«Bassiriren desagerpena estatu krimen bat da»

Saharar nazionalismoaren sortzailearen senideek salatu dute krimen bat dela haren desagerpena: «Isiltasuna izan da beti Espainiaren erantzuna»

Bassiriren irudia Saharar Erresistentziaren Museo Nazionalean, Tindufen. BERRIA.
Kristina Berasain Tristan.
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
«Bassiriren senidea izatea ohorea da, saharar nazionalismoaren sortzailea izan baitzen, baina saharar guztiontzat da erreferentea, duintasunaren eredu, erresistentziaren ikur, heroi nazional bat. Gure lehen martiria da». Lehdib Loucha (Smara, Mendebaldeko Sahara, 1964) ari da hizketan. Mohamed Sidi Brahim Bassiriren lehengusuak ez zuen buruzagi mitikoa ezagutu.Louchak 11 urterekin zeharkatu behar izan zuen basamortua, oinez, bonbetatik ihesi. Ordutik Aljerian bizi da, errefuxiatuta, Tindufen. Saharar Erresistentziaren Museo Nazionaleko zuzendaria da gaur egun.

Osabaren bidez jaso du ezagutza hori. Sidi Lebsir liburu baten modukoa da. Zemlako protestan egon ziren milaka sahararretako bat izan zen: «Egun horrek gure historiaren norabidea aldatu zuen. Ez genuen espero horrelako erantzun bortitza. Espainiako Gobernuak indarkeriaz erantzun zion modu baketsuan protesta egiten ari zen herri bati».

Espainiaren inguruko begirada zeharo aldatu zuen sarraski horrek. Sahararrek, ordura arte, nolabaiteko begirunez ikusten zuten administrazio okupatzailea. Lebsirrek Bassiriren izaera baketsua nabarmendu du: «Bake gizona zen: bakearen bidea defendatu zuen beti». Bassiri sinetsita zegoen deskolonizazioa bide demokratikotik lortuko zela. Zemlako protestaren atarian honela esan omen zuen buruzagiak: «Auzia konplexua da, egoera arriskutsua da, baina elkarrizketaren bidez dena konponduko da».

Kontzientzia politikoa

Mohamed Sidi Brahim Basir (1944-1970) Tan Tan hiriaren inguruetan jaio zen. Lebsirrek dio oso mutil azkarra zela, eta horren lekuko da 15 urterekin atzerrira bidali zutela ikastera, lehenengo Marokora, eta gero Kairora eta Damaskora. Sirian kazetaritzan lizentziatu zen.

Marokora itzultzean, 1966an, egunkari saharar bat sortu zuen: Al Shihab (Zuzia). Ezizen batekin sinatzen zituen artikuluetan, estatu propio bat aldarrikatzeari ekin zion: «Sahara inoiz ez da izan marokoarra, eta sahararrak inoiz ez dira errege baten aurrean makurtu».

Benda Lehdibek (Tinduf, Aljeria, 1993) maiz entzun ditu aita eta haren osaba hizketan desagerrarazi zuten heroiaz. Bassirik, zelatatzen hasi zirenean, alde egin behar izan zuela dio. Orduan ekin zion askapen mugimendua sortzeari: «Beti entzun dut injustizien aurrean errebelde bat zela, kemena zuela, eta pentsamendu kritikoa zuela, iraultzailea». MLS Sahara Askatzeko Mugimenduak, sei hilabeteko epean, 4.700 kide zituen.

Etenik ez duen krimena

Bassirik 26 urte baino ez zituen desagerrarazi zutenean. Senideek honela laburbiltzen dute haren patua: «Bassiriren desagerpena estatu krimen bat da. Justiziarik gabeko krimen bat».

Benda Lehdibek galdera bakarra dauka: «Non dago? Bizirik badago, non dago? Eta hilda badago, non dago?». Gazteak bat egiten du buruzagia hilda dagoela dioen bertsioarekin, baina nola hil zuten jakin nahi du, gorpua non dagoen, zauria itxi ahal izateko: «Gure zauria saharar herriaren zauria da». Espainiako administrazioa egiten du erantzule: «Espainiak ez dauka kontzientzia demokratikorik. Salaketa jarri dugu, baina isiltasuna izan da beti erantzun bakarra. Dokumentu ofizialak desagertu egin dira». 1977ko Amnistiaren Legean babestu da estatua, baina 50 urte pasa ostean, senideek auzia zabaltzeko zirrikitua ikusten dute.

Sidi osabarentzat hamaikagarren traizioa da: «Espainiaren beste orban beltz bat da. Erantzukizun historikoa dauka: behin eta berriz egin digu traizio». Bassiriren izaera eta duintasuna ulertzeko pasarte bat kontatu du: «Mauritaniara ihes egiteko aukera izan zuen, baina ez zuen nahi izan, estatu sahararra sortzea zuen ametsa, eta ametsak bere bizitzak baino gehiago balio zuen». Egun, mitoa inoiz baino biziago dago. Kartzelan atera zioten argazkia da hartaz dagoen azken irudia, eta irudi horrek erresistentzian jarraitzen duen herri oso baten ametsa ordezkatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.