Migrazio politika EBn. Macron-Conte bilera

EBko migrazio politiken «erreforma sakon bat» agindu du Macronek

Frantziako presidenteak Conte jaso du, 'Aquarius' ontziak sortutako tirabiren ondoren. Dublingo arauditik harago joan beharra azpimarratu dute. 'Trenton' Italian porturatuko da, 41 migratzailerekin

Emmanuel Macron eta Giuseppe Conte, Parisen eginiko bileraren ostean, atzo. FRANCOIS MORI / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
«Europari eraginkortasuna eta elkartasuna falta izan zaizkio. Migrazioaren erronkari erantzuteko erreforma sakon baten garaia heldu da», azaldu zuen Frantziako presidente Emmanuel Macronek, atzo, Italiako lehen ministro Giuseppe Conterekin bildu ostean. Biek azpimarratu zuten EB Europako Batasuneko estatukideen arteko koordinazioa hobetu beharra, eta Dublingo arauditik harago joan beharra ere adierazi zuten, «jada ez baita eraginkorra». Bi bide jorratu beharra azpimarratu zuten: migratzaileak igarotzen diren estatuekin harremana berritzea eta asilo eskatzaileak jasotzeko antolaketa hobetzea. Bilera egingo zuten ezbaian egon zen, Aquarius ontziaren auzia dela medio elkarri eginiko kritiken ondorioz.

EBko estatuen arteko elkarlana ezinbestekotzat jo zuten Macronek eta Contek, batez ere, Mediterraneo itsasoarekin muga egiten duten herrialdeekin. Frantziako presidentearen esanetan, Frontex EBko kanpo mugen babeserako sistema indartu behar da, «inbertsio handiagoekin».

Contek, berriz, mahai gainean jarri zuen immigranteen jatorrizko herrialdeetan eta igarobideetan zentroak kokatzeko ideia, asilo eskaerak koordinatu eta errefuxiatu estatusa lor dezaketenak identifikatzeko. Era berean, «lehen iritsierako estatua» kontzeptua aldatzea ere eskatu zuen: «Italian hanka jartzen duenak Europan jartzen du». Izan ere, horren arabera, immigranteek zapaltzen duten lehen estatuan egin behar dute asilo eskaera.

Bien bitartean, ordea, Oxfam Intermon GKEak bi estatuen jarrera gaitzetsi zuen. Erakundearen arabera, Frantziaren eta Italiaren arteko mugan, Frantziara zeharkatzea lortzen duten migratzaileak atxilotu eta Italiara «ilegalki» itzularazten ditu Poliziak.

Immigrazioa da gai nagusia Italiako Gobernuan, eta Pariskoa ez zen gaiaren inguruko bilera bakarra izan atzo. Italiako eta Maltako Atzerri ministroak, Enzo Moavero Milanesi eta Carmelo Abela, atzo elkartu ziren Erroman. Bi estatuek ika-mika estua izan zuten aurreko igandean, batak bestearen gain utzi baitzuen Aquarius ontziari portua irekitzeko betebeharra, astelehenean Espainiak ontzian zihoazen 629 migratzaileak jasoko zituela esan arte —igandean helduko dira Valentziara (Herrialde Katalanak)—. Halere, immigrazio gaietan elkarlana sustatzearen alde agertu ziren bi ministroak, Dublingo araudiaren berrikuspena bultzatzeko. Itunak erregulatzen du EBra iristen diren immigranteen banaketa estatukideen artean. Italia araudiaren aldaketa prestatzen ari da, Europako bazkideei erakusteko, eta Contek adierazi zuen Austria Europako Kontseiluko presidentetzan denean onartzea espero duela. Hori datorren hilabetetik aurrera izango da.

Datorren astean, Alemania

Conteren bidaiak astelehenean izango du bigarren eta azken geltokia, Berlinen. Alemaniako kantziler Angela Merkelekin bilduko da. Frantzian bezala, Italiak Aquarius ontziarekin izaniko jarrerak zeresana eman du Berlinen ere, gobernua ezbaian jarri arte. Izan ere, Italiako Barne ministro Matteo Salvinik asteazkenean adierazi zuen Dublingo araudia erreformatzeko egitasmo bat gidatuko zuela, Austria eta Alemaniarekin batera. Prozesu berri horri hasiera eman nahian, Alemaniako Barne ministro eta Bavariako CSU Batasun Sozial Kristauko presidente Horst Seehoferrekin hitz egin zuen Salvinik. CSUk Austria bizilagunaren bidetik jo nahi du, eta, besteak beste, Alemaniako mugak ixtearen aldekoa da, EBko beste estatukide batzuetan erregistratuta dauden immigranteei sarrera debekatuta, «immigrazio ilegala» amaitu bitartean.

CSU izan da azken urteetan Merkelen CDU Batasun Kristau-Demokrata alderdiaren aliatu nagusia, baina Seehoferren jarrera Merkelek jarraitu nahi duen politikaren aurka doa. Gobernuko bozeramaile Steffen Seibertek, CDUkoak, atzo azaldu zuen bi alderdien arteko desadostasuna «oinarrizkoa» dela, eta azpimarratu zuen Alemaniako Gobernuaren proposamena «europarra» dela: «Ezin zaio aldebakartasunez ekin». Horregatik, immigrazioaren gaiak eragiten dien EBko bazkideekin akordioak lortuz iritsi nahi dute konponbidera. Halere, kantzilerrak Barne ministroarengan konfiantza osoa duela azpimarratu nahi izan du gobernuak.

Macronek Merkel babestu du, gobernuburuaren figura azpimarratuz. Alemaniako kantzilerrak egin bezala, Italiaren, Alemaniaren eta Austriaren arteko aliantza gezurtatu du Macronek, ezer onik ezin ekar dezakeela adierazita.

Italia egiten ari den elkarrizketa horiek guztiek hilabete bukaerako Europako Kontseiluaren bilera dute jomuga. EBko estatu eta gobernuburuak ekainaren 28an eta 29an bilduko dira, eta Mediterraneo itsasotik iristen diren immigranteen egoera eta Dublingo araudiaren etorkizuna izango dituzte tratatu beharreko puntu nagusietako bi.

Badirudi Italiak ez duela kasu guztietan Aquarius ontziarekin bezain gogor jokatuko. Atzo, Italian porturatzeko baimena eman zioten kostazainek AEB Ameriketako Estatu Batuetako marinako Trenton ontziari, AEBen enbaxadak baimena eskatu ostean. Barkuan 41 migratzaile doaz, asteartean erreskatatuak. Sea Watch GKEaren ontzi bat horiek porturatzeko prest agertu zen, baina ez zuen Italiaren baimenik jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.