Koronabirusa

Azaroko kutsatu berekin, askoz gutxiago hil eta ospitaleratu dira uztailean

Iazko azaroko asterik okerrenean adina kasu atzeman dituzte uztaileko asterik txarrenean, baina garai hartan 170 gaixo hil ziren aste bakarrean, eta oraingo asterik beltzenean, 43

mikel p ansa
2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
COVID-19aren lehen olatuaren ondoren, bigarrenak eragin zuen kalte gehien. Eta bigarren olatuan, iazko azaroa izan zen hilabeterik okerrena; 40.700 kasu positibo atzeman zituzten, 2.319 gaixo ospitaleratu, eta 632 hil ziren. Bosgarren olatua oraindik ez da jaitsi erabat, baina joan den uztailean iazko azaroan adina positibo atzeman zituzten (38.400). Positibo gehien agertu diren bigarren hilabetea izan da uztaila, baina, oraingoan, iazko azaroaren aldean, eragina askoz txikiagoa izan da heriotzatan —56 gaixo hil dira: 11 aldiz gutxiago—, eta ospitalera ere gaixo gutxiago eraman dituzte —1.239, azarokoen erdiak ia—. SARS-CoV-2aren kontrako txertoak hedatu ahala, heriotzak urritu dira; ospitaleratuen kopurua ere bai, baina ez neurri berean.

Birusak bost olatu izan ditu Euskal Herrian. Lehena, 2020ko martxotik ekainera; bigarrena, gorabeheratsua, 2020ko uztailetik urte bukaerara; hirugarrena, aurtengo urtarriletik martxo erdialdera; laugarrena, ordutik ekain bukaerara; eta bosgarrena, ekain bukaeratik aurrera. Bosgarren honen eragina jaisten ari da, baina oraindik ikusteko dago zer bilakaera izango duen. Hala ere, posible da olatu bakoitzaren izaera eta eraginak konparatzea.

Horretarako, olatu bakoitzaren gailurrean, okerrenean, jasotako datuak erkatu ditu BERRIAk, asteka. Positibo eta ospitaleratze gehien izan ziren asteak hartu, eta horien jiran heriotza gehien izan ziren asteak hartuta, aise ikusten da olatu bakoitzak zer tamaina izan duen. Lehen olatuak, 2020ko martxoaren 23tik 29rako astean, 2.029 gaixo eraman zituen ospitalera; handik hamabost egunera, 397 hildako zenbatu zituzten aste bakarrean. Inor ez zegoen prestatua halako olde baterako.

Ezin da gauza bera esan bigarren olatuaz, iazko uztailean zabaltzen hasi eta urrian indartu zen hartaz, neurriak hartuta baitzeuden eta gaitza ezagunagoa baitzen ordurako. Halere, bigarren olatuko asterik beltzenean, azaroaren 2tik 8ra, 660 gaixo ospitaleratu zituzten. Hamabost egun geroago, 170 hildako zenbatu zituzten aste bakarrean. Lehen olatuaren aldean, heriotzen erdiak baino gehiago murriztu ziren, eta ospitaleratuen kopurua ia herenera jaitsi zen.

Hirugarren olatua, berriz, aurrekoaren jarraipena izan zen, eta oso estilokoa. Gabonen bueltan, bigarren olatua apaldu aurretik hasi zen malda gora, eta daturik okerrenak urtarrilaren 25etik 31ra jaso ziren: 643 eri eraman zituzten ospitalera. Astebete geroago, 148 heriotza zenbatu zituzten aste bakarrean. Garai hartan, urtarrila bukatzean, Hego Euskal Herriko biztanleen %0,5ek baizik ez zuten txertoen pauta osoa hartua.

Edozein moduz, iraupena ez, alfa aldaera izan zen laugarren olatuaren bereizgarri nagusia. Haren zabalpen azkarrak harrotu zuen olatua, Aste Santuko jaiak eta kopako finalak tartean. Apirilaren 12tik 18ra bildu ziren orduko daturik okerrenak, baina nabari zen hobekuntza bat aurreko olatuekin: heriotzak gutxitu egin ziren —74 hildako astebete geroago—. Ospitaleetan ez zuten nabaritu, ordea: 766 gaixo erietxeratu zituzten aste hartan, azaroko asterik txarrenean baino ehun gehiago.

Apirilaren 18rako, herritarren %7,5 soilik zeuden txertoen pauta osoa hartuta, baina zahar etxeetan ia bukatua zuten kanpaina. Hiltzeko arrisku handien zutenak txertatu zituzten aurrena, eta pentsa liteke horrek ekarri zuela laugarren olatuko heriotza kopurua jaistea. Ospitaleratzeetan ez zuen eraginik izan. Apirilean, azaroan baino positibo gutxiago atzeman arren (27.400), ia gainezka egin zuten ospitale askok, batez ere Gipuzkoan, han izan baitzuen birusak intzidentzia handien apirilean —Hegoaldeko beste herrialdeetan 100.000 biztanleko 500era iristen ez zenean, 700etik gora ibili zen Gipuzkoa—.

Lau aldiz hildako gutxiago

Bosgarren olatu honen ezaugarria, berriz, delta aldaera da. Aurrekoak baino aiseago zabaltzen da, eta nabaritu da ekain bukaeratik aurrera. Uztailaren 26tik abuztuaren 1erako astean bildu dira orain arteko daturik okerrenak. Eta esanguratsuak dira. Azaroko asterik okerrenean baino positibo gehiago agertu dira —12.539 kasu, azaroan baino 200 gehiago; urtarrilean eta apirilean jende gutxiago kutsatu zen—, nahiz eta askoz test gutxiago egiten ari diren orain —460.000 iazko azaroan, eta 360.000 uztail honetan—.

Kutsatu kopuru antzekoarekin, uztaileko azken astean 412 gaixo erietxeratu zituzten, azaroko asterik okerrenean baino 250 gutxiago, eta azaroko asterik okerrenean baino 350 gutxiago. Eta bi aste geroago erregistratu da orain arteko asteko heriotzen daturik okerrena bosgarren olatu honetan: 43 hildako. Abuztuan igo liteke kopuru hori, baina azaroko asterik okerrenean 170 gaixo hil ziren: orain baino lau aldiz gehiago.

Hildakoak eta ospitaleratuak gutxitu dira erruz, eta, azaroarekin alderatuta, ezberdintasunik nabarmenena da herritarren %61ek txertoaren pauta osoa hartua zutela abuztuaren 1erako Hegoaldean —%67 dira orain—. Uztail honek iazko azaroko patroiari jarraitu izan balio, askoz heriotza gehiago gertatuko ziren. Horregatik, Ignacio Lopez Goñi mikrobiologoak aste honetan idatzi du bere blogean: «Egoera oraindik zalantzazkoa den arren, bosgarren olatu honek erakusten digu itxaropenerako arrazoiak badaudela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.