Pastor
DARWIN ETA GU

Tourra eta Clark Kent

2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Eskerrik asko, txirrindularitza; eskerrik asko, Tourra. Zuengatik izango ez balitz, Kigalin, Kuala Lumpurren edo Liman ez lukete Euskal Herria ezagutuko. Helsinkin ere ez, akaso. Egun badakite Europan herri zahar bat badagoela, Pirinioetako bi aldeetan dantzatzen dena. Eta orain, zer egin behar dugu?

Bai, pozgarria da munduak gure berri jakingo duela ikustea, nahiz Tour kapitalistari esker izan den —zenbait lagunek horixe kritikatu dute—. Inor dago kontraesanik gabe? The Queen hil zenean dolu eguna ezarri zuten gure Kuba Cubita maitagarrian. Ezin nuen sinetsi. Zerbait galdu dut? Elizabeth II.a komunista mozorrotu bat zen eta gaztetatik miresten zituen Cambridgeko bostak, Sobietar Batasunaren aldeko espioi haiek? Erreginak zerbait egin zuen inoiz AEBen politika kriminalaren kontra? MI6ko agente bat bidali zuen Miamira, gusanera-ren aurka borrokatzera, James Bonden antzera?

Doluaren arrazoi ofiziala emakumeak Kubarekin izan zuen «errespetuzko erlazioa» izan zen. Hori jakinarazi zuen Habanak. Europa mendebaldeko kapitalismo basatiena eta kolonialismoa garatu zituen estatuaren ordezkari gorenari gorazarre? Ez dakit. Pentsatzen hasi eta esplikazio bakarra begitandu zitzaidan: zer herritatik hartzen ditu Karibeko uharte handienak turista gehien? Erresuma Batutik? Ez. Espainiatik? Ez. Kanadatik. Eta Elizabeth II.a bertako estatuburua ere bazen. Habanaren keinu diplomatikoa turismoaren bidez diru gehien ematen dion herri kapitalistari? Ai, compay!

Pozgarria ez ezik, tristea ere bada Tourrarena. Halako kirol festa izugarri baten zain egon behar dugu euskaldunok geure herria ezagutarazteko? Osteguneko aurkezpenean normaltasun osoz entzun zen euskara Bilbon. Jende asko elkartu zen eta inork ez zuen «habla en cristiano» edo «erdaraz, mesedez» esan. Bakea. Hala ere, amorratzen hasi dira gure unionista amorratuak. Zergatik eta 60.000 ikurrin izango direlako gure kaleetan lasterketa bitartean. Kirol nazionalismoa, soilik herri txikien tresna. Ez, ordea, Madril edo Parisko aberririk gabeko herritar unibertsalena. Zenbat bandera frantziar ikusiko dira Tourreko azken etapan? Zer neurri izango du Frantziako hiriburuan ipiniko duten zapiak?

Mindu dira kazetari espainiarrak. «Ongi Etorri Euskal Herrira», oihukatu zuen Xabier Usabiagak Bizkaiko hiriburuan. Zer esan behar zuen? Ongi etorri Espainiara? Beste alde batetik, Iñigo Urkulluk ez ditu Francok berrezarritako monarkia eta Pedro Sanchez presidentea gonbidatu. Hori diote. Hobeto. Behintzat, txistu zaparrada saihestuko dute.

Utz biezagute lauzpabost egunez Tour kapitalista zikinak ematen digun aukera ilusioz gozatzen, geure amets laburrak bizitzen. Hori ere zapuztu nahi digute? Beraiek, espainiarrek eta frantsesek, 365 egun dituzte urtean haien nazioa goratzeko; agerkeria barik azaltzen segitzeko —ez dute behar—; mundu osoan haien kultura eta hizkuntza hedatzeko, inoiz, inon, inori barkamenik edo baimenik eskatu gabe. Oraingo urtean eta hurrengokoan, ez 30 urtean behin.

Ez pentsa espainiarren nazionalismoa soilik zenbait faxistaren gogoan dagoenik. Nonahi dugu, ezker eta eskuin. Galdetu Guadalajara aldeko herritar txupiguay bati, nazio aniztasunaren kontzeptuarekin bat egiten duenari, bere nazioaren mapa marrazteko. Silueta, besterik ez. Francoren garaiko lurralde bera azalduko du haren arte lanak, Katalunia, Euskal Herria eta Galizia barne. Nazio horiek desagertu egingo dira gure lagun ezkertiarrak Espainiaren mapa sortzen duenean.

Halaxe kontuak. Guk Tourra baino ez dugu. Edo Superman: Space Age komikiko mapan Euskal Herria 60ko urte haietan herri independente gisa egotea, Espainia eta Frantziaren kateetatik libre —eta ETA jakin gabe—. Kontsolamendu merkea, bai. Fikzioa. Badakigu Clark Kent jauna ez zela benetan gu askatzera etorri. Ez gara hori pentsatzeko bezain inozoak, baina komikiarena bezalako albisteek poztu egiten gaituzte. Zer egingo diogu, ba. Amestea ere debekatuko digute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.