Gatazkaren ondorioak GALen biktimak. Bixente Perurena Telletxea

Sutondoko hizketaldiek piztutako grina

37 urte zituela hil zuten Bixente Perurena, Hendaian. Zerbitzari atseginaren fama zuen, herri kirolen zalea zen, eta gaztetatik izan zituen kontzientzia soziala eta nazionala. Hura hiltzeagatik ez zuten inor epaitu.

BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Baserriko semea zen Bixente Perurena Telletxea Peru, Oiartzungo Altzibar auzoan jaioa (Gipuzkoa), 1946an. Bost anai-arrebetan laugarrena zen, eta adi entzuten omen zituen aitak 36ko gerraz sutondoan kontatzen zizkienak. Gazterik joan behar izan zuen tailer batera lanera, baina baserriko lanetan laguntzeko modua ere egiten zuen. Baita familiaren tabernan ere; azkar irabazi zuen zerbitzari atseginaren fama.

Herri kirolen zalea zen Peru, baina bizikleta gainean ibiltzea zuen afizio gogokoenetakoa, lanak tarterik uzten zionetan. Errenteria eta Oiartzun arteko maldetan, gustura ibiltzen zen anaia Txominekin batera. Abilezia handia zuten biek, eta anaia txirrindularitza munduan ezagun egiten hasi zenean ere, batera eta bestera laguntzen zion ahal zuen guztietan.

Baserriko sutondotik hasita agian, gaztetatik piztu zitzaion Euskal Herriarekiko kezka. Gerora emazte izango zuen Blanki Pascual ezagutu zuenetik, ordu ugari egiten omen zituzten biek politikaz hizketan: nazio arazoaz, baita arazo sozialez ere. Abertzaletasuna etxean jaso zuen, eta emaztearekin egindako hizketaldi luze haietan sendotu zitzaion kontzientzia soziala. Ezkondu ondoren, Peruren familiaren baserrian eman zuten bolada bat biek, eta Errenteriara joan ziren gero bizitzera. Han izan zituzten hiru alabetako bi, baina, sorlekuak deituta-edo, baserrira itzuli ziren gero. Oiartzungo inguru hartan hazi zituzten alabak, 1981eko otsailean Peruk Ipar Euskal Herrira alde egin behar izan zuen arte.

Hiru urte eman zituen Lapurdin, iheslari. Zailtasun ugariri aurre egin behar izan zieten. Besteak beste, modu askotako lanak egin zituzten bizia aurrera ateratzeko. Horietako batean ezagutu zuen, esaterako, Alberto Atxotegik. Pilak banatzen zituen Garoa enpresan aritu ziren biak, Miarritzen aurrena, eta Donibane Lohizunen gero. Sorlekutik urrundu arren, familiaren tabernan bezala, azkar irabazi zuen Peruk ingurukoen konfiantza. «Langile fina zen, eta lankide jator eta umoretsua», dio Atxotegik: «Gaur bezala, Seaska kinka larrian zegoen orduan ere, eta ikastolen aldeko ekitaldietan maiz elkartzen ginen. Hura betidanik etxetik ostalaritzan ibilia zenez, gehienetan ikastolako festetan parrilako lana egokitzen zitzaion». Kirol ekitaldietan, kantaldietan eta bertso saioetan ere ibiltzen ziren, eta iheslari iritsi berriei laguntzeko astia ere ateratzen zuen Perurenak.

Izan ere, urte gogorrak ziren haiek euskal iheslarientzat; GAL ere hasia zen gerra zikinarekin. 1984ko otsailean, hiru hilabete inguru zeramatzaten Peruk eta haren familiak Hendaiako Aizpurdi kaleko etxe batean aterpe hartuta. Bi hilabete lehenago bahitu zuten, esaterako, Segundo Marey, kale hartan bertan. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hainbat enpresak salatu zuten egoera, eta Alain Jezequel garai hartan Baionako suprefeta zenarekin ere bildu ziren, bizpahiru aldiz. «Finean, errua enpresa arduradunoi bota zigun, euskal errefuxiatuei enplegua emateagatik, eta ez zigun inongo jaramonik egin», dio Atxotegik.

Segika zebilzkiola kontatu zion lagun batek, eta berak ere mugimendu arraroak sumatu zituen etxe inguruan. Egun batzuk lehenago salatu zuen egoera hori Angel Gurmindo Lizarraga Stein iheslariak. Otsailaren 8an, lantegira joan zen goizean Peru, eta lankideei kontatu zien auto susmagarri bat ikusi zuela etxe inguruan, Seat markakoa eta Bilboko matrikuladuna, hiru bat lagun barruan zirela. Goiz hartan bertan joan ziren PAF Aire eta Mugetako Poliziak Hendaian zuen bulegora, gertakaria salatzeko asmoz. Joel Cathala zen orduan polizia etxeko buru eta «borroka antiterroristaren» arduraduna, baina, Atxotegik kontatu duenez, ez zituen hartu nahi izan. «Kontuan izango zutela esan ziguten». Arrats hartan bertan hil zituzten Bixente Perurena eta Angel Gurmindo, 19:50 inguruan. Peruren etxe aurrean tirokatu zituzten, Aizpurdi kalean, Marey bahitu zuten lekutik berrehun bat metrora. 37 urte zituen.

Gau hartan bertan Ibardingo gaineko bentetako langile batek deitu zuen Egin egunkarira, han inguruan mugimendu arraroak ikusi zituela salatzeko. Haren esanetan, 20:15 eta 20:30 artean jende ezezagun dezente sumatu zuen; tartean, mugako pasabide horretan Guardia Zibileko teniente gisa aritzen zena, kaleko jantzita. Ordu horretan Renault markako bi autotan bost lagun iritsi zirela kontatu zuen, eta matrikulak aldatu ondoren zain zeudenen autoetan alde egin zutela.

Peru eta Steinen hilketagatik hainbat lagun inputatu zituzten. Tartean, garai hartan CESIDeko buru izandako Emilio Alonso Manglano, Andres Casinello, Jose Antonio Saenz de Santamaria eta Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneralak eta Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilak —Lasa-Zabala auzian kondenatuak—. 2002an, epaileak inputazioa kendu zien Guardia Zibileko jeneralei eta Manglanori. Manglano eta hiru jeneralak atentatuarekin lotzeko zantzu nahikorik ez zegoela esan zuen, eta preskribatua zegoela erakunde armatuko kide izatearen delitua. Auzia bera 2003an artxibatu zuten. Atxotegik oroitarazi duenez, Frantziako administrazioaren dokumentuetatik ateratakoak ziren GALeko mertzenarioek erabiltzen zituzten errefuxiatuen argazkiak. Ez Espainiako ez Frantziako epaitegietan inor ez dute inoiz epaitu atentatu honengatik, ezta zigortu ere.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: Berria.eus/GAL/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.