Irune Lasa.
ASTEKO GAIA

Dardarka, hotza iritsi aurretik

2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun

Dardarka jartzeko modukoak dira. Ez Emmanuel Macronek oparotasunaren amaieraz eta sakrifizioez esandakoak; bueno, edo bai, gogoratu behar da-eta Nicolas Sarcozyk 2008ko krisiaren harira nola iragarri zuen kapitalismoaren amaiera, egiaz krisi latza aurreikusten zuenean. Edonola ere, Frantziako presidenteak alde batera utzita, benetan dardaraz hasteko modukoak dira argindarrak Europan iritsi dituen prezioak.

Ikaratzekoak izango dira, adibidez, Erresuma Batuko herritarrek jasoko dituzten energia fakturak. Aste honetan herrialdeko energia arautzaileak igo egin du energia konpainiek urtean kobratu dezaketen gehieneko prezioa: urritik aurrera 3.549 libera esterlina izango dira, 4.202 euro. Egungo gehienekoa baino %80 gehiago. Eta, gainera, urtarrilean, neguaren erdian, arautzaileak berriz berrikusiko du gehieneko prezio hori.

Normala alarma piztu izana britainiarren artean. Baina, ez dira bakarrak. Frantzian ere itzelezkoak dira handizkako prezioak. Ostiralean, handizkako merkatuan 2023rako megawatt-orduak 1.000 euroak gainditu zituen, eta larunbaterako spot prezioa 600 eurotik gorakoa zen.

Herritarrek, oraingoz, ez diete antzeman igoera handienei, baina urte bukaeran gauzak alda daitezke. Orduan iraungitzen da Frantziako Gobernuak argindarraren prezioei ezarritako %4ko igoeren muga. Eta Macronek oparotasunari agur esaten zion egun berean. Olivier Veran Frantziako Gobernuaren eledunak aitortu zuen 2023 hasieran gerta daitekeela mugak ez izatea «betirako».

Atzo larunbatez Bruno Le Marie finantza ministroak ere gauza bera esan zuen. «Ez dugu ezkutatu 2023ko urtarrilean igoerak izango direla, baina prezioak atxikiko ditugu, azken 14 hilabeteetan bezala. Ez dugu nahi inflazioa gure herrikideen kontrako basakeria ekonomikoa bilakatzerik».

Espainian eta Portugalen beste modu bat dute argindarraren prezioei eusteko. Iberiar salbuespenak gas garestiaren eragina murrizten du handizkako merkatuan, gasetik ziklo konbinatuko zentralek sortutako argindarraren prezioei muga ezarriz. Horrekin, eragozten da beste iturri guztietako elektrizitatea gas garestiaren prezioan salerostea pool delakoan. Gero, hori bai, ziklo konbinatuak konpentsazioa jasotzen du, zeina gasaren prezioaren eta bolumenaren arabera neurtzen den. Eta konpentsazio hori ere kontsumitzaileen kontura doa.

Hasiera batean, salbuespenaren eragina agerikoa zen, Espainiako eta Portugalgo merkatuari eta Europako besteei begira. Baina azken asteetan, prezioak atzera igo egin dira, gasaren erabilera handitu egin delako (eta horrekin konpentsazioa). Hala ere, Europako zenbait herrialdek nahi lukete iberiar salbuespena, ostiralean prezioak bikoitzak zirelako, adibidez, Alemanian.

Europar salbuespen bat edo gasaren prezioak argindarraren prezioan duen neurrigabeko eraginak mugatzeko beste neurriak hizpide izango dituzte Europako Energia ministroek. Izan ere, Batasuneko lehendakaritza duen Txekiak esan du datozen egunetan larrialdiko bilera batera deituko dituela Energia ministroak.

Larrialdikoak direlako azken egunetako gasaren eta argindarraren uneko prezioak, baina are handiagoak dira gerokoen merkatukoak. Beldurgarriak. 1.000 eurotik gorako megawatt-orduak(Frantzian) justifikatzen ditu Vladimir Putinen gasa mozteko mehatxuak, gas eskasiak, Frantziako nuklearren korrosioak...? Ezin da ere baztertu gerokoen merkatua gaur egun oso baldintzatua egotea estalduretarako marjinarako deiekin, hots, diru asko behar dutela arrisku handiak hartzen ari diren argindar salerosleak.

Eta horiek horrela, zenbat diru joango da energia krisia leuntzeko neurrietara? Noraino irits daitezke eta iritsi nahi dute gobernuek? Bruegel think tank-aren arabera, 2021eko irailetik Europako gobernuek 280.000 milioi euro jarri dituzte etxebizitzei eta negozioei laguntzeko. Baina eztabaida hor dago: neurri batzuekin eskariari eutsi egiten zaio, energia eskaria murriztea giltzarri izan daitekeenean, prezio garestiak izan daitezke energia eskaria pixka bat murrizteko pizgarri, baina noraino murriztu daiteke erabilera?

Dena den, eskaria jaisteko modu on bat atzeraldi ekonomikoak izaten dira. Eta horrekin ere ez dira dardarka jartzeko arrazoiak falta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.