Ricardo Barkala. Bilboko Portu Agintaritzako presidentea

«Azpiegitura egokiak behar ditu Bilboko Portuak; bestela, hilda dago»

Bilboko Portuko erdiko kai muturraren lehen fasea 2020rako amaitzea espero du Barkalak, eta hegoaldeko tren eta errepide saihesbideak gauzatzeko lehen urratsak eginda daude. Portuaren jarduerak horiek guztiak behar dituela dio.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Santurtzi
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Ibilbide profesional luzea egin du Ricardo Barkalak (Portugalete, Bizkaia, 1955) Bilboko Portu Agintaritzako presidente kargura iritsi aurretik. Besteak beste, Bilboko ekonomia sustatzeko Lan Ekintza udal erakundeko zuzendaria izan zen 1991tik 2003ra, Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordea izan zen 2012tik 2015 era, eta Bilboko alkateordea, uztailean portura iritsi zen arte. Merkataritza ontzietako kapitain ikasketak egindakoa da, eta ia 30 urteren ondoren itzuli da itsasora, Asier Atutxa aurreko presidenteari lekukoa hartuz. Postua gustura hartu duela dio: «Mugimendu asko dago, zirraragarria da».

Aurreko presidenteak hainbat erronka utzi dizkizu mahai gainean, eta horietako bat portuko trafikoari dagokio: 2022. urterako 37 milioi tonatara iristea da helburua. Zer iritzi duzu?

Trafikoa egoera ekonomikoarekin lotuta egon ohi da, eta, hasieran behintzat, egingarria dela iruditzen zait. Areago, gainditzeko aukera dagoela uste dut. Aurten,urtea 36 milioi tona inguruko trafikoarekin amaituko dugu, %5eko hazkundearekin, eta posible ikusten dut lau urtean milioi bat tona gehiago lortzea.

Trafikoari nola eragin dio Txinako Cosco konpainiak Noatum kontainerren operadorearen akzioen %51 erosi izanak?

Trafikoa arlo guztietan ari da hazten, kontainerretan, baina baita beste edukiontzietan ere. Cosco Noatumen sartu da, eta operazio hori babesten dugu, betiere esandako inbertsioak egin eta trafikoa hazten bada. Hala ere, Noatum ez da Bilboko kontainerren terminalean dagoen bakarra; beraz, Coscok %30 inguruko presentzia dauka hemen.

Bilboko Portuan Txinako trafikoa handitzea espero duzu?

Oraintxe, portuko kontainerren trafikoan bigarrena da Txina. Baina, bai, espero dugu ekialde urruneko trafiko gehiago iritsiko dela. Ardatz Atlantikoan porturik garrantzitsuena gara, eta alde on bat daukagu, gainera: ez gaudela ezertan espezializatuta.

Haizea Wind eta Lointekek ekoizpenerako lantegiak jarri dituzte portuan. Arlo horretan sartzen ari da portua?

Bai, eta horrek errentagarriago egiten du industria ehuna. Tona gutxiago garraiatuko dira modu horretan, baina horien kalitatea interesgarriagoa da: enplegua sortzen du, eta euskal enpresei lehiakortasun handiagoa eskaintzen die.

Erdiko kaia egindakoan, portuak 600.000 metro koadro gehiago izango ditu. Badu lekurik gehiago handitzeko?

Proiektua 2023rako amaituko da, eta 1992an aurreikusitako proiektua amaituta legoke.

Kai horrekin trafikoa handitu daiteke. Zein da helburua?

Portuaren %87 beteta dago, eta enpresak leku gehiago eskatzen ari dira. Enpresen deiak jaso ditugu, zein epe ditugun jakiteko.

Zein sektoretako enpresenak?

Estrategikoetakoak: altzairugintzakoak, energetikoak, eolikoak...

Automobilgintzako enpresaren batek deitu du Bilboko Portura?

Bai. Askotan hitz egiten da portuen arteko lehiaz, edo batak besteari trafikoa kendu diola. Portua ahal bezain hobekien kudeatzen dugu, eta, oraintxe erdiko kai muturra egiten ari bagara, ez dugu pentsatzen trafikoa nori kendu, portuko okupazio tasa %87koa daukagula baizik.

Pricewaterhouse Coopersek (PwC) atera zuen txosten baten arabera, ordea, Pasaiako portua ez da automobilen trafikoa garraiatzeko egokiena, eta Bilbora ekartzea proposatzen zuen. Asier Atutxa PwCra joan da...

Gu ez goaz inori trafikorik lapurtzera, eta are gutxiago Pasaiari, herri bateko interesei erantzuten baitiegu. Beste gauza bat litzateke gure aukerak hain onak izanda Bilbo nahiago izatea. Pasaiako portua, hala ere, egokitzapenak egiten ari da, eta okerrago litzateke Pasaia edo Bilbora ez etortzea.

Hegoaldeko bi saihesbideak itxura hartzen ari dira. Trenbidearen lanak 2021ean dira hastekoak, eta errepidea egiteko adjudikazioak egiten dabil diputazioa. Bilboko Portuarentzat proiektu estrategikoak dira?

Portu baten irisgarritasuna gakoa da lehiakortasunerako. Gaur egungoa txarra da? Ez, baina ezer egiten ez bada arazo bihur daiteke. Horregatik da garrantzitsua Bilbo hegoaldeko errepide saihesbidea luzatzea. Kamioi askok hegoaldeko saihesbidea saihestu egiten dute, maniobrengatik. Trenbidea etorkizuna da. Porturako trafikoa trenez ekartzen da, baina trenbide sarea merkantziek eta bidaiariek erabiltzen dute, eta mugatu egiten gaitu. Herriguneak zeharkatzen ditugu, eta gaueko trafikoa mugatzen du.

Trenen trafikoa handituko luke?

Bai. Gauez trafiko gehiago sartu ahal izango genuke.

Beraz, autobidea beharko litzateke?

Gaur egun, kamioi asko ez dira sartzen irisgarritasun txarra duelako.

Baina trena handituko bada...

Trafiko osoa handitzea litzateke hori. Erosoagoa da gune ezerosoetatik datozenak errepidetik iristea. Azkenean, azpiegitura egokiak behar ditu Bilboko Portuak; bestela, hilda dago.

Duela hiru urte, portura iristen zen trafikoaren %15 trenez zihoan. Zein da helburua?

100% esatea nahi duzu? Kamioilariek hilko naute... Egia da, hala ere, desoreka dagoela. Egun trafikoaren %10-%12 artean sartzen da trenez. Alde guztiak ondo bizitzeko oreka bilatzea da gakoa.

Hazten ari den beste trafiko bat transatlantikoena da. Aurten, inoizko bidaiari gehien iritsi da Getxora.

Trafiko berri bat da, eta estatu proiektu bat. Gaztelugatxe, Arabako Errioxa edo Guggenheim ikustera dator jendea. Hobekuntza gehiago egingo ditugu, 1.000 bidaiariko 400 eskifaia kide iristen baitira, eta zerbitzu hobeak eskaini nahi dizkiegu.

Euskal ekonomiaren sektorerik garrantzitsuenak daude portuan: turismoa, industria, merkataritza...

Dena dago, bai! Akaso, independentzia aldarrikatuko dut! Kar-kar. Normala da, lurraldearen beharretara egokitzen garelako.

Transatlantikoen sektoreak badu sabairik? Turismoaren inguruko kezka areagotzen ari da...

Bai, baina, gaur-gaurkoz, gure arazoa ez da hori. Batzuetan, hiriek ezin izaten dituzte hartu bidaiari kopuru handiak; baina, oraingoz, ez da gure eredua, eta ez dut uste gertatuko denik ere.

Zein da helburua?

Klima mugatua dugu; sasoiamartxotik azarora artekoa dahorregatik. Gure helburua da portua transatlantikoen abiapuntu bihurtzea; horretan ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.