Ugo Mayor.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Aerosolak

2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun

Aurten ito gaituen pandemia honen kudeaketaren paradigma den zerbait bada, aerosolak dira horiek. 2020ko otsailaren 11n, koronabirusak 1.000 hildakoren muga gainditu berri zuela jakin genuen. Prentsaurreko berean, Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari Tedros jaunak zera esan zuen: «This is airborne, corona is airborne, it´s more contagious». «Airean doa, aireak daraman birusa da, kutsakorragoa da». Ebolarekin alderatzen ari zen, ez larritasunez, baizik eta kutsatze gaitasunari erreparatuz. Ingelesez esaten den bezala, «turning point» baten aurrean geunden. Baina errealitateak fikzioa txiki egiten du beti. 1995eko Izurria filman, Dustin Hoffmanek «It is airborne» esaten duen momentua birus fiktizio bati aurre egiteko inflexio puntua bihurtzen bada, errealitatean kontrakoa ikusi genuen.

Aerosolak kutsatze bide nagusienetariko bat izan arren, kontrako mezuak jaso ditugu behin eta berriz. Hasieran, musukoak beharrezkoak ez zirela. Ordez, enfasia eskuen higienean jarri zen, bide honen garrantzia sustatzeko ebidentzia oso txikia izan bada ere une oro. Leku itxietan musukoa kentzeko arazorik ez zegoela entzun dugu maiz, distantziak mantentzea nahikoa zela esanda, jatetxeetan adibidez. Baina mendira, bakardadean bada ere, musukoa derrigor jantzita joan behar izan dugu, horrek ez hankarik ez bururik ez duen arren. Gaur egun, oraindik ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herritarrak «informatzeko» duen web orrian, birusa nola hedatzen den atalean aerosolak ez dira aipatu ere egiten! Nola da posible hori? FPP2 musukoak mundu mailan nahikorik ekoizteko gai ez izateak nola kondiziona dezake horrenbeste publikoari begira egiten den komunikazioa?

Lehengo olatutik erdi itota atera ondoren, bigarren olatu hipotetiko baterako babes nahikoa bagenuela sinisten zuten pandemia kudeatzen ari diren arduradunek, inolako planteamendu berriztatzailerik erabili gabe. Benetan sinisten zuten; gertutik entzun nuen hori. Baina denborak, eta hildakoen kopuruak, bere lekuan utzi ditu horrelako pentsamendu magikoak. Gaur egun ere, olatuz olatu gabiltzan honetan, atzo txarrago, gaur hobeto, gauzak berdin egite honetan toki ezberdin batera ailegatuko garen esperantza omen dago. Ez litzateke txarra hala balitz, baina esperantza txikia dut nik, jakinda gainera B planik ez dagoela. Aerosolak kutsatze bidea izanda, kasu berriak atzemateko sarea eremu zabalagoetara bota behar dugu, kontaktu definizioa zabalduz edota kontaktu tresna elektronikoei garrantzia emanez, garraio publikoetako aforoak murriztu beharko genituzke ere, eta ahal den kasu guztietan telelana derrigortu beharko genuke. Dozenaka gauza daude egiteke, gaur, estrategia aldaketa orokorrik gabe ere, kutsatze kateak benetan eteteko, ditugun tresnak erabiliz eta inongo lege aldaketarik gabe. Eta legea aldatu behar bazen, ez al da egon ba denborarik azkeneko hamabi hilabeteetan, milaka eta milaka hildako pilatu diren bitartean?

Pasa den astean jakin genuen tabernarien errekurtso judizialari aurre egiteko tresna eta argudio juridikoen bitartez zorrotz eta kemenez prestaturiko txosten bat biltzen esfortzuak egin beharrean, asteburua golfean jolasean pasatu zuela arlo juridikoan aditua zen LABIko gizonak. Eta neure buruari zera galdetzen diot: erabaki judizial horren ondorioz aerosolen bitartez birusak sortuko dituen kutsatze (eta hildako) horien arduradun nor izango da: epailea, golferoa, edo gobernua bera?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.