Albistea entzun

Matxinada baten adar guztiak

Gaur ehun urte bete dira Terence MacSwiney irlandar errepublikanoa hil zela, 74 egunez gose greba egin eta gero. Berehala bilakatu zen nazioarteko erreferentzia antiinperialistentzat eta nazionalistentzat.
Muriel MacSwiney ekintzailea, New Yorken, senar Terenceren heriotza salatzeko protesta batean.
Muriel MacSwiney ekintzailea, New Yorken, senar Terenceren heriotza salatzeko protesta batean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Niall Cullen -

2020ko urriak 25

Gaur ehun urte dira Terence MacSwiney irlandar errepublikanoa hil zela, 74 egunez gose greba egin eta gero. Corken jaioa zen, 1879an; irlandarra zuen aita, eta ingelesa ama. MacSwineyren aktibismoak barnean bildu zituen errepublikanoen matxinadako adar nagusi guztiak, Irlandaren Iraultza Garaian (1912-1923). MacSwiney, zenbait alditan, buruzagi eta lider bat izan zen Irlandar Boluntarioen taldean (Irish Volunteers), Irlandar Senitarte Errepublikanoan (Irish Republican Brotherhood), Irlandako Armada Errepublikanoan (Irish Republican Army), bai eta Sinn Feineko alkatea sorterrian eta Irlandako behe ganberako (Dail Eireann) kide ere. Halaber, idazle, poeta eta antzerkigile oparoa izan zen.

Soslai bikainekoa izaki, Irlandako agintari britainiarren jomuga bihurtu zen MacSwiney. 1920ko abuztuaren 12an, atxilotu egin zuten, sedizioen aldeko agiriak edukitzea egotzi baitzioten. Horren ondorioz, auzitegi militar batek kondenatu zuen, eta Brixtongo kartzelara bidali (Londres); han, MacSwineyk erabaki garrantzitsua hartu zuen: gose grebari ekin zion.

Irlandako Errepublikako gobernu iraultzailearen ordezkari zenez gero, zeina gerran baitzebilen orduan Britainiarekin (Independentzia Gerra, 1919-1921), MacSwineyren kinka larria nazioarteko albiste bihurtu zen. MacSwineyri heriotzako ordura hurbildu ahala, eta Britainiak propaganda borroka galtzear zuela, hura gogoz kontra elikatzera behartu zuten, antza denez, atzen egunetako eldarnioren batean. Esku hartzea, ordea, berandu iritsi zen. Bihotzekoak jota hil zen, urriaren 25ean.

MacSwiney hil eta hiru egunera, 30.000 laguneko segizio jendetsu bat egin zuten Londresen, alboetan IRAko kide uniformedunak zituela. Dublinen are ekitaldi handiago bat egiteak ekarriko zituen ondorioen beldurrez, agintari britainiarrek gorpua bahitu zieten MacSwineyren familiakoei, haiek Irlandako hiriburura garraiatu baino lehentxeago. Horren ordez, zuzenean Corkera eraman zituzten MacSwineyren gorpuzkiak, britainiarren itsas armadaren ontzi batean, eta jaioterrian bertan ehortzi zuten, segizio bat egin eta gero. Haren ondoren, beste zenbait hileta ere itxuratu zituzten, hileta auto eta hilkutxa huts eta guzti, irlandar emigrantez osaturiko zenbait hiritan: Manchesterren (Ingalaterra), Melbournen (Australia), Bostonen, Filadelfian eta Chicagon (AEB), besteak beste. New Yorken, jendetza bildu zen MacSwineyri gorazarre egitera, 100.000 lagun, eta portuko zamaketariek greba egin zuten. Joseph Connolly diplomazialari irlandarraren iritziz, «garaiotan ezertxok ere ez du inarrosi amerikarren irudimena MacSwineyren gose grebak eta heriotzak bezainbeste».

Espainiako Estatuan, gutxi gorabehera 500 lagunek protesta egin zuten MacSwineyren heriotzagatik, Bartzelonan, Britainiarren Kontsulatu Nagusiaren kanpoaldean. «Gora Irlanda, behera Ingalaterra» eta antzeko deiadarren orpotik istiluak iritsi ziren. Euskal Herrian, kontuak are zuhurragoak izan ziren. Urriaren 31n, jendetza bildu zen haren arimaren aldeko mezan, Begoñako Karmelo elizan, Bilbon. Bizkai Buru Batzarrak eta Bilboko eta Abandoko udal batzarrek antolatu zuten; kazetari batek iradoki zuenez, «egiaz, esan zitekeen Euskadi osoa batu zela elizkizun hartara». Zeremoniaren amaieran, elkartasuna adierazi zioten MacSwineyren alargun Muriel Murphyri, telegrama bidez.

MacSwineyren gose grebaren eta heriotzaren eraginak bere hartan iraun zuen 1920tik aurrera ere. Hain zuzen, 1920ko eta 1930eko urterik gehienetan, MacSwiney sakrifizioa izan zen eredurik behinena Irlandari inspirazio iturri zeritzoten mugimendu antiinperialista eta nazionalistentzat. Hori bereziki argia izan zen Indian. Bai Mahatma Gandhik eta bai Jawaharlal Nehruk MacSwineyren idazlanak aipatu ohi zituzten, eta adibidetzat zeukaten Indiaren nazionalismorako akuilu gisa. Exekutatua izan baino lehentxeago, Indiako beste nazionalista batek, Bhagat Singhek, zuzenean aipatu zuen MacSwiney, 1931n: «Sinetsita nago nire heriotzak areago balioko duela Britainiar Inperioa suntsitzeko, nire askatasunak baino».

Euskal nazionalismoan

Euskal Herrian, MacSwiney euskal nazionalismoaren nazioarteko zutarri nagusi bilakatu zen, batik bat Eli Gallastegi bilbotarraren ingurumariko adarrean, aberrianoen sektorean. Gallastegiren hitzetan, gogoan gordeko zen, betiko, MacSwineyren «sakrifizio odoltsu eta eredugarria». Gizaseme irlandar haren martirioak inspiraturik, Gallastegi izan zen gose greba bati ekin zion lehenbiziko euskal nazionalista, 1931n —azkenean, utzi egin zuen—.

1932an, Irlandan bisitan zebiltzalarik, euskal nazionalista batzuk Terenceren arreba Mary MacSwineyrekin elkartu ziren. Neba hil eta gero, Mary hautatu zuten Irlandako behe ganberako tokia betetzeko, eta aurrerantzean ere kide nabarmena izan zen hala Sinn Feinen nola Emakumeen Ligan (Cumann na mBan). Euskal ordezkaritzakoek ikurrin bat eman zioten opari. Ironiaz-edo, izan da iradoki duenik litekeena dela Mary MacSwiney Francoren alde jarri izana Espainiako 36ko gerran.

Gerraostean, MacSwiney aldian-aldian aipatzen segitu zuten euskal nazionalisten hurrengo belaunaldi ekintzaileko kideek ere. Esate baterako, 1961ean, Gallastegiren seme eta EGIko kide disidente Ikerrek MacSwineyren aipu bat ekarri zuen hizpidera hitzaldi polemiko batean, Parisen, EAJko adinekoenei mintzo zitzaielarik: «Kalterik handiena egin ahal dutenak ez dira izango garaileak, baizik sufritzeko gaitasunik handiena dutenak».

Garai hartan bertan, Atlantikoaz bestaldean, euskal erbesteratuen sare batek gero eta adoretuago ziharduen euskal gobernuaren gerraosteko estrategiaren kontra. Jarrera kritiko haren erakusgarri, Argentinako Tximistak buletinaren 1962ko zenbaki batean, 1916ko Pazko Matxinada eta MacSwiney aipatu zituzten argudiotzat, eta IRAren antzeko zerbait sortzea proposatu: «[…] MacSwineyren holokaustoa, Pazko Matxinada odoltsua eta Irlandako Armada Errepublikanoa… Halako holokausto bat, halako matxinada bat, IRArena bezalako armada bat behar ditu Euskadik. Eta izango ditu, ideia berriekin diharduten gizaseme berri horiek emango baitizkiote».

Michael Biggs akademikoak egindako kalkuluen arabera, 10.000 preso irlandar errepublikano inguruk ekin zioten gose grebaren bati 1916tik 1923ra bitartean —baten batek gose greba bat baino gehiago ere egin ere bai—. Guztira, zazpi hil ziren. Irlandako gobernuko kide hautetsia zelarik MacSwiney Ingalaterrako kartzela batean 74 eguneko gose greban egon eta hil izanak sekulako eragina izan zuen, inoizkorik handiena, askogatik. Irlandako Errepublikaren independentziaren aldeko borrokari propaganda egokia bezain onuragarria ekartzeaz gainera, MacSwiney deitura —maiz gaizki idatzia— nazioarteko erreferentzia bihurtu zuen berehala antiinperialistentzat eta nazionalistentzat, Bostongoentzat (AEB) zein Bengalakoentzat (India), Bartzelonakoentzat zein Bilbokoentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Junta militarraren aurkako manifestari bat estatu kolpearen aurkako kartel bati eusten, atzo, Myanmarko Mandalay hirian. ©EFE

Myanmarko juntaren aurkakoek «batasun gobernu bat» eratu dute

Julen Aperribai

Aung San Suu Kyi izango da Estatu kontseilaria, sinbolikoki. Junta militarraren aurka indarrak batzeko eta diplomazia egiteko tresna izatea nahi du oposizioak

Bikote bat ibai bat zeharkatzeko txaluparen zain, Kinshasan. ©O. EPELDE
Albert Ho diputatu ohia, atzo, auzitegitik atera ostean. ©JEROME FAVRE / EFE

Hong Kongeko hamar ekintzaileri, hemezortzi hilabetera arteko zigorrak

Ander Perez Zala

«Demokraziaren aldeko» mugimendukoei 2019an «baimendu gabeko bileretan» parte hartzea egotzi diete. Zazpi diputatu ohi daude tartean

Gutxienez zortzi pertsona hil dituzte Indianapolisen gertaturiko tiroketa batean

Gutxienez zortzi pertsona hil dituzte Indianapolisen gertaturiko tiroketa batean

Edu Lartzanguren

Mezularitza enpresa baten bulegoetan tiroka hasi da pertsona bat. Gero bere buruaz beste egin duela esan du Poliziak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna