Kataluniako erreferenduma

Hautetsontzien herri harresia

Ikastetxeetara sartutako milaka herritarrek 06:00 arteko epea dute horietatik irteteko. Oro har, lasai igaro dituzte ostiraletik iganderako orduak, gaur 09:00etan bozkalekuak zabalik egotea helburu

Bartzelona. Materiala sartzen Univers eskolan, atzo, Gracia auzoan. ORIOL CLAVERA.
jon olano
Bartzelona
2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Heldu da Katalunian zirt edo zart egiteko eguna. Bozkalekuak zabaldu edo ez, hori egongo da jokoan goizean goizetik. Herrialde osoan zehar 2.315 ikastetxe eta bestelako bozketa zentro babesten ari diren milaka herritarrekgaur goizeko seiak arteko baimena dute leku horietan egoteko, eta bederatzietan da hastekoa bozketa. Tarte horretan eratu beharko lituzkete mahaiak, eta beharrezko materialaz hornitu bozkalekuak. Hala izan dadin bermatzeko, eta, Poliziak erabil dezakeen indarra nahikoa izan ez dadin, ostiral arratsaldeaz geroztik daudeeraikin horien barnean nahiz kanpoaldean.

«Ekitaldi sorpresa». «Ate irekien eguna». «Musikaren eguna». Urriaren 1a hamaika modutara bataiatu dute Kataluniako ehunka eskolatan eginiko «festetan», «itxialdietan», «jolas ekitaldietan». Hamaika izen, dozenaka metafora, gauza bera esateko: Katalunia estatu independente izateari buruzko erreferendum eguna. Eta ekitaldien xedea, argia: gaur goizean bozkaleku guztiak zabalik egotea. Poliziaren zigilatze lana eta herritarren sarbidea errazteko asmoz, zenbait tokitan ateak eraman dituzte; Ridauran, esaterako, argudiatu dute «konpontzera» eraman dituztela.

Erreferendumaren bezperan, Clara Ponsati GeneralitatekoHezkuntza kontseilaria mintzatu zen zentroak zabalik mantentzeko egitasmoen inguruan. Eskertu eta txalotu egin zituen horietako bakoitzean egiten ari diren ekitaldiak, funtsean, galdeketaren defentsa «baketsua baina irmoa» egiten ari direlakoan: «Askatasun, irudimen eta demokrazia leherketa bat da, eta oso pozik gaude hala izaten ari delako».

Bartzelonako Gracia auzoan kokatutako hamabost bozkalekuetan pilatzen dira boto independentista asko eta asko. Univers eskolan, «ikasturte hasierako festa» dute ostiralaz geroztik, eta, harrezkero, bertan daude dozenaka guraso, irakasle eta ume. Izen gehiago darabiltza Irene Lop eskolako gurasoak asteburuko egonaldiari esateko, «udazkeneko festa» edo «bizitzako aro berri bat hasteko festa», esaterako. 40 helduk eta 40 umek igaro zuten ostiraletik larunbaterako gaua, baina atzo goizean 200 ziren jada eskolako ekitaldian parte hartzen ari zirenak.

Eskulanak eginez igaro zuten ostiral arratsaldea, eta gauarekin batera heldu ziren afaria eta oheratu aurreko film emanaldia. Lehenago, ordea, bisita izan zuten; 20:30 aldera iritsi ziren bi mosso, bertakoei galdetzeko zertan ari ziren, ordezkaririk ba ote zuten, eta begiratzeko erreferendumaren antolaketari lotutako jarduerarik egiten ari ote ziren. Gauean behin baino gehiagotan igaroko zirela eta gaur 06:00etarako alde egin beharko zutela ohartarazi, eta hamar minutura joan ziren, guraso ugariren aurpegietan islatu zen lasaitasunerako. Hala egin zuten Katalunian okupatutako gainerako eskoletan ere. «Zer gertatzen da?» galdezka ari zen umeetako bat, Poliziaren presentziak eta telebista kameren fokuek aztoratuta. Agindu bezala, itzuli ziren mossoak, gutxienez bost aldiz, eta gutxienez hiru lagun identifikatu zituzten.

Universera bezala, okupatutako ikastetxe eta bozkaleku izango diren zentro guztietara joan ziren mossoak. Hala agindu zien Mercedes Armas Kataluniako Auzitegi Nagusiko epaileak. Esaterako, Girona hiriburuan, 21 bozkalekutatik hemeretzitara sartu ziren, eta guztietara joan ziren poliziak, jakiteko zein jarduera zeuzkaten prestatuta. Kasu gehientsuenetan, akta jaso baino ez zuten egin.

Beldurra, «igarotako fasea»

Gracian bertan, mahai luze batek egin zien harrera mossoei Jujol ikastetxean. Hor ere, guraso, ikasle eta irakasleak baino ez ziren lotara geratu eraikin barruan, eta, horiek gutxi izan zitezkeelakoan, jende gehiago batu zen eskola atarian. Marc Cortal irakasleak, ordea, gehiago espero zituen bart gauean, auzoan eskola ezaguna delakoan. Hain justu, ostiral gauean baino gehiago, bart zuten jende beharra; gaur 06:00 arteko baimena dute eskola barruan egoteko, ordu horretatik aurrera joango baita Polizia, epailearen aginduz, ikastetxea zigilatzera. Ordu horretarako jendetza biltzea da asmoa, poliziek ezin dezaten galarazi bozketa gauzatzeko material guztia prestatu eta bozkalekuak zabaltzea.

Jujolen defentsan parte hartzen ari denetako bat da Liz Castro idazle eta Kataluniako Biltzar Nazionaleko idazkaritzako kide ohia. «Erabakigarritzat» du asteburua: «Hamar urte daramatzagu momentu honen zain, eta egin ditugun mobilizazio jendetsu, baketsu eta demokratikoak, hain zuzen, egin ditugu erreferendumaren egunera iristeko». Ziur dago baiezkoak irabaziko duela eta herritarrak ez direla gaur gerta daitekeenaren beldur: «Nik uste fase hori igaroa dugula. Ezin da beldurrez bizi. Lagun batek dio ezin dela erabaki nola hil, baina bai nola bizi». Ezingo du botoa eman, Ameriketako Estatu Batuetan jaiotakoa delako eta ez duelako Espainiako agiririk, baina seme-alabek botoa eman dezaten ari da ikastetxeari zabalik eusten.

Bestelako egoera batean zeuden Graciako Siracusa adinekoen etxea zaintzen ari zirenak. Hori ere bozkaleku izango da, baina zuzendariak ez du baimenik eman asteburuan eraikina zabaltzeko. Hortaz, kalean kanpin dendak zabalduta igaro dute gaua hainbat herritarrek, «Poliziak zentroa zigilatzea galarazteko». Erreferenduma Babesteko Batzordeetako kide da Barbara, eta hura da zentroaren atarian gaua igaroko dutenetako bat. Haren esanetan, asmoa dute han egoteko «bozkalekuak zabaldu eta herritarrak botoa ematera sartzen diren arte».

Giza dorreak Santsen

Graciako eskolen antzera antolatu ziren Santsen. Auzo horretan, hamabi lekutan igaro zuten gaua. Barrufat ikastetxean, soilik gurasoak geratu ziren lotan lehen gauean (30 bat), baina espero zuten gaur goizaldean pertsona gehiago batzea: «Irakasleak, ikasle ohiak eta bizilagunak dira etortzekoak», Alex Tisminetzky gurasoak azaldu zuenez. Ez dabil itzulinguruka hizketan: «Asmoa da ikastetxeari irekita eustea asteburu osoan jendeak botoa emateko aukera izan dezan». 06:00etara arte egoteko baimena badute ere, gaur 09:00 arteko egitaraua dute prestatua.

Mugimendu handiagoa zegoen atzo goizean auzo bereko Jaume I.a ikastetxean. Etengabeak ziren sartu-irtenak, herritar ugari joan baitziren galdezka ea bozkaleku izango den gaur. Antolatzaileek, baietz. Bertara joandako hedabideekin, ordea, ironiaz: «Hautetsontziak? Zer da hori?». Barruan ziren Santseko casteller-ak ere; horiek ikastetxeko sarreran egindako giza dorreei begira geratzen ziren inguruko denak.

Bertan da asteburuan Eva Sastre Forest idazle eta antropologoa, eta jendea «oso lasai» antzematen du: «Gutxi gorabehera, badakigu zer egin behar dugun; [gaurko] egunak ahalik eta jai giro handiena izan behar du, ahalik eta jendetsuena izan behar du, Polizia etortzen bada, eskola zigilatzea eragozteko». Zenbat eta lagun gehiago, uste du mossoek orduan eta zailago izango dutela bozkalekuak hutsaraztea, baina bestela ikusten du egoera Espainiako Polizia edo Guardia Zibila joaten bada. «Euskal Herriko herri harresiak dakarzkit gogora egoerak. Aldea da han belarriak mozten dizkizutela». Poliziak eskola zigilatuz gero, Sastre Forestek uste du jakingo dutela «egin beharrekoa» egiten: «Inprobisazio gaitasun izugarria dugula erakutsi dugu».

Oro har, egonaldi lasaia izan dute eskola gehienetan; ez, ordea, Manlleuko Puig Aguten. Ikastetxea babesten ari ziren lau pertsona perdigoiz zauritu zituzten arin, ostiral gauean, pareko eraikinetik tiro eginda. Bartzelonako Menendez Pelayo institutuan lotan zeudenek, berriz, salatu dute larunbat goizaldean arrautzak bota zizkietela eta iraindu egin zituztela. Gainera, pintaketak egin zituzten institutu kanpoaldeko hormetan, Gora Espainia eta Beti Espainia idatzita.

Bostetarako, prest

Eskolak defendatu nahi dituen orori zenbait aholku eman zizkien atzo Escoles Obertes egitasmoak. Lehenik, ahal izanez gero, ikastetxeetan lotan gelditzea, eta, ezin izatekotan, «ezinbestekotzat» jo zuen 05:00etarako joatea. Inola ere ez dute bozkalekurik jarriko ikastetxeetatik kanpo, eta, eskolak itxita badaude, dei egin dute ilaran jartzera, horiek irekitzen dituzten arte. Halaber, eskatu dute, Polizia bozkalekuetara joaten bada, «erresistentzia baketsuan» geratzeko; horretarako, beharrezko dute jende asko batzea, adin askotarikoak: «Behin hauteskunde administrazioa iristean, haiek arduratuko dira bozkalekua eratzeaz». 09:00etan hasiko da erreferenduma.

Egunean zehar Polizia agertuko den eta indarkeria erabiliko duen, ez da herritarren esku egongo, eta ez dago jakiterik hautetsontziek 20:00 arte iraungo duten mahaietan. Aitzitik, Escoles Obertes egitasmoak jarrerez eta mundu osora zabalduko diren irudiez ohartarazi du: «Eguneko lehen irudiak eskolak zabalik egotea eta ilara erraldoiak egitea dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.