Laukoaren gizarte politikei eutsiko diete Nafarroan

Gizarteratze neurrietan «sakondu» nahi duela adierazi du Maeztu kontseilariak parlamentuan

Mari Carmen Maeztu, kargu hartze ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak gizarte eskubideen alorrean bultzatutako zenbait neurrirekin kritiko azaldu zen PSN iragan legealdian; besteak beste, errenta bermatuarekin edota mendeko pertsonei zuzendutako prestazioekin. Gobernura iritsita, ordea, ez dirudi Eskubide Sozialetako kontseilari Mari Carmen Maeztuk —PSNk berak izendatu zuen kargurako— norabidea aldatzeko asmoa duenik. Aitzitik, azken lau urteotan urratutako bidean «sakontzeko» prest agertu zuen atzo, parlamentuan eginiko agerraldian.

Maeztuk «egokitzat» jo zuen Miguel Laparra kontseilari ohiak eginiko lana, eta iragarri zuen segida emanen diela joan den legealdian martxan jarritako zenbait proiekturi. Kontseilariak, gainera, «elkarrizketa eta elkarlana» eskaini zizkien talde parlamentario guztiei, «zerbitzu sozialetako politikak hobetze aldera». Lehentasun gisa aipatu zuen, besteak beste, «kalitatezko enplegua bultzatzea» eta «gizarteratze politikak indartzea», batez ere bazterketa egoeran diren pertsonen eta familien kasuan.

Enpleguaren alorrean, Maeztuk esan du «funtsezkoa» dela 2020-2024 aldirako enplegu plana martxan jartzea, Maria Txibite lehendakariak aurreko astean iragarri zuen bezala. Gizarte zerbitzuei dagokienez, departamentuak lehen arreta eta oinarrizko zerbitzu sozialak indartzeko helburua du: alde batetik, «eredu komunitario eta hurbilago bat» sustatuko dute, «pertsonen beharrak lehen lerrora ekarrita»; bestetik, elkarlana bultzatuko dute gobernuko beste zenbait departamenturekin; besteak beste, Hezkuntzarekin, Osasunbidearekin, Enpleguarekin eta Etxebizitzarekin.

Maeztuk prebentzio lanaren garrantzia ere nabarmendu zuen atzoko batzordean: «Orain arte, gure lanaren ardatz nagusia izan da bazterketak eragindako kalteak konpontzea, baina arazoaren erroetara jo behar dugu. Kalteak arintzea ongi dago, baina eraginkorragoa da zergatiak garaiz detektatu eta prebenitzea».

Elbarritasunak, mendekotasun egoerak edota buruko gaitzak dituzten pertsonen eta bazterketa egoeran direnen autonomia handitzeko neurri sorta bat ere iragarri zuen kontseilariak. Esaterako, desgaitasun klaseren bat duten pertsonen eskubideak bermatzeko foru legea prestatzen hasiko da gobernua. Gizarte Zerbitzuetako Plan Estrategikoa ere buruan du.

Legeak eta inbertsioak

Martxan jarriko dituzten neurri zehatzen artean, bi foru lege berri azpimarratu zituen Eskubide Sozialetako kontseilariak: batetik, haur eta nerabeen arretarako lege integrala landuko dute; bestetik, pobrezia energetikoari aurre egiteko foru legea. «Gure lehentasunetako bat da Nafarroako pertsona guztiek, eta, bereziki, familiek eta gazteek, bizi proiektua garatzeko aukera izatea». Horiek aurrera eraman ahal izateko, finantzaketa ere handituko du Nafarroako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.