«Bizikidetza demokratikorako» ituna sustatuko du Foro Sozialak

Urtebeteko gogoeta prozesuaren ostean, bizikidetza eratzeari buruzko liburua aurkeztu du Foro Sozialak. «Behetik gorako» itun sozial eta instituzional bat ontzea proposatu du

Foro Sozialeko kideak, Ernesto Samper Kolonbiako presidente ohiarekin batera, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Foro Sozialak joan den urteko azaroaren 17an abiatu zuen bizikidetza demokratikoa nola eraiki zehazteko gogoeta prozesu sakon bat askotariko eragileekin. Aieteko Nazioarteko Bake Konferentziaren bederatzigarren urteurrenaren karietara abiatu zuen hausnarketa prozesua, eta, orain, amaitutzat eman du prozesu hori. Azken hamabi hilabeteotan jasotako ekarpen eta ondorio guztiekin liburu bat ondu du: Prozesuaren liburua. Bizikidetza eraikitzeko jasotako ekarpen guztiak aintzat harturik, Foro Sozialak beharrezkotzat jo du «behetik gora» ondutako itun sozial eta instituzional bat bultzatzea, «etorkizuneko bizikidetzarako oinarri sendoak» ezarriko dituena. Bi ardatzen gainean egitea proposatu du: pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatuko dituen «kultura demokratiko» bat landuta, eta belaunaldi berriei bakearen, elkarrizketaren eta indarkeriarik ezaren kultura helarazita.

Bizikidetza eratzeari buruzko liburuaren aurkezpena atzo egin zuen Foro Sozialak, Gasteizen, Artium museoan. Foro Sozialeko kideekin batera, Ernesto Samper Kolonbiako presidente ohia izan zen gonbidatu gisa, eta hark herrialdehartako bake prozesuaren erronkak azaldu zituen.

Foro Sozialak azken urtebetean egindako prozesua «emankorra» izan dela esplikatu zuen Nekane Alzelai Foro Sozialeko kideak: erreferentzialak diren pertsona batzuetatik 35 ekarpenetik gora jaso dituzte, hogei bilera inguru egin dituzte gizarte zibileko zenbait eragilerekin, eta zazpi solasaldi ere landu dituzte. Alzelaik azaldu zuen bizikidetza demokratikoari buruzko eztabaida eta sakontze maila «handiak» lortu direla, eta ekarpen gehienek hasierako hipotesi bat berretsi dutela: «Bizikidetza ez da indarkeriarik ez egotea, ezta haren ondorioen konponketa hutsa ere».

Are, Alzelaik azaldu zuen gogoeta prozesuan jasotako ekarpen andanak erakusten duela euskal gizartean badela konpromiso bat «oraina baino hobea izango den etorkizuna» eraikitzearen alde, eta ahalegin horrek gizarte osoa interpelatzen duela. Hori horrela, Foro Soziala ondorio batera iritsi dela azpimarratu zuen Alzelaik: «Etorkizuneko bizikidetzarako oinarri sendoak paratzeko garaia da». Horretarako, itun sozial eta instituzional bat ontzeko «erabaki irmoa» hartu du Foro Sozialak.

Biktima guztiak

Helburu horrekin, hainbat konpromiso hartu ditu. Besteak beste, «motibazio politikoko indarkeriek» eragindako giza eskubideen urraketen biktima guztien mina aitortzeko konpromisoa hartu du, bai eta biktimak diskriminatzeko joera behin betiko gainditzeko ere. Halaber, adierazi du lan egingo duela indarkeria zikloan gertatutako giza eskubideen urraketa guztietan «erantzukizun zuzena edo zeharkakoa» duten eragile guztiek eragindako mina aitortzeko, eta eztabaida demokratikorako esparru bat sortzeko.

Motibazio politikoko delituengatik kondenatutako presoen, erbesteratuen eta ihes egindakoen egoeraren behin betiko konponbidearen aldeko konpromisoa ere agertu du Foro Sozialak, «espetxe lege arrunta aplikatuta» eta «birgizarteratzearekin engaiatutako alternatiba ez-zigortzaile bat» sustatuta. Era berean, biktima guztiek «egia, justizia eta erreparazioa» jasotzeko eskubidea dutela aintzat hartuta, helburu horren alde lan egiteko konpromisoa ere hartu du.

Herritarren «ahalduntze demokratikorako» urratsak ere egingo ditu Foro Sozialak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.