Katixa Agirreren 'Atertu arte itxaron' eleberria sarituko du 111 Akademiak

2015eko euskarazko liburuen artean aukeratu dute akademiako kideek. Saizarbitoriaren 'Lili eta biok' lanarekin lehiatu da azken fasean

Katixa Agirre idazlea, iazko maiatzean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
2016ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Literaturazaleen 111 Akademiak, urtarril partean, iazko euskarazko libururik gustukoena aukeratu zezatela eskatu zien berau osatzen duten 197 kideei. Urteroko prozedura da, 1997. urtean Beterriko Liburua izeneko saria sortu zutenetik. Akademiakideek hiru hilabete eta hiru bozketa txanda behar izan dituzte erabakia hartzeko, baina, azkenean, ebatzi dute saria: 2015ean Katixa Agirreren Atertu arte itxaron (Elkar) eleberria izan zen euskarazko obrarik azpimarragarriena. Maiatzaren 5ean emango diote saria Agirreri, Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean egingo duten ekitaldian.

Hiru fase izan ditu iazko euskarazko libururik «gogokoena» hautatzeko bideak. Otsaila bukatu bitartean, 2015ean kaleratutako liburuen artean bat aukeratzeko epea izan zuten akademiako kideek. Orotara, 83k eman zuten boza, aurreko urteetan baino gutxiagok. Horiek guztiek proposatutako lanen artean, gehien bozkatutako bostak igaro ziren hurrengo fasera: Imanol Murua Uriaren Ekarri armak, Jon Alonsoren Hiri hondakin solidoak, Joxemari Iturralderen Perlak, kolpeak, muxuak, traizioak, Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok eta Katixa Agirreren Atertu arte itxaron. Bigarren txandan, Saizarbitoriaren eleberria izan zen gehien bozkatutako lana, baina ez zuen botoen %40ko langa gainditu. Hortaz, hirugarren fasera pasatu zen, boto gehien zutenetako bigarrenarekin, alegia, Agirreren nobelarekin lehiatzera. Azken hori izan da gehien bozkatua, akademiako kideek egindako hirugarren eta azken bozketan. Irakurle eta literaturazaleek osatzen dute 111 Akademia. Saria emateko prozeduraren bitartez, diotenez, «akademiakideen irakurketa suspertzea» lortzen dute.

Bide bat, gatazkaz gatazka

Road movie gisara idatzitako eleberria da Agirrerena. Bikote batek Euskal Herrian zehar egindako bidaia kontatzen du lanak, baina, autorearen esanetan, aitzakia da ibilbidea, helburua bainoago. Ustez lasaia beharko lukeen bidaia horretan, ordea, gatazkak agertuko dira, bata bestearen atzetik. Euskal gatazka bai, baina, zehatzago, gatazkaren aurpegi eta alor ezberdinak jaso ditu Agirrek bere lehen eleberrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.