero Eztabaidan saioa aurkezten du ETB1en— formatu berria izango du Baserria, bidenabar. «Baina aurkezleak asko disfrutatu du esperientziarekin, eta hori ikus-entzuleek nabarituko dute», esan du Abasolok.

Programako zuzendariak gaineratu du ez dela soilik lehia ikusiko edo lehiaren «alderik ilunena», bederen. Elkarbizitzaren pasarte asko ikusiko dira. «Une hunkigarriak eta dibertigarriak egongo dira. Elkarbizitzaren alderik gozoena ere azalduko da saioan».

Euskal Telebistak itxaropen handia jarri du programan eta ondo funtzionatuko duela uste du. Hala esan diote Abasolori. «Telebistari bigarren denboraldi bat egitea gustatuko litzaioke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.