AEBetako Senatua, urdintzen

Nevadako datuen zain, Alderdi Demokrata Senatuaren gaineko kontrola mantentzeko zorian zen atzo. Ordezkarien Ganberarako bozetan errepublikanoak doaz aurretik

Nevadako Las Vegas hiriko hauteslekuak, asteartean. CAROLINE BREHMAN / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Asteartean egin zituzten agintaldi erdiko hauteskundeak AEB Ameriketako Estatu Batuetan, eta, horien bidez, Ordezkarien Ganbera eta Senatuaren herena berrituko dituzte. Sarritan gertatu da Etxe Zurian dagoen alderdia gutxiengoan geratzea Kongresuan. Are, Bigarren Mundu Gerraren ostean bitan baino ez da gertatu estatuburuaren alderdiak irabaztea agintaldi erdiko bozak. Aurtengoa, ordea, hirugarren aldia izan liteke.

Nevada estatuko Clark eskualdera begira daude, ez kasino handien neonezko argi deigarriengatik —hor dago Las Vegas hiria—, eskualde horretako herritarrek postaz bidalitako botoak erabakigarriak izango direlako baizik, AEBetako politikagintzaren etorkizuna zehazteko. Izan ere,eskualde horretan kontatzeke dauden 22.000 botoak zenbatu ostean Nevadako hautagai demokrata gailenduko balitz, Alderdi Demokratak AEBetako Senatuarengan daukan kontrola mantenduko luke. Edizio hau ixteko orduan, Nevadako botoen %95 zituzten zenbatuak.

Aukera handia dute demokratek Nevadako aulkia eskuratzeko, eta nabarmen egingo dio mesede horrek Joe Biden AEBetako presidenteari. Izan ere, errepublikanoek behe eta goi ganberen kontrola lortuko balute, asko zailduko litzaioke Bideni bere agintaldiaren azken zatia. Horregatik da garrantzitsua demokratentzat Senatuaren kontrola mantentzea; Ordezkarien Ganberan errepublikanoek gehiengoa lortuko balute ere Senatua izango lukeelako Bidenek bere alde.

Demokratek hauteskunde kanpainan esan zuten demokrazia bera dagoela jokoan errepublikanoak Kongresuan gailenduko balira. Donald Trump presidente ohiaren babesean aurkeztutako eskuin muturreko hautagai errepublikanoek irabazteak adieraziko luke sistema politikoa bera eta hauteskundeak ere zalantzan jarri izan dituzten ordezkariak egongo direla erabakiguneetan.

Ordezkarien Ganberako eserlekuen banaketan aurretik doaz errepublikanoak, baina Senatuaren kontrola mantentzeko aukera handia du Bidenen alderdiak.

Goi ganberan ehun eserleku daude guztira, eta, oraingoz, 49na eserleku lortu dituzte errepublikanoek eta demokratek. Senatuko bi aulki dabiltza dantzan, Nevadakoa eta Georgiakoa. Nevadakoaren etorkizunak zehaztu lezake, ordea, Senatuko botere banaketa. Euskal jatorriko Adam Laxalt errepublikanoa edo Catherine Cortez demokrata, bietako bat izango da aulki horretan eseriko dena.

Nevadan Cortez gailenduko balitz, 50 eserleku eskuratuko lituzke Alderdi Demokratak, eta, ondorioz, Senatuaren gaineko kontrola mantenduko luke. Izan ere, bi alderdien arteko berdinketa egonez gero —bakoitzak 50 aulki izanez gero—, AEBetako presidenteordeak dauka azken hitza legeak onartzeko orduan; kasu honetan, Kamala Harris demokratak. Georgiako aulkia errepublikanoek irabaziz gero gertatuko litzateke hori. Georgiakoa demokratek irabaziko balute, gehiengoa izango lukete, eta ez lukete Harrisen azken hitzaren beharra izango goi ganbera kontrolatzeko.

Nevadako eserlekua Laxaltek irabaziko balu, berriz, Senatuaren gaineko kontrolaren auzia abendura atzeratuko litzateke. Georgian demokratek irabaziko balute, berdinketa egongo litzateke eta Senatua kontrolatuko lukete. Errepublikanoak gailenduko balira, 51 aulki lortuko lituzke Alderdi Errepublikanoak, eta, horrela, goi ganbera bereganatuko luke.

Georgia, abenduan

Georgian bigarren itzulian erabakiko dute Senatuko aulki horretan nor eseriko den; bi alderdi nagusietako hautagaietako batek ere ez baitu lortu botoen %50 biltzea, 2020an gertatu bezala. Abenduaren 6an egingo dute bigarren bozketa.

Oraingoz, Nevadako botoen %95 daude zenbatuta, eta mila boto ingururen aldea ateratzen dio Laxaltek Cortezi. Demokratak aukera handia du, ordea, Nevadako eserlekua eskuratzeko. Izan ere, Clark eskualdeko botoen %5 daude zenbatzeke —25.000 boto inguru—, eta Cortezen aldekoak izan daitezke. Clark eskualdea da Nevadan biztanle gehien dituena, eta hautagai demokratak babes handiena jaso duena. Cortezek botoen %52 jaso ditu, behin-behineko emaitzen arabera, eskualde horretan. Zenbatzeke dauden botoen gehiengoa Cortezen aldekoa bada, Alderdi Demokratak eskuratuko du Nevadako eserlekua, gainerako eskualdeetako biztanleria askoz murritzagoa delako.

Ordezkarien Ganberaren osaketa ezagutzeko denbora gehiago beharko dute AEBetan. Oraingoz, errepublikanoak ari dira lehian gailentzen, 211 eserleku eskuratu dituztelako jada; demokratek, aldiz, 201. Guztira 218 diputatu lortzen dituenak izango du behe ganberaren kontrola, eta hemezortzi daude jokoan. Botoen zenbaketa amaitzeko egunak —eta, agian, asteak— beharko dituzte, baina inkesten arabera, Alderdi Errepublikanoak lortuko du Ordezkarien Ganberako gehiengoa. Demokratei alde oso handia ere ez diete aterako, aurreikuspenen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.