Kirolean askotan aipatzen da ez dagoela aurkari zuzenaren etxean irabaztea bezalakorik. Eta hori egin zuen atzo Urdaibaik. Ligako liderrak erakustaldia eman zuen, eta Hondarribiko bandera astindu zuen, euripean. Bermeokoak nagusi izan ziren ohorezko txandan, nahiz eta Zierbena eta Hondarribia gerturatu egin zitzaizkien azken luzean. Oriok estropada ederra egin zuen bigarren txandan, baina laugarren egin zuen azkenerako. Olatuak eta haizea nabarmenak ziren jardunaldia hasi zenean, baina egunak aurrera egin ahala gehiago petraldu zen. Bestalde, lehenengo txandan epaileak Santurtzi kanporatu zuen, eta Meira geroz eta gertuago daukate sailkapenean bizkaitarrek.
Ohorezko txanda euripean jokatu zen. Sailkapen nagusiko lehenengo biak estropadaren bi aldeetatik aritu ziren. Nesken taldeari bezala, teorian okerrena zen kalea egokitu zitzaion etxeko taldeari, eta Urdaibai, berriz, laugarren kaletik aritu zen. Orioren estropada bikaina izan zen bigarren txandan, eta, eguraldiak okerrera egin zuenez, kontuan edukitzeko moduko erreferentzia zen Jon Salsamendiren taldearen denbora. Baina bermeotarrek markatu zuten hirugarren txandako erritmoa. Lehen ziabogan denbora onena egin zuten; Orio, Zierbena eta Donostiarra baino bi segundo bizkorrago. Zertxobait atzerago aritu zen estropadaren lehen erdian Hondarribia, baina hortzak estutzen jakin zuen Ama Guadalupekoa-k. Lan erdietan Urdaibai eta Orio parean ziren, eta Zierbena eta Donostiarra bi segundora.
Brankaz erakustaldia eman zuen Urdaibaik, eta aldeak handitu zituen Gorka Aranberriren gidaritzapean. Hirugarren ziabogatik Orio eta Zierbena baino bost segundo bizkorrago irten ziren bermeotarrak, eta, bertatik helmugara gehiago sufritu bazuten ere, bandera lortu zuten. Hondarribiak, berriz, nahikoa lan izan zuen puntu sorta bat ez galtzen. Aurreneko hiru luzeetan sufritzen jakin zuen Mikel Orbañanosen taldeak, eta hirugarren ziabogaren ostean erasoa abiatu zuen. Laugarren luzean berehala utzi zuen Donostiarra atzean, baina ezin izan zuen Zierbena aurreratu. Hala ere, helmuga marrako argazkiak Orio baino azkarrago aritu zirela ebatzi zuen; gaitz erdi.
Bestalde, lehenengo txanda kaotikoa izan zen. Santurtzik une txarretik atera ezinda jarraitzen du, eta hasieran okertu zitzaizkien gauzak guztiz kakaztu zituen hirugarren luzean. Lehendabizi, epaileak irteera eman baino lehen abiatu zen Sotera, eta, horregatik, hiru segundoko zigorra jaso zuen Javi Poloren taldeak. Hala ere, estropadaren lehen erdia bikaina egin zuten. Lehia ederra zihoan Kaikuren eta Santurtziren artean, harik eta hirugarren luzean Santurtzi kaleratu zuten arte. Laugarren kalean, Kaikurenean, sartuta hainbat metro egin zituen Santurtzik, eta bi ontziak elkarren aurka jotzeko zorian izan ziren. Epaileak zenbait abisu eman zizkion Cristian Garmari, eta azkenean bandera berdea ikusi zuen Soterak. Meira hamabost segundo ingurura zegoen ordurako, eta, itxaropena galduta zeukatenean, lau puntuko zakua lortu zuten. Kaikuk irabazi zuen txanda, baina Meira pozik irten zen Hondarribitik.
Orio B eta Kaiku, sendo.
Hondarribian soilik ez, Ondarroan (Bizkaia) ere estropadak jokatu ziren atzo. KAE2 ligan Orio B nagusitu zen, berriro ere, Donostiarra B-ri hiru segundo aterata. Esku-eskura du igoera, eta bihar bertan lortu dezake, Hondarribian jokatuko duten estropadan (15:30). KAE2 ligan bezala, KAE1 ligako taldeak Hondarribian arituko dira gaur (16:30).
Bestetik, ETE ligan Kaiku gailendu zen Ondarroan. Bizkaitarren eta zumaiarren arteko lehia polita ikusi zen, baina zortzi segundo lehenago iritsi zen Bizkaitarra, eta lidergoan sendotzea lortu zuen.
Arrauna. Eusko Label Liga
Aurkariaren etxean sendo
Urdaibaik irabazi du Eusko Label Ligako 11. jardunaldia, Hondarribian. Etxekoek atzetik aurrerakoa egin dute lehen kaletik, eta hirugarren izan dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu