Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Zaintzaren zamak

2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Bizitzan badira iragartezinak diren gauzak, eta, nahiz eta iragarri, une batetik bestera bortizki alda daitezkeenak. Ongi jakina du hori June Uriartek, ZIUko erizainak. Egoera estresagarriekin eguneroko jardunean aritzera ohituta zegoen, adi egotera, uneko aldaketei profesionaltasun handiz erantzutera. Baina, ohitura edukita ere, estresaren zama azal eta hezurretan pairatzerainoko uneak bizi behar izan ditu. Pandemia hasi zenean gogoz ekin zion lanari, koronabirusari aurre egiteko grinez. Gaitza berria zen, sintomak batzuetan ezezagunak, protokolo berriak etengabe. Prebentzio neurrietan aldaketak maiz. Babes indibidualerako ekipoak goitik behera jantzi, beroz eta arnasestuz ito eta lan terapeutiko eta estres maila gogorrak eskatzen dituen gaitzarekin ordu luzez jardun. Gaixoen bakardadearekin bizi behar izan da, haiekin egunero tratatu, haiek zaindu eta heriotzara bidean eusten zien eskua izan. Frustrazioa, tristura, nekea, egunero bidelagun. Eta, hala eta guztiz ere, lanerako gogo ona erakutsi. Etxera iritsi eta bere burua zaindu, baita bakartu behar izan ere.

Pandemiaren lehen olatua bukatu ostean, hainbat osasun profesionalen kontratuak orduan amaitu ziren, beste batzuek ZIUnpostu finkoa zutenen oporraldiak ordezkatu zituzten. Arnasaldi txiki bat eduki zuten, gaitzaren hedapenak eman zuena, ospitaleratzeen gutxitzearena. Baina, uda erdialdera berriz ere ikusi ahal izan genuen gaitzaren hedapenaren handitzea, albistegietan entzuten genituen berriro ere beldurgarri bilakatzen hasiak ziren ospitaleratuen datuak eta, nola ez, apurkako ZIUetako betetzea, kolapsoa eta, ostera, unitate horien handitzea ere. Eta bai, zortedunak gara akaso ZIUak handitu daitzekeelako, bai espazioz, baita azpiegituraz eta haiek hornitzeko materialez ere, baina zer gertatzen da langileekin? Horren espezifikoak diren unitate horietan, zeinetan langileek bereziki formatuta egon behar duten, espezializazio bat eduki bertan lan egiteko; nondik lortzen da horrenbeste langile, berezkoak dituzten atseden orduak kentzetik ez bada?

Egoera larria da, aipatutako gaitzaren hedapenarengatik, baina baita hainbat unitatetako langileek bizi duten neke fisiko eta emozionalarengatik ere. Psikologikoki agortuak daude, irtenbideak bilatzen dituzte, baina jadanik somatizatzen hasiak ere badira, min emozionalak fisiko bilakatuz. Eta soka geroz eta gehiago tenkatuz doa, eta hala eta guztiz ere soka horren gainean pausoka jarraitzeko gai dira, zaindu beharreko pertsona horiengatik guztiengatik, eta baita alboan beraiek bezain kaltetua duten lankidearengatik ere. Beren burua zaintzeaz ahaztu dira kasik, gertuko inork, mesedez, beraien burua ere zaintzeko esaten dien arte.

Maite dugun hori zaintzeko esan izan digute. Baina esaldiak garaiotan akaso aldaerarik behar du: zaindu zaintzen zaituen hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.