INDUSTRIA, ENERGIA BILA

Azken bi hamarkadetan, Hego Euskal Herriko lantegi askotan kogenerazio plantak jarri dituzte, behar duten energiaren parte bat beraiek ekoizteko, baina gasaren neurrigabeko prezioak ezbaian jarri du teknologia horren etorkizuna

INDUSTRIA, ENERGIA BILA.
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Garbiagoa, eraginkorragoa eta buruaskiagoa. Industriak ere horrelakoa izan beharko du aurrerantzean, hura baita energia kontsumitzaile nagusia. Ukrainako gerrak hauspotutako krisi energetikoak eta prezioen neurrigabeko igoerak bultzatu du autokontsumorako trantsizioa bizkortzea, eta, etxeetan bezala, gero eta ohikoak dira eguzki panelak-eta lantegietako teilatuetan eta inguruetan. Aurrerapausoa izanagatik ere, oraindik oso eskasa da modu horretan lortzen duten energia; bereziki, behar handiak dituzten sektoreetan.

Halako industria asko daude Euskal Herrian, eta ez dute erraza behar duten energia ohiko bideetatik kanpo jasotzea edo horren zati bat beraiek ekoiztea. Azkenengo hogei urteetan, bigarren aukera hori bultzatzeko moduetako bat kogenerazioa izan da, baina gasaren krisiak teknologia horren etorkizunari buruzko eztabaida piztu du, gasa baita bere erregai nagusia.

Kogenerazioa 2000ko hamarkadan hasi ziren bultzatzen Hego Euskal Herriko erakundeak eta enpresak. Gaur egun, 127 planta daude, gehienak lantegi bati lotuta edo ondo-ondoan. Adibidez, Araban, Michelin gurpil ekoizleak du halako bat; Nafarroan, Viscofan haragi produktuen tripa zorro artifizialak egiten dituen enpresak bere planta propioa du; Gipuzkoan, ia papertegi guztiek dute, eta Iparlat esne ekoizleak ere bai, besteak beste; eta Bizkaiko planta nagusiak Petronorrenak dira, Muskizko findegiko biak. Industrian ez ezik, beroa behar duten beste eraikin ugaritan era aurki daitezke halako instalazioak: ospitaleetan eta kiroldegietan, bereziki.

Bidegurutzean

Enpresa horien bero beharrari erantzuteaz gain, Hego Euskal Herriko instalazioek guztira 536 megawatteko potentzia sortzen dute, eta produkzio hori sistema elektrikoari saltzen diote enpresek. Hego Euskal Herrian argindar gehien sortzen duten teknologietan bigarrena da, ziklo konbinatuaren ondoren: ekoizten den elektrizitate guztiaren %18.

Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza horren alde egiten, baina garapena ez da uste zuten bezalakoa izan. 2030erako estrategia energetikoan jasotzen denez, helburua da hamarkada honetan kogenerazio bidez ekoiztea argindarraren %21. Baina portzentaje hori 2020rako planean ezarri zen berbera da, azken hamarkadan izan duen garapen geldoaren seinale. Gainera, azken urteetan are eta nabariagoa izan da mantsotzea, bereziki gasaren merkatuaren gorabeherengatik. Acogen Espainiako kogenerazio elkartearen arabera, Hego Euskal Herriko hiru plantatik bi geldirik egon dira aurten, industriei jada ez zaielako errentagarria martxan jarraitzea.

Dena den, hilabete honetan argi pixka bat ikusi dute, Espainiako Gobernuak salbuespen iberiarraren onurak jasotzen dituzten teknologien zerrendan sartu baitu kogenerazioa, neurria indarrean denetik ia lau hilabetera. Izan ere, argindarra sortzeko gasa erabiltzen duten ziklo konbinatuko plantek ez bezala, ez zuten konpentsaziorik jasotzen gasa garesti erosteagatik. Acogeneko zuzendari nagusi Javier Rodriguezen ustez, Madrilen erabakiaren ondoren baliteke geldirik zeuden planten %70-80 inguru itzultzea orain, baina ez du erabat argi hala gertatuko den.

Kogeneratzaileak kezkatuta daude oraindik, eta teknologia horren erregimen ekonomikoa berrikusteko eskatu dute. Izan ere, sortzen duten argindarra sei hilabetean behin ezarritako prezioan saltzen dute haiek, eta ez eguneko prezioetan, argindar ekoizle handiek bezala. Gasaren merkatuaren joera ikusita, «malgutasuna» eskatu dute; adibidez, sortzen duten argindarra gasaren prezioaren arabera saltzeko. «Gaur egun, kogenerazioa ez da errentagarria, eta horrela zaila da inbertsiogileak erakartzea», azaldu du Rodriguezek.

«Galdutako» hamar urte

Hego Euskal Herrian Petronor da kogeneratzaile nagusietako bat. Bi planta ditu, eta horietako bat geldirik dauka aspalditik, «mantentze lanak egiteko», eta ez du zehaztu noiz jarriko duen martxan. Egunkari honi azaldu dionez, ixteko asmorik ez dauka, baina instalazio berriak jartzea ere ez du aurreikusten. Iberdrolak, berriz, 2018tik dauka salgai kogenerazioaren negozioa —guztira lau planta ditu lau lurraldeetan—, eta udaberri honetan salmenta bizkortzea erabaki du; momentuz ez du eroslerik aurkitu.

Acogeneko zuzendariak gogoratu duenez, 2012tik ezin izan da planta berririk egin, Espainiako Gobernuak ez duelako enkanterik egin. Horri beste «arazo» bat gehitu dio: 2000ko hamarkadan martxan jarritako gehienei amaitzen ari zaie bizitza erabilgarri arautua, hau da, konpentsazioa jasotzeko epea. Rodriguezen arabera, bidegurutze batean dago kogenerazioa. «Ausardiaz jokatzeko garaia da, benetan teknologia honetan sinesten bada».

Antzera pentsatzen du Luis Blanco-Urgoitik, AVEQ Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kimika sektoreko enpresen elkarteko idazkari nagusiak. «Enpresa askok kogenerazio plantak geldirik dauzkate edo desmuntatzen ari dira. Gasaren etengabeko igoeraren ondorioz, sistema ez da ekonomikoki bideragarria. Horrela jarraituz gero, porrotera gerturatuko gara».

Jaurlaritzak ere kezka agertu du, eta kogenerazioaren aldeko «apustu irmoagoa» eskatu dio Espainiako Gobernuari. «Sektorea atzeratuta geratu da. Azken urteetan, planta asko gelditu dira, krisi energetikoagatik, prezioen aldakortasunagatik eta araudian dagoen ziurgabetasunagatik. Enkanteetan, kogenerazioak parte hartze handiagoa izan beharko luke», adierazi dute EEE Euskal Energia Erakundeko arduradunek. Ohartarazi dutenez, laster esku hartzen ez bada, «epe motzean» planta gehiago itxiko dira. «Hala gertatu da azkenaldian, eta litekeena da berdin jarraitzea».

Urte hasieran, Madrilek enkante bat iragarri zuen 2022-2024rako, 1.200 megawattekoa, baina oraindik ez du deialdirik egin. Planta berrientzako zenbait baldintza jarri zituen: besteak beste, konpentsazioak jasotzeko epea 10 urtekoa izatea gasa erabiltzen dutenetan —orain arte 25 urtekoa izan da—, eta 20 urtekoa bioerregaiak edo hidrogenoa erabiltzen dituztenetan. Horrekin batera, adierazi zuen kogenerazioaren erregimen berezia aldatu egingo zuela. «Horren zain jarraitzen dugu», adierazi du Rodriguezek.

Acogeneko buruaren arabera, enkantean jarriko den potentzia ez da nahikoa, instalazio batzuek aurki amaituko dutelako beren bizitza arautua, eta horiek guztiek 2.800 megawatteko potentzia daukatelako. Haren ustez, planta horiek erregimen berezian jarraitu beharko lukete, beste erregai batzuekin eta, bereziki, hidrogenoarekin bateragarriak izan daitezen inbertsioak egin ahal izateko.

Kogenerazioa ala porrota

Gas naturala trantsiziorako energia gisa bultzatu zen garaian bultzatu zen kogenerazioa, gasa «merkea» zenean, baina hori aldatu egin da, eta teknologia horren etorkizuna ere ezbaian dago. Hala ere, egunkari honek kontsultatutako guztiek ez dute horrela pentsatzen. «Gasa da industriaren erregai nagusia, eta hala izango da aurrerantzean ere. Etorkizunean gas berriztagarriak erabiliko dira. Kogenerazioa, gainera, agnostikoa da erregaien erabilerari dagokionez: ia edozein erabil dezake», azpimarratu du Rodriguezek.

EEE Energiaren Euskal Erakundearen arabera, «gasa da aukerarik egokiena erregai garbiagoak garatu bitartean»; hidrogenoa, esaterako. «Gure ustez, gas naturalak bete dezake berriztagarriek estaltzen ez duten egungo eskariaren zatia, energia fosilik garbiena delako. Beste herrialde batzuek ikatza edo nuklearra aukeratu dute». Kogenerazioaz, berriz, EEEko arduradunek diote «etorkizun handiko» teknologia dela, eta Jaurlaritzaren estrategietan «lehentasuneko» tokia izaten jarraituko duela, «Europako Batasunaren gidalerroekin bat eginez». «Kogenerazioak erakutsi du oso eraginkorra dela isuriak aurrezteko teknologia gisa eta energia kontsumo handiko industriaklehiakorragoak izan daitezen».

Acogeneko buruarentzat ere kogenerazioa ezinbestekoa izango da aurrerantzean: «Kogeneraziorik gabe, bertako enpresak desabantailan egongo dira Europakoekin alderatuta». Aitortu du trantsizio energetikoak «paradigma aldaketa bat» dakarrela industriarentzat eta horretara egokitzen ez denak ez duela etorkizunik izango. «Industria kontsumitzaile soil izateari utzi, eta ekoizle bihurtu behar da: kontsumitzaile eta ekoizlealdi berean. Erronka da teknologia guztiak integratzea modu malgu eta dinamikoan. Eguzki energia eta eolikoa ongi daude, baina, gaur-gaurkoz, industriarentzat kogenerazioa da eraginkorrena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.