'Autentikoak' saioa kenduko du ETBk, estreinatu eta zazpi astera

Ostegunean emango du ETB1ek azkeneko atala. Fermin Etxegoienek eta Mikel Pagadik aurkeztutako saioak %1,36ko kuota izan du

Fermin Etxegoien eta Mikel Pagadizabal, Autentikoak programako aurkezleak. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ikusle datu txikien eraginez, Autentikoak saioarenak egin du. ETB1ek ostegunean emango du zazpigarren atala, azkenekoa, eta ez dute gehiago egingo. Beñat Ibarbia Orio Produkzioak etxeko ekoizle eta programako ekoizle eragilearen arabera, bi arrazoi nagusi egon dira ETBk proiektua amaitutzat emateko: «Lehenik, ikusle datuak, eta, bigarrenik, helburu genuen tonura ez garela iritsi». ETBko zuzendaritzak esan duenez, «bere zikloa bete du» Autentikoak programak: «Ekainaren amaieran bukatzeko asmoa genuen, baina bukaera hori apur bat aurreratu dugu. Hain justu, ekainaren 13an Katebegia saioaren barruan futboleko Espainiako Ligako bost euskal entrenatzaileen inguruko erreportajea emango du ETB1ek. Eta hilaren 20an, Gure Kasa-k 300 saio betetzen dituela-eta, programa berezia egingo dugu ordutegi horretan».

Autentikoak saioaren estreinaldiak %1,8ko ikusle kuota bereganatu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta hurrengo atalak hortik behera ibili dira. Sei atal horien batezbestekoa %1,36 izanda.

Ibarbiak lantaldearen ahalegina nabarmendu du: «Late night formatu bat garatzen saiatu gara, elkarrizketetan oinarrituta eta tonu heldu batean». Balorazio ona egin du, zazpi astez soilik iraun badu ere. «Pena da, ez dugulako late night-eko edukiak garatzeko denbora gehiago izan». ETBk argi utzi du udazkenean Autentikoak-ek ez duela jarraituko. «Lantaldeak lan ona egin du. Eskarmentu handiko lantaldea da, eta lan txukuna egin dute. Lantalde hori laster ikusiko dugu ETBko beste proiektu batzuetan, eta beste saio batzuk egiten», gaineratu du telebistaren zuzendaritzak.

ETBk euskarazko beste late night bat egiteko asmoa du, eta beste ekoiztetxe bat horretan lanean hasia da. Ez dute iragarri noiz estreinatuko duten. «Oraindik, datorren denboraldiko programazioa antolatzen eta lantzen ari gara, eta ezin dugu asko aurreratu», adierazi du ETBko zuzendaritzak.

Ibarbiak esan du Orio Produkzioak ekoiztetxeak ere nahiko lukeela late night formatuan beste ahaleginen bat egin. «Bereziki gozatzen den formatu bat da, eta beste aukera bat izateko lan egingo dugu».

Autentikoak saioko azkeneko atalean, datorren ostegunean, honako hauek izango dira gonbidatuak: lehenbizi, Moriarti ekoizpen etxeko Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zinemagileak, eta, azkenik, Mikel Aiestaran kazetari eta Ekialde Hurbileko berriemailea.

'Herri txiki'-k jarraituko du

Miramongo errealizazio kontrol gela berri bat erabili dute asteotan Autentikoak saioa egiteko. Irailean jarri zuten martxan areto hori, eta, gaur egun,ETB2ko arratsaldetako programetarako erabiltzen dute. Autentikoak kendutakoan, euskarazko ekoizpenik ez dute egingo gela horretan.

Mikel Pagadizabalek Miramongo platoak utziko ditu, oraingoz, baina udazkenean herri batetik bestera ibiliko da Zuhaitz Gurrutxagarekin batera. Izan ere, Ibarbiak iragarri du Herri txiki, infernu handi-k jarraipena izango duela. Seigarren denboraldia izango du saioak. «Horretaz gain, baditugu hainbat proiektu garatuak, eta beste batzuk pentsatzen ari gara», esan du Orio Produkzioak ekoiztetxeko arduradunak.

Herri txiki, infernu handi-ko atal berriei heldu aurretik, Gurrutxagak Handitzen, handitzen saioarekin jarraituko du. Gaur gauean, esate baterako, Gure Zirkua bisitatuko dute Gurrutxagak eta bost neska-mutikok. Iker Galartzak zirkua nola sortu zuen kontatuko die, eta gainontzeko artistekin egoteko aukera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.