Noiz sortua: 2019-04-14 00:30:00

Gurrutxaga eta Pagadizabalen eskutik, kimu berriak ETB1en

Mikel Pagadizabalek 'Autentikoak' gidatuko du ETB1en, Fermin Etxegoienekin batera. Zuhaitz Gurrutxaga haurrez inguratuko da
Mikel Pagadizabalek <em>Autentikoak</em> aurkeztuko du, eta Zuhaitz Gurrutxagak <em>Handitzen, handitzen</em>.
Mikel Pagadizabalek Autentikoak aurkeztuko du, eta Zuhaitz Gurrutxagak Handitzen, handitzen. ETB Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2019ko apirilak 14

Herri txiki, infernu handi saioko aurkezleek zale ugari dituzte ETBko ikusleen artean. Euskal Telebistak konfiantza du Mikel Pagadizabalen eta Zuhaitz Gurrutxagaren dohainetan, eta datozen asteetan bi saio berritan arituko dira: Autentikoak eta Handitzen, handitzen. Aurrenekoan Pagadizabalek Fermin Etxegoien izango du alboan, eta elkarrizketak, aktualitatea eta umorea izango dituzte ardatz. Bigarrenean, Gurrutxaga haur talde batekin ibiliko da astero, haiei askotariko ofizioak erakusteko helburuarekin.

Herri txiki, infernu handi-ko zuzendari Luis Oiartzabalek zuzenduko du Autentikoak ere. Iragarri duenez, platoan grabatuko duten saio bat izango da. Ostegunetan emango du ETB1ek, 22:30ean. «Pagadizabal eta Etxegoien ez dira bakarrik egongo. Ondoan izango dute kolaboratzaile talde bat». Platoan publikoa egongo da, eta «formatu erakargarri bat» egiten saiatuko dira. «Funts nagusia da etxeko ikuslearentzat erakargarria izango den saioa sortzea. Bizia, elkarrizketa interesgarriekin eta umoretsua», esan du programako zuzendariak. Okerrik ezean, hilaren 25ean estreinatuko dute. Oiartzabalen arabera, Pagadizabalek «ohikoa duen umore azidoari» eutsiko dio, baina saio berrian «beste hainbat aldarte ere azaleratuko ditu».

Maiatzaren 5ean, berriz, Handitzen, handitzen saioa iritsiko da ETB1era. Gurrutxagak eta haur talde batek hainbat ofizio ezagutuko dituzte, eta bisita bakoitzean gonbidatu bereziak egongo dira. «Helduen mundua haurren begirada ikusnahitik eta inozentetik ikusiko dute», iragarri du Oiartzabalek. «Elkarrizketak reality-a eta jendaurreko ikuskizunak tartekatuko ditu; saio bizi eta entretenigarria izango da. Izan ere, amaieran ikuskizun bat egongo da; bertan, haurrak eta gonbidatuak elkartuko dira, une hunkigarriak sortuz». Gurrutxagaren eta haurren arteko harreman berezian oinarrituko da neurri handi batean Handitzen, handitzen programa berria. «Orain arte ez bezala, neska-mutikoekin ondoz ondo ikusiko dugu aurkezlea, bere elkarrizketatzaile eta umorista sena alde batera utzi gabe». Handitzen, handitzen saioaren zuzendaria Aitzol Barandiaran izango da.

'Herri txiki'-ri atsedena

Autentikoak eta Handitzen, handitzen iritsi aurretik, Herri txiki, infernu handi saioak bosgarren denboraldia bukatuko du gaur, 22:00etan. Ikasturteko azkeneko abenturan, Azkainera (Lapurdi) joango dira Gurrutxaga eta Pagadizabal. Besteak beste, Jean Pierre Cachenat apaiza, Maite eta Daniel Salaberri senar-emazteak, Pierre Ohyanto II. Mundu Gerran egondakoa eta Andree Ithurria organo jotzailea ezagutuko dituzte.

Oiartzabalek esan du lantaldea «pozik» dagoela aurten lortutakoarekin: «Oso ondo joan da aurten ere. Abuztuan hasi eta orain arte, 26 herritan egon gara. Jendearen harrera oso ona izan da, herritarrak oso abegikorrak izan dira saioarekin, eta haien maitasuna sentitu dugu». Aurreko denboraldiarekin alderatuta, saioaren ikusle datuek apur bat egin dute beherantz, baina ez gehiegi: 2017/2018 denboraldian, %5,6ko ikusle kuota bereganatu zuen —euskaldunen artean, %14,3koa—. Aurten, gaurko atalaren faltan, %4,7ko ikusle kuota lortu du programak. «Orokorrean, datu zinez onak direla uste dugu», esan du Oiartzabalek.

Saioko zuzendariari iruditzen zaio formatua ez dagoela agortuta eta herri gehiagotara joateko aukera izan dezaketela. «Euskal Herria oso zabala da, eta jakin badakigu herri batzuk gogoz daudela Herri txiki-ren bisita hartzeko. Gainera, herriez gain, auzoak, bailarak eta beste egitura batzuk bisitatu ditugu eta bisitatuko ditugu. Formula bilatzea da kontua».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du bihar Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta horren truke Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Jaurlaritzak bihar eskatuko du ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea.

 ©BERRIA

Kulturgintza: eutsi ala hautsi

Iñigo Astiz

Koronabirusaren hedapenak ziurgabetasun handia eragin du aurrez ere prekaritateak gogor jotako sektore batean: kulturgintzan. Sorkuntza ere krisi honi aurre egiteko moduan dagoen jakiteko, lau sortzaile elkarteren zuzendaritzako kideak bildu ditu BERRIAk: Eneritz Artetxe (Ehaze), Garbiñe Ubeda (Euskal Idazleen Elkartea), Aitor Bengoetxea (Musika Bulegoa) eta Igor Elortza (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna