'Altxa txapela' ETB1en

Sukaldaritzari buruzko lehiaketa berria estreinatuko dute gaur gauean. Joseba Argiñanok aurkeztuko du saioa, eta ekoizleak ariko dira lehian

Joseba Argiñano sukaldariak gidatuko du txapelketa. BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Sei saio, sei produktu: Idiazabalgo gazta, Tolosako babarrunak, arrautzak, baratzeko jakiak, marmeladak eta eztia. Sei produktu horiek eta horien ekoizleak izango dira protagonista Altxa txapela ETB1eko sukaldaritza lehiaketa berrian. Joseba Argiñano sukaldariak gidaturiko saioa gaur gauean estreinatuko dute, 22:00etan.

Euskal Herriko jakirik bereizgarrienetako batzuk gertuagotik ezagutzeko aukera izango da Altxa txapela-n. Saio bakoitzean produktu bat eta hura ekoizten duten lau ekoizle ariko dira lehian. Ekoizle bakoitzak bere lantokira gonbidatuko du ikuslea, eta bertatik azalduko du nolakoa den ekoizpen prozesua, eta bere eguneroko jarduna. Gainera, su artean aritzea ere tokatuko zaie. Parte hartzaile bakoitzak errezeta bat prestatu beharko du, bere produktua erabiliz betiere, eta elkarren lanak dastatu beharko dituzte gero.

Azoka izango da lehiaketarako aukeratutako gunea, eta, azoketan ohikoa denez, bakoitzak postu bat izango du. Errezetak etxean prestatuko dituzten arren, azokan bilduko dira txapela nork jantziko duen erabakitzeko. «Altxa txapela!» deiaren ostean, txapelaren azpian dagoena erakutsi, eta puntuazioak emateko astia izango dute.

Lehiakideek elkar baloratu beharko dute, eta hiru irizpide hartu beharko dituzte kontuan: produktua, ontziratzea eta errezeta. Argiñanok izango du, ordea, azken hitza, eta bere puntuazioak erabakigarriak izan daitezke. Aurkezleak aurreratu du batzuetan lehia estua izango dela eta amaieran ezustekoak egongo direla. Puntu gehien eskuratzen duenak 2.000 euroko saria eta txapela eramango ditu.

Gaurko saioan, Euskal Herriko produkturik estimatuenetariko bat izango da lehian: Idiazabalgo gazta. Gaztarekin batera, hura ekoizten jarduten duten lau parte hartzaile ariko dira. Aitor Urien gazte abadiñarra (Bizkaia) izango da lehen lehiakidea. Alboan izango du Unai Romero Orexako (Nafarroa) Ohian Txiki kooperatibako ekoizlea, baita Arantza Garaiburu Lea gaztaren ekoizlea ere. Azken lehiakidea Joseba Otegi izango da, Goine gaztaren ekoizlea.

Lehia eta jakintza

Reality-ek duten «lehia sano» eta «saltsa» hori ez du faltako Altxa txapela saioak, Argiñanoren esanetan, baina, ondo pasatzeaz gain, didaktikoa ere izango da lehiaketa: «Nik, sukaldari moduan, asko ikasi dut. Askotan uste dugu ulertzen dugula produktuez, baina lau adituren artean zaudenean askoz gehiago ikasten duzu». Ikusleentzat ere aberasgarria izango delakoan dago aurkezlea.

Saioak Euskal Herriko ekoizleak jarriko ditu lehen planoan, eta erakusleiho horrek lehen sektorea bultzatzeko balio izatea espero du Argiñanok. Ekoizleekin lanean aritzea, haien lana barrutik ezagutzea eta ikusleei erakutsi ahal izatea «ohorea» izan dela azaldu du: «Askotan hitz egiten da zero kilometroko produktuez, baina oraindik lan handia dugu egiteko, eta gainetik jarraitu behar diogu. Kontsumitzaileok zeresan handia daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.