«Alde egotea ez da nahikoa»

«Euskararen normalizazioa azkartzera» konprometitu dira 30 erakunde. «Elkarlanaren fasea» ekintza zehatzekin gauzatu behar dela adierazi dute Korrikaren antolatzaileek

Korrikaren antolatzaileen egitasmoarekin bat egin duten erakundeetako ordezkariak, atzo, Pasaiako Albaola itsas museoan. GORKA RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
Pasaia
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
«Historia egitera zoazte», ohartarazi zion atzo Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaileak CCOOko Kerman Galarzari. Bera izan zen lehena agiria sinatzen. Testu horretan azaltzen dira, gainera, sindikatu horrek hartu dituen konpromiso zehatzak, erakunde horren egunerokoari eragiten diotenak. Idatzita geratu dira, eta, beraz, bete dituzten ala ez ikusi ahalko da etorkizunean. Horregatik Mugikaren abisua, CCOOkoari eta haren ostean taulara igo ziren beste guztiei.

21. Korrikaren antolatzaileek Aro berriari, klika egitasmoa aurkeztu zuten atzo Pasaiako Albaola itsas museoan (Gipuzkoa). Horrekin bat egin duten 30 erakunde eta taldeetako ordezkariak izan ziren ekitaldian. Testuan azaltzen diren xedeekin bat egin dute horiek denek, eta nork bere konpromiso propioak gaineratu dizkio agiriari, erakunde bakoitzak egin beharrekoak.

Egitasmoaren helburua da euskararen normalizazioan aurrerapausoak ematea. Baina norbanakoen konpromisoetatik haratago, erakundeak inplikatu nahi dituzte horretan: «Fase berri bat ireki». Mugikak atzo azaldu zuenez, Korrikaren antolatzaileek bilera ugari egin dituzte hainbat arlotako eragileekin azken hilabeteetan, Korrikaren aurtengo leloa den Klika «kontzeptua» azaltzeko, eta, nabarmendu dutenez, «oso erantzun ona» jaso dute: «Guztiek erakutsi digute prest daudela urratsak egiteko». Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrikako arduradunak azpimarratu dute «elkarlan esparru berriak» zabaltzen jarraitu behar duela euskalgintzak, eta xede horri erantzuten diola egitasmoak.

Sinatzaileen artean daude, besteak beste, EAJ eta EH Bildu alderdi politikoak, ELA, LAB eta CCOO sindikatuak, unibertsitateak, Eusko Legebiltzarra —talde guztien babesarekin— eta Nafarroako Parlamentua, eta hainbat arlotako gizarte eragileak; besteak beste, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldea eta Save the Children. Eragile gehiagok bat egitea espero dute. Horretarako, korrika.eus webgunean atal berezi bat zabaldu dute. Sinatzaileez gain, hor ikus daitezke erakunde bakoitzak hartu dituen konpromisoak.

Horietako batzuk soilik Korrikak iraun bitartean beteko dituzte—apirilaren 4tik 14ra—; baina gehienek epe luzeko izaera dute. Oro har, erakundeak konprometitu dira euskararen ezagutza eta erabilera sustatzera, barrura begirako jardunetan eta kanpokoetan, neurri eta maila ezberdinetan.

Erakundeetako ordezkariek ez zuten azalpenik eman atzoko ekitaldian. Txalupa batean iritsi ziren, agiria sinatu zuten, eta Albaola fundazioko presidente Xabier Argoterekin bisita gidatua egin zuten museoan zehar eta han dagoen itsas ontzigintza eskolan.

Hitza hartu zuten bakarrak izan ziren Mugika eta Amondo. Egitasmoaren hitzaurrea irakurri zuten. Azken urteetan euskararen normalizazioan egindako urratsak nabarmendu zituzten; Korrikaren aurreko bi aldiak, bereziki. Azkenekotik gogoratu zuten Hendaia eta Irun arteko Santiago zubian euskalgintzako eta erakundeetako ordezkariek batera egin zuten argazkia, «elkarlanaren fasera igarotzeko garaia zela adierazteko». Handik gutxira iragarri zen Euskaraldia. Egitasmo horretan izandako parte hartzea nabarmendu zuten Mugikak eta Amondok atzo, baina adierazi zuten hori ez dela nahikoa. Ohartarazi zuten euskararen alde «egote hutsak» ez duela normalizazioa ekarriko. «Ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta ikuspegi hori gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatuta». «Hizkuntza politika integralak abiatzeko eta garatzeko» garaia dela azpimarratu dute: «Neurri politikoak eta sozialak behar dira».

Informazio gehiago: www.korrika.eus/aroberriariklika.html
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.