Gemma Sangines Saiz.
ANALISIA

Euskaraldia, ospakizuna edo aukera berria?

2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Hirugarren edizioa da aurtengoa eta dagoeneko gogoan barneratuta dugu Euskaraldia euskaltzaleok. Euskararen ospakizuna da, euskara gainean lupa jartzeko momentua, euskaldunen ohiturak aztertzeko eta aldatzeko unea. Baina, zer-nolako forma hartzen ari da Euskaraldia?

Asmo handiko proiektua izan da hasieratik. Rol banaketari eta txapei esker, hiztunentzako arnasguneak eratu ziren lehenengo aldiz lurralde osoan eta ohiturak aldatzeko aukera paregabea sortu zen. Euskaraldiaren lehenengo ediziotik sei urte pasatu dira eta etorkizunari begirako gogoeta egiteko garaia da: nolako eboluzioa izan dezake ekimen honek? Norantz doa euskararen erabileran iraultza egiteko asmoarekin jaio zen ariketa?

Euskaraldia, funtsean ekintza kolektiboa izateaz gain, ariketa pertsonala ere bada. Maila indibidualeko aldaketa pertsonalerako eta hobetzeko borondaterik gabe, ezin da bilakaera sozialik gertatu. Ariketa honen eta edozein kirol proposamenen arteko paralelismoa egin daiteke. Errendimendua hobetzeko kontuan hartu beharreko faktore batzuk daude kirolean, eta faktore horiexek lagun diezagukete hizkuntzaren erabilera hobetzen.

Lehenengo elementua ahalegina da. Kirolariak bere helburuak lortzeko dituen kanpo-erraztasunak alde batera utzita (kalitatezko materiala, instalazioak, bekak, etab.), bakarrik dago kirola egiteko unean. Batzuek trebetasunez aritzen dira, berezko dohainak dituztelako, eta beste batzuek lan handiagoa dute planteatutako maila lortzeko. Edonola ere, nork bere buruari ezarritako helburuak betetzeko, funtsezkoa da ahalegina egitea, handiagoa edo txikiagoa. Ahalegin horrek egunerokoa eta jarraitua izan behar du: ez da nahikoa, besterik gabe, maratoi bat behin korritzen saiatzea, besteak beste, lesioa izateko eta lasterketa bertan behera uzteko arrisku handia dagoelako.

Bigarrena progresibitatea da. Helburuak betetzeko, oso garrantzitsua da hasierako maila ezagutzea eta progresioa zehaztea. Hortik abiatuta programatu daitezke ahalegina eta dedikazioa. Inteligentziaz egin behar da lanen banaketa, gehiegizko esfortzuak eta lesioak saihesteko. Kirolean ez da inoiz helburu dikotomikorik planteatzen. Ez luke inolako zentzurik izango, esate baterako, sedentarioa izanda, Behobia-Donostian izena ematea eta lasterketa 7 egun aurretik prestatzen hastea. Progresibitate printzipioak denboralizazio ona behar du eta helburuak pixkanaka lortzea dakar, azken helmugara iritsi eta hura finkatu arte.

Hirugarrena ebaluazio jarraia da. Helburuen arabera lan egiteak errendimendua ebaluatzeko metodologia bat hartu behar du barne. Helburuak non dauden ondo kokatzeko, egindako bidea neurtu behar da eta neurtzeko tresnak behar dira (kronometroa, zinta metrikoa, markagailuak edo, gure kasuan, zailtasunaren erregistro subjektiboak).

Ez nuke egin dudan konparazioa amaitu nahi azken elementu bat aipatu gabe. Kirolean oso garrantzitsua da fair play-a. Gizarte elebidun batean, eskubide berdinak izan behar dituzte hiztun guztiek. Fair Play hori administrazioek bermatu beharko lukete. Guztientzako hizkuntz eskubide berdinak ez bermatzea tranpa egitea da, batzuen dopajea onartzea da. Beraz, Fair Play-a egoteko, ezinbestekoa da administrazioen eta erakundeen gardentasuna eta koherentzia.

Ikusi dugu ariketa fisikotik eta kiroletik ikas dezakegula euskal hiztunok gure espazio linguistikoa nola hobetu. Nolabait, euskararen kirolariak bihur gaitezke. Euskaraldiaren ariketa testuinguru aproposa da martxan jartzeko (edo martxan jarraitzeko) eta asertiboagoak bihurtzeko hiztunak. Baina jakin behar dugu testuinguruak bakarrik lortzen duena, nahiz eta garrantzi handikoa izan, ez dela nahikoa. Gure aldetik ere, ahalegina egin beharko dugu espazio linguistikoa hedatzeko eta garatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da planteamendu progresiboa. Bestela, «hemendik aurrera euskaraz jende guztiarekin, denbora guztian euskaraz…» bezalako helburuak astunegiak izan daitezke eta, ez badira gertatzen, uko egingo diezaiokegu proposamenari.

Zoritxarrez bada Euskaraldia beste modu batean hartzeko arriskua: ospakizun huts eta isolatutzat har daiteke. Oso berri txarra litzateke euskararentzat eta euskal hiztunontzat efimeroa bihurtzea Euskaraldia, ikusezina, eta aurreko ohiturek ekimenaren eragina irenstea. Arrisku hori saihesteko, aste honetan hasi den ekintza zoragarri honetan, serio, tinko, eta modu arduratsuan parte hartzen badugu, bultzada ederra emango diogu euskarari eta gure ongizateari. Aukera itzela izango da gure espazio linguistikoa eta gure osotasuna garatzeko, betiere aurretik aipatu diren printzipioak kontuan hartuta.

Oharra: Artikulu honetan parte hartu du Karmelo Ayestak, zati baten itzulpenean eta egokitzapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.