Durangoko 55. Azoka

EPIZENTRO MUGIKOR BAT

Denda digitalaz gain, ehun emanaldi baino gehiago izango dira Durangoko 55. Azokan. Abian da jadanik egitaraua, Durangoko bi gunerekin, handik kanpoko eskaintzarekin, eta guztia 'streaming' bidez zabalduta. Kulturazale gehiagoren beroa falta dela sumatu arren, zuzenekoei eustearen garrantzia bistaratu dute.

Durangarrek eta mugakide diren herrietako biztanleek bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten azokako zuzenekoak, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun

Elurtuta Anboto, eta euria erruz atzo Durangoko Azokan, giroaren hezeaz eta hotzaz kexatuko zen inor gutxi gabe, ordea. Ohiko argazkitik eguraldia baino ez kasik, eta, batez ere, jende faltak egiten zuen begietara salto atzo Landakoren bueltan. Bertaratutako askori galdetuz gero, pena konpartitu bat askoren ahotan: sortzaile, zale eta lagunekin elkartu ezinaren hutsunea. Eta, hala ere, antzematen nekezago izan arren, igar zitekeen mugimendurik Durango egunotan bihurtzen den euskal kulturaren epizentroaren inguruan. Hala frogatzen zuen Landako guneko lehenengo moduluan eskariak jasotzen eta paketeak biltzen ari ziren langileen joan-etorriak. Baina, batez ere, euren azken lanak zuzenean aurkeztera etorri ziren idazle, musikari, ilustratzaile eta besteren bisitek eta horiei entzutera bildutako durangarrek eta mugakide diren herrietako biztanleek biziagotu zuten giroa, Durangoko 55. Azokaren bigarren egunean.

Saltoki digitalarekin batera, ehun emanaldi baino gehiagoko egitaraua prestatu du Gerediaga elkarteak aurten, eta atzo eman zioten hasiera. Eguneko lehen orduak propio umeendako emanaldietarako izan ziren. Edo umeentzako ere badiren emanaldietarako. Ñabardura hori egin baitzuen Itziar Otegi idazle eta itzultzaileak, Lorerik Gorrienak album ilustratua aurkezten hasi berritan, Sandra Garayoarekin batera: «Album ilustratuak helduentzat zein txikientzat izan daitezke interesgarriak. Haur literatura helduek ere irakurri dezakete, eta politena irakurketa partekatu hori da». Etxepare saria irabazi dute biek aipatu lanarekin, eta irakurraldi ilustratua egin zuten atzo Landako barrenean atondutako agertokitik. Aurretik aurkeztu zituzten Itsas hariak eta Koralaren distira lanak ere, eta zangoak lurrera heltzen ez zitzaizkien haurrek aulkietan geldigor, baina tokatzen zenean txalo joz, eta tokatzen zenean kantuan, fin jarraitu zituzten aurkezpenak, helduen artetik.

Tarte berean hasi ziren Plateruena Kafe Antzokiko kontzertuak ere, zuzenekoetarako atondutako beste espazioan. Habi taldeak ireki zuen eguna bertan, eta Iban Urizar Amorante-k hartu zien lekua ondotik. Argi gorrien artetik, tronpetarekin lehenik, autotunearekin beti, eta streaming-erako irudi ahalik eta osoenak harrapatu guran zebilen garabi bat inguruan zuela. Amaituta zeuden kontzertua bertatik bertara ikusteko gonbidapenak bezperatik, eta, elkarrengandik nahi baino aparteago jarrita, baina sortu zuten tarte baterako epeltasunik entzuleek. «Zuen taupadak sumatzen ditugu, nahiz eta maskara atzean ezkutatu», Amorantek. «Plateruena bezalako leku batean kantatzea ez da gutxi; nahiz eta tristuraz beteta egon, pozik naiz oholtzan». Berba horiekin itxi zuen ordu erdi pasako emanaldia, ez aurretik lan egoera larrian diren ikuskizunetako teknikariekin gogoratu gabe.

«Hori da paradoxa, ez?», zioen jaitsitakoan. «Tristura Plateruena itxi egin behar dutelako, emozioak pilatzen direlako; eta pozik zuzenekoak egiteko deitzen didatelako, hori delako niri gehien gustatzen zaidana». Aurten kaleratu du estudioko lehen lan luzea, Bat edo Hiru, eta aurrenekoz jo du, bada, Ahotsenean. Sentimendu «arraroa» utzi ziola aitortu zuen autoan gauzak batu berritan. «Urtero etortzen naiz, eta gustatzen zait urtean zehar gutxi ikusten ditudanekin topo egitea; gaurkoa oso arraroa egiten da».

Mundu digitala geratuko dela, bai, baina zuzenekoek ordezkaezina den hori dutela defendatu zuen: «Niretzat bai, dudarik gabe. Baina publikoak berak ere uste dut eskertzen duela musika zuzenean bizitzea, eta ez pantailaz bestalde. Eguneroko bizitzan pantaila gehiegi ditugu; eutsi behar diegu zuzenean jasotzen ditugun sentsazio horiei guztiei, ahal den neurrian, horri heldu eta hori zaindu». Dimara (Bizkaia) abiatu zen Durangotik, kantura hara ere.

Bustitzearen itxaropena

Ahotsenean ohi den azkartasunez, soinu proba bizkor bat, eta ohartu orduko hurrengo taldea abian zen Plateruenan: Izatefalsua. Arratsaldean haien atzetik joan ziren heltzen Xsakara, Moxal, Mihise, Bulego, Marlik eta Bizarro. Eta erritmo bertsuan Landako barruan ere. Eguerdi aurretik, Asisko Urmenetak, Dani Fanok eta Joseba Larratxek Sugarren menpe eta Basolatik berrionik ez komiki lanak aurkeztu zituzten, eta haien aurretik Etxeko urak Leire Bilbaok, Ainara Gorostitzu kazetariarekin. Irailaren azkenetan kaleratu zuen bere hirugarren poema liburua Bilbaok, eta amatasuna literaturan lantzeko zeukan gogoa ase izanaz aritu zen.

«Eguraldia bezala dago Durango», aitortu zuen ingurura begira. «Aurreko urteetan baino hotzago, baina euriarekin, eta euriak sikiera badu alde on bat: busti egiten duela. Pentsatu nahi dut literaturak, musikak, sorkuntzak ere nolabait bustiko gaituela egunotan». Azokaren «onena» topagune izaera dela esan zuen berak ere, jendearen arrimua. «Urteak, denborak eta irakurketek aspaldi ikusi ez dituzun horien azal, begirada eta eskuetan zer idatzi duten ikustea». Baina baikor aritu nahi eta bakartze behartua irakurleak irabazteko aukera izan daitekeela iradoki zuen. «Ea hemendik denbora batera estatistikek esaten duten jendeak gehiago irakurtzen duela».

Batetik bestera zebilen Miren Narbaiza, Landakotik Plateruenara, eta buelta. Aurten hartu du Ahotseneko koordinazioa, eta ez zaio lur hartze errazik tokatu. «Etengabe pentsatzen eta birpentsatzen egon gara zelan egin, egin ahal izateko». Eta lehen orduek emandakoarekin, pozik: «Oso ondo doa, egia esan. Arraroa da lasai-lasai egotea, baina jendea pozik dabil».

Sinadura trukeaz harago, azokan sortzaile zein hartzaile elkarrengana hurbiltzeko jarri zuten martxan Ahotsenea 2007an, eta egonkortuz joan da haren lekua ordutik. Aurten ere mantendu beharra garbi ikusi arte. «Egitaraua gutxitu da, guneak desagertu dira... baina argi geneukan jarraitu behar zela borrokatzen sortzaileentzako plaza mantentzeko, eta streaming txukun bat lortzeko». Azken horri lotuta, Durangon izandako emanaldiak etxeetara ahalik eta irudi eta soinu kalitaterik onenarekin heltzeko apustu bat egin dutela nabarmendu du.

«Denaren gainetik, jarraitu egin behar da». Izpiritu horrekin ari da bera egunotan, «sentimendu kontrajarriekin», hala ere. «Bere kabuz ez da joango hau aurrera, hemen bultza egin behar da». Kabia, Eszenatokia, Irudienea... beste guneetako kideekin aritu dira lanean aurretik, baina azken egitarauan apenas topatu duten lekurik horiek, eta gogoan hartu ditu Narbaizak. «Akaso datorren urtean bilatu beharko da konpentsatzeko modurik».

Iluntzera arte segitu zuen zuzenekoen jirak Durangoko bi guneetan, nahi zuenari klik bitara etxetik bat egiteko aukera emanez une oro. Hor epizentroaren lehen lekualdaketa, biderketa. Eta etxeetara bakarrik ez, Euskal Herriko beste hiru udalerritako antzokitara ere heldu zen atzo azokaren marka —beste bostera helduko da datozen egunetan—. Atzokoan, Azpeitiko Soreasun (Gipuzkoa) aritu zen Gatibu arratsaldeko lehen orduan; Liher eta Sorkari Atarrabiako (Nafarroa) Totemen; eta Silicies Grizzlies eta Kyxo Donostiako Dabadaban.

Bien bitartean, egunak aurrera joan ahala, hutsuneak joan ziren sortzen biltokian, liburu, disko, egutegi eta bestelakoen artean. «Hemen da!», entzun zen eguerdian, bezperako azken ordutik pilatutako paketeen bila zetorren kamioia heldu zenean. Telefonoa ere joka, erosketetan izandako arazoez galdezka zenbait, eta langileen artean korrikaldiren bat ere bai arrats betean. Digitalaren lanbroak igartzea zaildu arren, izan bazen mugimendurik azokan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.