urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Sezesioak hamarkada berrian

2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Urtea eta hamarkada hasi berri ditugu. Nazioarteko politika eta independentzia-prozesuetan interesa dugunontzat azpimarratzeko moduko hamar urte utzi ditugu era berean atzean. Orain arte beste inoiz baino estatu gutxiago sortu den epea bizi dugu.

Hamar urte beteko dira aurki Hego Sudanen erreferenduma egin zutenetik. Haren ondorioz,2010eko uztailean independentzia aldarrikatu zutenetik. Ezin jakin hamarkada independente horren ospakizunik izango den, edo askatasuna lortu izana gogoraraziko duten ere. Gogorarazi diogu, ospatzekotik gutxi izan baitu Afrikako estatuak, sortu eta gutxira odolustu duten gerra zibila sufritu baititu.

XXI. mendeko bigarren hamarkadan NBE Nazio Batuen Erakundean sartu den estatu bakarra izan da Hego Sudan. Eta haren aurrekoa ere, 2010era arte doana, ordura arteko murritzena ere izan zen, Ekialdeko Timor eta Montenegro estatuak baino ez baitziren izan NBEn sartutako estatu berriak. Bai, badira gatazka izoztuak eta mapa ofizialetan ageri diren mugetatik kanpo funtzionatzen duten estatuak, Ipar Zipre, Abkhazia edo Transnistria, kasurako, baina nazioarteko aitortza handirik gabe. Kosovok berak, estatu askok aitortuta ere, ez du NBEn aulkirik ez eta izango ere, Serbiarekin halakorik adostu arte.

Itxurak itxura, baina, mapa ofizialak ez aldatu arren, subiranotasun auziak bere horretan dira. Duela aste gutxi ikusi dugu azken aldaketa garrantzitsua, Karabakh Garaian: Sobietar Batasuna desegin zenetik armeniarren menpe egon diren eskualdeak bereganatu ditu Azerbaijanek joan den udazkeneko gerran. Mapa ofizialetan halaxe zegoen, baina subiranotasunik ez zeukan Bakuk. Eta armeniarrek kontrolpean zituzten lurralde ia guztiak galdu dituzte, 1988an aldarrikatzen hasi ziren artean sobietar lurraldeak zirela bi errepublikak Karabakh Garaia izan ezik.

Ezin esan utzi berri dugun hamarkadan sezesio saiakerarik egon ez denik. Dozena erdi herrialdek behintzat urrats argiak egin dituzte horretarako. Batzuen kasuan, beren lurraldearen subiranotasuna daukan estatuaren oniritzirik gabe saiatu dira; eta estatuak, beraz, indarrez zapuztu ditu erreferendumak edo haren ondorioak. Kataluniak eta Hego Kurdistanek 2017ko udazken hasieran egin zituzten galdeketak, astebeteko aldearekin. Bagdadek zein Madrilek indarrez erantzun zuten lurralde horiek beren agintepean geratzeko.

Beste batzuetan, erreferenduma adostu egin dute, Kaledonia Berrian esaterako: birritan galdetu diete herritarrei Frantziatik bereizi nahi duten, eta bietan ezetz esan dute gehienek. Baina aldeak asko estutu dira bigarrenean, eta unionismoa Noumea eta aldirietako zurien ondare gisa nabarmentzen ari da geroz eta gehiago, eskuindar eta arrazista. Independentismoak, berriz, kanak indigenetatik nortasun inklusiboago batera jauzi egiteko apustu garrantzitsua dauka aurrean, 2022an arrakasta izateko, Pazifikotik etorritako milaka herritarrekin batera herrialde berri baten egitasmoa sustatzeko.

Melanesiako beste lurralde batek ere egin du berriki independentziarako urrats garrantzitsua: duela urtebete Bougainvilleko boto-emaileen %98k Papua-Ginea Berritik bereiztearen alde bozkatu zuten. Bazekiten hori ez zela berehalakoan gertatuko, besteak beste independentzia negoziatzeko gobernu berria behar zutelako; pandemiak are gehiago atzeratu du prozesua, baina badira hiru hilabete exekutibo berria bozkatu eta indarrean dela. Litekeena da 2021ean metropoliarekin negoziazio zehatzetan hastea.

Pazifikotik Atlantikora, Groenlandia eta Faroe uharteak Kopenhagerekiko loturak askatzen doazen nazioak dira. Lehenak nabarmenago, urrats sendoak egin ditu 2009an bere buruari konstituzioa eman zionetik. Badaki metropoliaren aldetik ez daukala oztoporik, nahi duenean izan daitekeela independente, baldin eta horrek dakartzan ondorioei aurre egiteko gai sentitzen bada: etxetik joanez gero, etxe berriko gastuak norberak ordaindu behar ditu. Duela hilabete Groenlandiako gobernuko alderdian liderra aldatu zuten, independentziaren bidean urrats sendoagoz ibili nahi duen alderdikide bat hautatuta, eta litekeena da neguko etena amaitu eta udaberrian berriz parlamentua biltzean hura izendatzea lehen ministro ere. Eta ekainean, 300 urte beteko dira Danimarkako Koroarentzat konkistatu zituztenetik.

Faroe uharteetan independentziarako bide-orria ez dago hain argi markatuta, besteak beste konstituzio berri bat eratu behar zuen batzordea ez atzera ez aurrera geratu zelako, eta korapilo hori askatu artean ezin urrats gehiagorik egin.

Eta Kaledonia Berritik zaharrera: Eskozia bere borondatearen aurka geratu da EBtik kanpo. Inkestak alde ditu Nicola Sturgeonek eta maiatzeko hauteskundeetan garaipen handia nahi du independentzia erreferenduma deitzeko segidan. Aukeren leiho berria ireki zaie, baina itxi ere egin daiteke: Boris Johnsonek eta toryek independentismoa hauspotu dute, bai, baina munduko ekonomiarik indartsuenetakoa da Erresuma Batua. Txertoa lortu duten herrialde bakanetakoak dira, Urtezahar gauean lehen ministroak harrotasun logikoz nabarmendu bezala. Eta oso herri gutxik esan dezakete halakorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.