IRITZIA

Klasiko oinarrizkoak eta ziurtasunak

2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Ostegunean hasiko da aurtengo Donostiako Musika Hamabostaldia: 79 emanaldi bilduko ditu, guztira, 84. edizio honek. Kursaal Auditoriumeko 11 kontzertuetan programa sinfonikoak zein errezital klasikoak nagusituko dira, bakarlari bikainekin: Pablo Ferrandez biolontxelo jotzailea estreinakoz arituko da jaialdian, eta, bestetik, Anne-Sophie Mutter eta Hilary Hahn biolin jotzaileak zein Grigory Sokolov eta Mitsuko Uchida pianistak berriro izango ditugu gurean. Operarik ez, baina izango da obra arranditsuentzako tokirik: L. V. Beethovenen 9. sinfonia, I. Stravinskiren Oedipus Rex oratorioaren eszenaratzea, G. Mahlerren 8. sinfonia itzela eta J. Haydnen Nelson meza. Horietan guztietan tokiko abesbatzen erakustaldiaz gozatu ahal izango dugu taulan.

San Telmo museoak Antzinako eta Ganbera Musika zikloak hartuko ditu klaustro zirraragarrian. Fintasuna, sen ona eta esperientziak emandako fidagarritasuna batzen dituzte, esaterako, Raquel Andueza sopranoak eta La Galania taldeak, baita Carlos Mena kontratenorrak eta Daniel Zapico tiorba jotzaileak osatzen duten bikoteak ere. Trifolium eta Breton laukoteek ere programa erakargarriak eskainiko dituzte, Boccherinitik eta Bretonen obretara.

Organo zikloa zabalenetakoa da: hamasei emanaldietan Gipuzkoako hoditeriei distira aterako diete erromantizismo alemaniarrak zein XX. mendeko konpositore frantsesen musikak, baita inprobisazioek, Ana Belen Garciaren eta Monica Melcovaren eskutik, kasu. Organoetan ez ezik, estreinaldiak izango dira Musika Garaikidearen zikloan ere: F. Ibarrondo, C. Asenjo-Marrodan, L. Romero eta A. Edler-Copesenak, alegia.

Haurrek toki berezia izango dute Viktoria Eugenia antzokian, txikiei zuzendutako Nora? euskarazko operan, baita abuztuan zehar izango diren ipuin kontaketa eta perkusio tailerretan ere. Musikari gazteak, aldiz, Miramar jauregian arituko dira abuztuko azken astean. Musika aitzaki hartuta, abesbatzak, ganbera taldeak eta askotariko errezitalak entzun ahal izango dira Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko hainbat txokotan. Dantzak Tabakalera hartuko du, baita Kursaala ere, Ballet Preljocajen Beltxargen aintzira obraren bertsioarekin.

Esperientzia pertsonal bat. Nerabea nintzenetik (nerabe hitza modurik onena iruditu zait hamabost urte baino gehiago pasatu direla esatea ekiditeko), niretzat Hamabostaldiak udaren une gorenetakoa adierazi du. Xelebre samarra izango naiz akaso, baina nire entzute gaitasunak eta musika zaletasunak kontzertu aretoetan, klaustroetan, elizetan eta soinu uhinak zabaltzen dituzten beste hainbat tokitan hezi eta aberastu ditut, hein handi batean, jaialdi honi esker. Eta ziur dakit isiltasunaren eta musikaren artean nork bere garapenerako baliabide ugari topatu ditzakeela, barnera biltzeko eremu pribilegiatuak. Horiek dira, hain zuzen ere, Hamabostaldiak urtero eskaintzen dizkigun aukerak, Kursaaletik Araiara, aurten kutsu are klasikoagoa eta, horregatik, hurbilagoa hartu duen programazioari esker. Hamabostaldian murgiltzea etxera itzultzea ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.