Gu

Zuriñe Rodríguez Lara eta Ibai Fresnedo -

2020ko urtarrilak 22
Euskararen inguruan iritzi artikulu bat idaztera goaz. Nortzuk, gu? Eta zer esango dugu? Polita dela, asko gustatzen zaigula, hitz egin behar dugula? Bale, ondo! Hori da, beraz, gure rola. Edo euskararen eztabaida ideologiko sakonean sartuko gara? Nortzuk, gu? Nola sartuko gara gu fregado horretan? Euskararen subjektuaren, estrategiaren eta egoeraren eztabaida benetako euskaldunen gotorlekua da, ez gurea. Gu, orduan, folklorera!

«Zu ere euskalduna zara. Segi horrela!». Zenbat alditan esan digute hori sehaskatik euskaraz mintzatzen diren horiek? Horixe euskaldunak garela! Euskaraz hitz egiten dugu. Hobe esanda, euskaraz hitz egiten ikasi dugu. Sinplea da. Guk ez dugu zalantzarik. Zuek?

Arazoa aipu hauen azpian dagoen ideia da; hau da, euskararen subjektu «esentziala» eta «perfektua» besteei zilegitasuna eta komunitate linguistikoaren parte direlako onespena emateko subjektu bakarra dela. Eta hementxe dugu arazoa. Gu ez garela subjektu, «subjektua» oso txikia eta baztertzailea delako.

Euskaldunok, nahiz eta gure burua inklusibotzat hartu, oso baztertzaileak izatera iritsi gaitezke. Gure hizkuntza bera erabilita ere bai. «Zein ondo hitz egiten duzun ezkerraldekoa izateko», «euskaldun berria eta euskaraz liburu bat idaztera ausartu zara?». Barkatuko diguzue, baina aipamen horiek klasismo, esentzialismo, elitismo eta eusnob usaina dute, zapalduak diren subjektuak izendatzen dituzten arren. Gainera, badute bere eragina «gure» euskal komunitatera geureganatu garen kide berriongan; komunitatea bera etsaitasunezko sentitzea eta bertatik urruntzea lortzen baitute askotan. Zenbatetan txiokatu behar izan dugu gazteleraz gehiegitan arreta deitu digutelako gure euskararen «maila eskasa»dela eta? Ezin dugu irabazi ditugun horiek galdu. Ez da estrategikoa.

Euskararen praktikatzaile hauek, esentziari eta zuzentasunari balioa ematen diotenean, subjektu bakarra sortzen dute. Homogeneoa, erromantikoa, arautzailea eta zilegia dena. Fidatzeko modukoa, eta, gu, feminista eta maritxuak garen heinean, ez gara inoiz fidagarriak izan. Lasai, ez gara deprimituko benetakoak ez izateagatik. Periferian egon gara beti. Kontua da, eta hementxe dugu bigarren arazoa, euskaldun hiztun gehienak ez direla subjektu perfektu/puru horiek. Are gehiago, geureganatu nahi ditugun euskaldun potentzialak purutasun horren antipodetan daude. Gaizki goaz subjektu hertsi eta hermetiko honekin.

Perfektua den horrek inperfekzioa eskatzen du; hau da, jendartea binomio dikotomikoetan banatzea, eta horrek badu ere isla euskararen subjektua ezaugarritzean: euskaldun zaharra-euskaldun berria, euskaldun petoa-traketsa, EGAn gai-ezgai, ahobizi-belarriprest... Buelta bat eman behar diogu honi, transfeminismoak ongi erakutsi dizkigulako binomioen arriskuak; irizpide baztertzaileez zipriztintzen baitituzte gure bizitzak. Zenbat urte behar ditugu euskaldun berri izateari uzteko? Noiz emango diguzue zuek baimena horietan ere gu egoteko? Honekin ez dugu esaldiak gramatikalki eta ortografikoki era ortodoxoan eraikitzen dituzten horiek estigmatizatu nahi. Beharrezkoak dira eta asko ikasten dugu haietaz. Nahi duguna da euskararen esentzia horren atzean gertatzen diren prozesu subjektibatzaileak erdigunean jarri. Esentzia horren atzean erromantizismo asko dago, baina estrategiarik ez.

Harro gaude gure aniztasunaz, eta jakin badakigu prozesu ezberdinen bitartez ailegatzen garela euskarara. Halere, ez dugu sentitzen guztiok horren subjektu garenik, eta garenean, batzuk hegemonikoak zarete eta beste batzuk euskararen bastardoak gara. Bada, orduan, aniztasuna modu folklorikoan ulertzeari uzteko eta euskararen subjektu historikoa deseraiki eta berriz eraikitzeko garaia. Nola? Gure sistema politiko eta sozialen berariazko bazterketa anitzak pairatu izan dituzten pertsona horien guztien diskurtsotik definituz.

Euskara hiztunengatik existitzen da, baina batez ere hiztunetatik eta hauen errealitateetatik abiatzen da. Guk beti gaztelaniaz hitz egin dugu, Espainiako familia migratzaile pobreen ondorengo garelako edota Euskal Herriko hiri/herri erdaldun batean hezi garelako. Azken hau biziki garrantzitsua da. Klaseak, jatorriak eta gure herriaren soziologiak gauza asko azaltzen dituelako gure euskararen eztabaidan. Gu ez gara subjektu pribilegiatu zapaltzaileak, estrategia inklusiboen faltaren ondorioetariko bat baizik. Goazen, beraz, euskararen subjektua konplexutzera eta estrategia bera identitate baztertzaileetatik haratago definitzera.

Zorionez, hizkuntza fenomeno kolektibo bat da; elkar-ulerkera aditzera ematen duelako eta maila indibiduala aise gainditzen duelako. Guk argi daukagu. Subjektu izan edo ez, euskaraz egiten segituko dugu, gurea baino, denona delako; eta honekiko egin dugun apustu politikoa dela eta, gure erantzukizuna da, bai. Beraz, zer, elkarrekin egingo dugu?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna