Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna. Mertxe Aizpurua. EH Bildu

«Eskuinak, herri honetan, ez du ezer ordezkatzen»

Helburu guztiak beteta, «oso gustura» agertu da EH Bilduren Gipuzkoako hautetsia. Kataluniako eta Galiziako alderdi subiranistek lortutako emaitzak ere azpimarratu ditu.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Hauteskunde biharamuna gozoa izan da EH Bildurentzat. Eserleku bat gehiago lortu du, eta ia 17.000 boto hazi da. Alderdi subiranisten «indarra» ere azpimarratu du Mertxe Aizpuruak (Usurbil, Gipuzkoa, 1960). Bada, ordea, gaua ilundu zuen emaitza bat ere: eskuin muturraren igoera.

Nola baloratzen dituzu EH Bilduk lortutako emaitzak?

Oso pozik gaude, oso positiboak izan direlako. Abstentzioa igo arren, 17.000 boto gehiago lortu ditugu; bost ordezkari izango ditugu Espainiako Kongresuan, eta bi senatuan. Gainera, Hego Euskal Herriko pisuzko alderdien artean, igo den bakarra gara, eta guk soilik izango dugu ordezkaritza lau herrialdeetan. Jarritako helburu guztiak lortu ditugu.

Emaitza horiek lortzea espero al zenuten?

Horren bila gindoazen, baina beti daukazu zalantza abstentzioak nola jokatuko duen. Baina lortu dugu, eta hori da inporta duena.

Kanpainan zehar helburutzat izan duzue Araban eta Nafarroan ordezkaritza lortzea.

Hori lortzeak poztasun berezi bat eman digu. Batetik, gure botoen bidez, eskuinari berriro ezetz esan zaio. Euskal herritarren lorpen bat da PPk hautagairik ez izatea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bestetik, Bel Pozueta Madrilera eramateak izugarrizko balorea du. Izan ere, injustiziaren aurkako borroka hori harengan islatzen da. Gaur egun, oso beharrezkoa da, erakusten duelako zer egoeratan bizi garen herri honetan.

Zertara zoazte Madrilera?

Herri honen eta herritarren interesak defendatzera; besteak beste, autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea. Gainera, orain gehiago izango gara, Llotja de Marreko adierazpeneko alderdiek ordezkari gehiago lortu baitituzte. Guztira, 29 diputatu izango gara, eta indartuta ateratzen da Llotja de Marren planteatutakoa. Akordio hori da Madrilera eramango duguna; izan ere, bi milioi boto eskuratu ditugu, eta horren ordezkari ere bagara.

Zenbateko garrantzia du Llotja de Marreko adierazpenak?

Izugarria. Gaur egun, 78ko erregimena krisi larrian dago, eta hori ere erakusten dute emaitzek. Hori ikusirik, bi aukera daude: eskuinari bide ematea edo demokratizazio agenda martxan jartzea. Agenda hori Llotja de Marren sinatutakoa da, eta aintzat hartu beharko dute. Guri, berriz, izugarrizko indarra eta kemena ematen digu Madrilen aritzeko.

Espainian, eskuin muturrak hazkunde handia izan du. Zer eragin izan dezake Euskal Herrian?

Ezer onik ez. Badakigu muturreko eskuin horrek zer dakarren. Hala ere, Euskal Herrian ez dute atera diputaturik, eta hori eskertzekoa da. Badakigu zer jarrera eramango dituen Voxek. Gure lana izango da horri aurre egitea, eta, gero eta gehiago garenez, indartuta goaz Voxek dakarren guztiaren aurka egiteko.

Espainiako eskuinak ez du ordezkaritzarik lortu EAEn, eta bi eserleku izan ditu Nafarroan. Zer uste duzue horren inguruan?

Nafarroan eskuinak duen tradizioa haustea pixka bat gehiago kostatzen da, urte askoan oso sartuta egon direlako agintean. Hala ere, uste dut pixkanaka buelta emango zaiola.

EAEn, berriz, poztekoa eta eskertzekoa da bat bera ere ez lortzea. Berriro ere irakaspen ederra eman da, herri honetan ez dutelako ezer ordezkatzen.

Madrilen zein alderdik jasoko du zuen babesa eta zein baldintza bete beharko dituzte?

Badirudi PSOEk daukala gobernua osatzeko ardura. Kezkatuta begiratu diogu Pedro Sanchezen eboluzioari; izan ere, duela hilabete batzuk aurrerakoiagoak izan zitezkeen ideiak defendatzen bazituen ere, kanpainaninboluzioaren aldeko jarreranabaria izan du. Hala ere, afera ez da zein dagoen gobernuan, baizik eta zein egitasmorekin osatuko den gobernua. Eskuineko babesarekin edo abstentzioarekin ez du gure botorik edo abstentziorik edukiko. Demokratizaziorako agenda bat onartzen bada, hor egongo gara,baina, bestela, parean edukiko gaituzte.

Alderdi independentistak legez kanpo uzteko aukera ere aipatu da. Horrek zer bide egingo duela iruditzen zaizu?

Ikusi beharko da, baina hor erretratatuko dira Unidas Podemos eta PSOE ere. Faxismoari aurpegia jarri behar zaio; ez da gutxietsi behar, eta haren aurka borrokatu behar da. Zentzu pixka bat geratzen bada, horren kontra egingo dutela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.