«Politikatik aldendutako» hizkuntz politika nahi du Txibitek

Lehendakariak dio Auzitegi Nagusiaren epaiak ez dituela lanpostuak kolokan jarriko. PSNk kontsentsua nahi du, «legea oinarritzat hartuta»

Maria Txibite, Foruzaingoaren eta Espainiako Poliziaren buruek inguratuta, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
«Kontsentsu zabalak», «errealitate soziolinguistikoarekiko errespetua» eta euskararen inguruko neurriak «eztabaida politikotik aldentzea». Horiek dira, Maria Txibite lehendakariaren esanetan, Nafarroako Gobernuak aintzat hartuko dituen gidalerroak, hizkuntza politikaren esparruan. Txibitek legebiltzarrean eman zituen azalpenak, atzo, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren azken bi ebazpenek euskararen dekretua edukiz hustu ostean. Navarra Suma koalizioak eskatu zuen lehendakariaren agerraldia.

Euskarari «merezi duen errespetua» adierazteko eta «eztabaida politikoetatik ateratzeko» nahia agertu zuen Txibitek. Hori dela eta, «interes alderdikoien gainetik, kontsentsua» galdegin zien gainerako talde parlamentarioei: «Nafar guztion ondasuna da, eta zaindu, bultzatu eta herritarren esku jarri behar dugu, ikasia eta erabilia izan dadin, herritar bakoitzaren erabaki askea oinarri gisa hartuta».

Hala ere, muga ere jarri zion lehendakariak asmo horri: gaur egun indarrean den Euskararen Foru Legea. «Hori izanen da gure oinarrizko araua, eta, edozein aldaketa egitekotan, kontsentsu zabal baten bidez etorri beharko du, Foru Hobekuntzak ezarritakoaren arabera».

Euskara administrazioan arautzeko dekretua edukiz hustu duten bi epaiei dagokienez, lehendakariak «lasaitasun mezua» helarazi nahi izan die azken oposizioetan eremu ez-euskalduneko edo mistoko lanpostu bat lortu zutenei: «Prozesuak behin betikoak dira, eta postua lortu zuten pertsonek ez dute zeren beldur izan. Ziurtatua dute lanpostua».

Helegitea, airean oraindik

Talde politikoen txandan, Navarra Suma koalizioko bozeramaile Javier Esparzak sententzien aurka helegiterik ez jartzeko eskatu zion lehendakariari: «Zirt edo zart egin behar duzu: UGTren aurka jarri, ala Geroa Bai eta Bilduren aurka; herritarren eskubideen alde, ala hizkuntza politika nazionalista eta baztertzailearen alde». Eskua luzatu zion Txibiteri, hizkuntza politika «zentzuzko» bat adosteko.

Helegiteak ez aurkeztearen alde azaldu zen PSNko Ramon Alzorriz ere, baina aitortu zuen gobernua ez duela bere alderdiak soilik osatzen, eta «gogoeta» egin beharko dutela gainerako bazkideekin batera.

Hain zuzen, ebazpenen aurka azaldu dira PSNk gobernuan bidelagun dituen taldeak, eta helegiteak aurkeztera premiatu dute lehendakaria. Geroa Bairen izenean, Uxue Barkosek esan zuen aurrekari kezkagarria ezar dezakeela auzitegiaren jarrerak: «Sententzia horrekin, atzera bota daiteke edozein lan deialditarako meritu proposamena, ez soilik euskararena». Barkosen esanetan, epaiek auzitan jarriko lituzkete UPNk sinatutako hainbat dekretu ere: «Administrazioak dituen gaitasunak apaltzeko joera igartzen zaio sententziari».

EH Bilduko Bakartxo Ruizek egin zion kritika gogorrena lehendakariari. Haren esanetan, «sinesgarritasun arazo bat» du Txibitek: «Voxeko Ortega Smithen alboan manifestatu zen PSN Iruñeko kaleetan euskararen kontra. Sektore erreakzionarioenak elikatu dituzue, eta orain zaila da atzera egitea». Kontsentsu zabalei buruz ere galdetu zion Ruizek: «Norekin lortu nahi dituzue kontsentsu horiek? UGTrekin eta Navarra Sumarekin? Adostasunerako baldintza bada gaur egungo Euskararen Legea eta zonifikazioa betikotzea, guk ez dugu horrekin bat eginen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.