Jaurlaritzak 12 irrati libreren eskaerak bidali ditu Madrilera

Irratiek legezko frekuentzia eskatu dute, lege berriak zabaldutako atea baliatuz. Espainiako Gobernuaren erantzuna jasotzea falta da orain

Zarauzko Arraio irratiko bi esatari, gaztetxe berrian, urtarrilean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Litekeena da Euskal Herriko hainbat irratik legezko frekuentzia bat lortzeko aukera izatea datozen hilabeteetan, eta, prozedura horretan, lehen pausoa eman dute. Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokor berriaren hirugarren xedapen gehigarriak zabaldu zuen iaz atea, bertan jasotzen baita irrati eta telebista zerbitzu komunitario eta libreek frekuentzia bat lortu ahalko dutela.

Baina kontua ez da egun batetik bestera gauzatuko. Lehenbizi, irrati libreek eskaera bat bidali behar zuten erkidego bakoitzaren gobernura. Urtarrilaren 9a zuten horretarako epea. Arrosa sareko hainbat irratik egin zuten eskaera. Orain, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Madrilera bidali dituzte eskaerak. Espainiako Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioaren erantzuna falta da, eta litekeena da Madrilek irratiei txosten teknikoak eta homologazio zehatzak eskatzea.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika Saileko iturriek azaldu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskaera egin duten irratietatik soilik bi gelditu dira kanpoan, «baldintza objektiboak betetzen ez zituztelako». Beste hamabi irrati hauentzat, berriz, frekuentzia eskaera igorri dute Madrilera: Hala Bedi irratia (Gasteiz), Siberia-Gasteiz irratia (Gasteiz), Open Communication (Bilbo) —lehen Candela Radio zena, eta orain Activate FM—, Bidea irratia (Bilbo) —kristaua da, adbentistena— , Bilbo Hiria irratia, 97 irrati librea (Bilbo), Herri Irratia (Bermeo eta Bilbo), Antxeta Irratia (Irun eta Hondarribia, Gipuzkoa), Zintzilik irrati librea (Errenteria, Gipuzkoa), Arraio irratia (Zarautz, Gipuzkoa) eta Tolosaldeko Ataria irratia (Gipuzkoa) .

Eusko Jaurlaritzari dagokio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irrati bidezko zerbitzu komunitarioetarako irrati maiztasunen espektroa erreserbatzeko eskaera Espainiako ministerioari bidaltzea, eta hala egin dute aste honetan bertan. «Beharrezkoa da argitzea Jaurlaritzak ministeriora eskaera bidaltzeak ez duela esan nahi irrati horiek lizentzia eskuratu dutenik. Ministerioaren erantzuna falta da, eta erantzun horri itxaron egin beharko diogu prozesua ixteko», azaldu dute Jaurlaritzakoek. Gainera, esan bezala, txosten tekniko eta homologazioei aurre egiteko, irrati batzuek gastu ekonomikoak izango dituzte, eta gerta daiteke zenbaitek horri aurre egiteko aukerarik ez izatea.

Nafarroako Gobernuak ez du jakinarazi zein irratiren eskaerak bidali dituen. Jakina da Iruñeko Eguzki irrati libreak lizentzia eskuratzeko eskaera egin duela. Baina, aldi berean, Eguzki irratiak abenduan salatu zuen lege berriak ez duela bermatzen irrati libre eta komunitarioek lizentzia eskuratzea: «Administrazio guztiek, estatukoak edo autonomikoak izan, ez diote inolako irtenbiderik eman gure egoerari. Aurreko legearekin bezala, baliteke dena ezerezean geratzea, ez baita irrati komunitarioentzat eremu propiorik gordetzen». Kritika gogorrak egin zituen Iruñeko irrati libreak.

Lizentzia banaketen ajeak

Euskarazko irrati txikiek makina bat zailtasun izan dituzte azkeneko urteetan lizentziak lortzeko. Luze jo zuen Euskalerria Irratiaren aferak Nafarroan, adibidez.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, lizentzia banaketa bat egin zen 2012. urtean, baina orduko hartan ere izan ziren gorabeherak. Bilbo Hiria irratia lizentziarik gabe gelditu zen, eta puntuetan aurretik gelditu eta lizentzia lortu zuena SER katearen irrati bat izan zen: Dial Bilbao. Euskarazko proiektua aurkeztu arren, gaztelania hutsean emititzen du egun. Getxon (Bizkaia), bestetik, 105.6 MHz frekuentziarako berariazko lehiaketara deitu zuen Eusko Jaurlaritzak 2021ean, 2012ko lehiaketan lortua zuenak uko egin ziola eta. Lehiaketa berria SER katearen enpresak irabazi du, euskara hutsezko proiektu batekin. Euskaraz ari diren proiektuei bidea itxi zien SER-ek 2012ko lehiaketan, eta ez dago zantzurik baieztatzeko Getxoko frekuentzian euskarazko irrati bat martxan jarriko ote duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.