Koronabirusa. Zahar etxeak. Marije Goikoetxea. Bioetika gaietan aditua

«Osasun sistemak ez du erantzun; katearen azken maila izan dira adinekoen egoitzak»

Goikoetxeak irizpide etikoen hegitik aztertu ohi du mundua; talaia horretatik erreparatu die zahar etxeetan epidemiak eragindako datuei. Baliabide falta ikusi du, eta osasun sistemaren inplikaziorik eza. Muinean, «adinkeria» ikusi du, gordin.
GORKA RUBIO /FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko maiatzak 24

«Ikaragarria izan da». Asteotan foro ugari sortu dira zahar etxeetan izurriak eragindako egoerez solastatzeko, eta horietan adjektiboak gordin erabili ditu Deustuko Unibertsitateko irakasle Marije Goikoetxeak (Mungia, Bizkaia, 1961) gertatu dena deskribatzeko orduan. Bioetika gaietan aditua da. «Adinkeriaz» ohartarazi zuen osasun krisiaren hasieran, eta onartu du hilabeteotan nahi baino hanpatuago ikusi duela. «Harrituta geratu naiz. Ustez adinkeriarik ez zuten pertsonetan ere adinkeria ikusi dut».

«Ikaragarria». Sakondu dezakezu adjektibo horretan?

Ikaragarria izan da hainbat motiborengatik. Batetik, osasun sistemak krisi honetan ez dituelako kontuan hartu adinekoen egoitzak. Bestetik, arloan hartu den neurri bakarra izan delako konfinamendua: muturrekoa, gainera. Egoitzetako geletan eduki dira egoiliarrak, eta, zenbait tokitan ia tortura bat izan da dementziak jota daudenentzat eta. Gela batean itxita, zergatia ulertu gabe: bakar-bakarrik. Hirugarrenik, egoiliarren bat gaitzarekin kutsatu denean, guztiz egin du kale sistemak: izan dira pertsona horiek tratatzeko aski baliabide gabeko zentroak. Baliabide egokirik ez dute izan pertsona horiei ondo hiltzen laguntzeko ere. Beraz, dena batera, ikaragarria da. Nik argi dut: ez dut edadekoentzako egoitza batera joan nahi hori gerta badaiteke. Han egotegatik osasun sistema orokorretik at gera banaiteke, zein ondorio izango dituen ondo jakin gabe eta nirekin kontatu gabe edozein neurri har badezakete, eta, gainera, gaixotzen banaiz, ez baditut gainerako herritarrek dituzten baliabideak eskura izango.

Baina osasun sistema ohikotik aparte egote hori orokorra da, edo COVID-19ak ekarri du?

Arazoa, nire ustez, zera da: adinekoen egoitzetako eredua gero eta bideratuagoa egon da osasun arta ematera. Orduan, gizarteak, oro har, ulertu du egoitzen antolaketa horrek ja baduela osasun sistema propioa. Baina hori ez da egia. Egunean eguneko martxarako, bai, egunean eguneko osasun irizpideei erantzuteko balio du arreta horrek. Baina aparteko arta eskatzen duen zerbait gertatzen denean, osasun sistemak erantzun egin behar du. Kasu honetan zer gertatu da? Osasun sistemak ez du erantzun. Egia da gainezka egon dela, baina, gainezka nola egon diren, zaharren egoitzak katearen azken maila izan dira. Denok genekien, hasieratik, adinekoen egoitzetako pertsonek aparteko arriskua zutela; pentsatu egin behar zen, beraz, zer arta eman. Ados, bagenekien askok ja ez zutela izango ZIU zainketa intentsiboetako unitate batean sartzeko erarik. Baina pentsatu behar zen, behintzat, kutsatzen baziren eta egoera larrian bazeuden, nola hiltzen lagundu. ZIU gehiago nola ezarri pentsatzen egon da jendea, arnasgailu gehiago nola egin, osasun profesional gehiago nondik lortu... Zerbait garrantzitsua dela uste denean, pentsatzen hasten zara, eta baliabideak jartzen dituzu. Argi dago adinekoen egoitzak ez dituztela garrantzitsutzat jo.

Krisiaren hasieran ohartarazi zenuen adinkeriaren arriskuez. Horren ondorio da hau guztia?

Ez dakit era kontzientean izan den, baina gizartean, oro har, nahiko ongi onartzen dugu hiltzen direnak adinekoak izatea. «Bizilegea da»,diogu. Kasu honetan ere egon da hori iritzi publikoan, datuak zeinen larriak ziren ikusi arte. Zera izan behar dugu kontuan, mendekotasun handiak dituzten pertsonen erdiak-edo egoitzetan daude; beste erdiak, beren etxeetan. Hil direnak egoitzetakoak izan dira. Beraz, auzia ez da izan soilik haien kalteberatasuna. Zerbait gertatu da: haien arta, osasun sistemarekiko koordinazioa, ez zen onena.

Zaharren egoitzen ardura duten instituzioek irmo defendatu dute krisi honetan eginiko lana. Beste zer egin zezaketen? Zer egin zitekeen hobeto?

Nik uste dut bi gauza egin zitezkeela hobeto, bi gauza ikasi ditugula hurrengo baterako. Batetik, antolatuta beharko litzateke halako egoerei aurre egiten laguntzeko egitura soziosanitario bat. Izan ere, horren faltak zera ekarri du: egoitza bakoitzean erantzun bat ematea, diferentea. Ez da irizpide bateratu bat egon. Bigarren gauza zera litzateke: ikusten bada egoiliarrak dauden tokitik atera gabe utzi behar direla —eta ez zait gaizki iruditzen—, bada, halako egoera bati erantzuteko baliabideak jarri behar dira. Ez al da hori bera egin beste hainbat arlotan? Hori askoz ere hobeto egin zitekeen: lantaldea eta baliabideak indartu egin behar ziren egoitzetan.

Lantaldea eta baliabideak aipatu dituzu. Ratioen inguruko kezka sarri azaldu dute lehendik ere sektoreko langileek, baita egoiliarren senitartekoek ere. Horrek ere eragina izan du?

Jakina, eragina izan du. Baina egoitzetan jasotzea espero den artaren araberakoa da hori. Izan ere, arreta eguneroko bizitzako jardueretan laguntzeko dela pentsatzen bada, aski izango dira egun dauden ratioak, baina erietxe baten parekoak izan behar badute, ez: ezinezkoa da. Orain jendea hasi da esaten: «Osasun baliabide gehiago eman behar zaizkie adinekoen egoitzei». Bada, ez: osasun sistemak aintzat hartu behar du egoitzetako pertsonak ere osasun arta jaso behar duten herritarrak direla. Munduko eskubide guztiarekin, egoitzetako langileek esaten dute: «Ez gara ailegatzen. Ratioak igo behar dira». Ratioak igo ahala, ordea, egoitzetako leku bakoitzaren prezioa asko igotzen da. Eta berrordainketa bidez pagatzen da: egoiliarrak pagatu behar izaten du.

Ondo ordaindu ere. Kuotak ez dira nolanahikoak izaten…

Oso handiak dira. Beraz, hori ez da konponbidea. Izan ere, etxean geratzen den mendekoak osasun sistema doako eta unibertsala du; besteak, aldiz, ordaindu egin behar du berrordainketaren bidez. Oso ondo ulertzen ditut langileen aldarrikapenak, eskatzen zaien guztiarengatik. Baina ez dakit konponbidea hori den. Esaten ari dira orain: «Osasun sistemak ondo erantzun du; gizarte zerbitzuek, gaizki». Ez nago ados. Gizarte zerbitzuen sistemak erantzun du, esaterako, ni etxean nire ama artatzen ariko banintz bezala: ezin zaio eskatu sanitarioa izatea. Jakina, kutsatzen baldin bada, osasun arloko norbaitek artatu beharko du egoiliar hori.

Arta hori falta izan da?

Horren falta egon da. Izan ere, adinekoen egoitzetako profesionalek, oro har, bikain jardun dute: bikain. Argi nabarmendu behar da emakume horien lana.

Honek ekarriko du egoitzetan osasun irizpideak gailentzea?

Seguru. Motiboetako bat, hona: era horretan, osasun sistemak gastu handia kentzen du bere gainetik. Beste zio bat da egoitzak kudeatzen dituzten hainbat erakundek era horretan sentitzen dutela eurek kontrolatzen dutela zentroko jarduera guztia: ez dutela ibili behar koordinatzen beste erakunde batzuekin. Hirugarrenik, familiartekoei ere erosoagoa zaigu seguruenera pertsona bat gaixotzen bada zentroan bertan artatzea... Arrazoi asko daude. Baina garrantzitsua da gogora ekartzea pertsonak ezin direla erietxe batean bizi. Ospitale batean egin dezakete bolada bat, baina pertsonok ezin dugu gure biografia bukatu erietxe batean; osasuna ez den gainerako eskubide guztiak desagertu egiten dira. Tankera horretako zentroren batzuk beharko dira... Baina pertsona gehienen beharrak aintzat hartuta, etxe giroa gailenduko den eredu bat da egokiagoa.

Birusak hemen jarraituko du. Zer egin bakartze neurriekin?

Galdera egin izan didate gai horren harira: «Zuk zer egingo zenuke?». Bada, nik ere hori bera egingo nuke horrelako egoera batean: itxi egingo nituzke egoitzak, eta bakartu egingo nituzke egoiliarrak ahalik eta gehien. Baina hasieran egingo nuke hori. Behin jakinda honek luzera joko duela, hasi beharko da ulertzen horrek ondorioak dituela. Egoiliarren mugikortasuna asko urritzen denean, eta lotzera egiten denean —eta horrelakoak egiten dira—, gure legearen arabera, arau hauste oso larria da hori: tratu txarra. Muturreko neurria da. Pandemia hasi dela 60 egun igaro dira, eta oraindik ez zaigu beste prozedurarik bururatu? Bada, bakartzea pertsona horien artean sortzen ari den kaltea txikitzeko neurriak hartu beharko dira.

Horretarako, langile gehiago behar dira, ezta? Eskua emateko, begietara begiratzeko...

Hain justu: haiei solaserako gairen bat ateratzeko, edo haiekin gogoko jardueraren bat egiteko. Ziurgabetasuna sentitzen ari diren pertsonei laguntzeko era hori da: ondoan norbait sentitzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ertzaintzaren autoak Donostian, atzo. ©Gorka Rubio / Foku

Ertzaintzak Donostiako Alde Zaharra hartu du berriz

Berria

Segurtasun Sailaren arabera, botilak jaurti dizkiete agenteei. Auzoko Gazte Asanbladak, ordea, ukatu egin du istilurik egon izana. Hamar lagun identifikatu dituzte. Pasaian, berriz, gazte bat atxilotu dute.

PCR proba bat joan den urtarrilaren 8an, Zaldibarren (Biziaia). ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ospitaleratutakoen kopuruak gora egin du berriro ere azken orduetan

Gotzon Hermosilla

Positibo kopurua apur bat apaldu den arren, 1.400 kutsatuen langatik gora jarraitzen du. Osasun agintariek zazpi heriotzaren berri eman dute

Peon, Oiarbide, Otondo eta Salaberria, atzo Donostian egindako mahai inguruan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Arnasguneek arnasa hartzen segi dezaten

Irati Urdalleta Lete

Politika publikoek arnasguneetan nolako eragina duten aztertu dute 'Arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politikak' mahai inguruan. Orain arteko lorpenak goraipatzearekin batera, etorkizunerako erronkak ere zehaztu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.