Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Zaindu ditzagun osasun arloko profesionalak

2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Osasun arloko profesionalak dira COVID-19 gaixotasun madarikatuaren arrisku-talde garrantzitsu bat, gaixotasun infekzioso guztiekin gertatzen den bezala. Beraiek dira populazioaren osasuna bermatzen dutenak, baina, aldi berean, arrisku gehien dutenak. Azken finean, gaixoekin eta, beraz, mikroorganismoetatik oso hurbil aritzen direlako.

Txinan ikusitako esperientziak esaten digu otsaila arte 3.500 osasun langile kutsatu omen direla eta horietatik 22 hil egin direla. Italian ere, aurreikuspenak dio kutsatutako hamarretatik bat osasun arloko langilea dela. Espainiako Estatuan, aste honen hasierako estimazioak dio 455 osasun langile kutsatuak egon daitezkeela, eta seguru asko, egun gehiago egongo dira. Zoritxarrez, jadanik, lehenengo erizaina hil egin da Bizkaian.

The Journal of Hospital Infection aldizkarian argitaratuko artikulu batean osasun arloko profesionalen kutsatze hori arrazoi ezberdinengatik gerta daitekeela esaten dute egile txinatarrek.

Lehenik, epidemiaren hasieran langileen babes-neurriak ez zirela egokiak izan lehenengo gaixoak ospitalera ailegatu zirenean, birusa edo bere kutsakortasun-ahalmena ezezaguna zelako. Baina epidemia guregana ailegatu denean, birusa eta bere kutsakortasun-maila jadanik ezagunak ziren.

Bigarrenez, kutsatutako pazienteekin denbora luzez egoteak, tamalez, langileen arriskua handitzen duela. Lanaren intentsitateak eta atsedenik ezak, zeharka, handitu egin zuen haien artean kutsatzeko arriskua. Horrek erakusten du egoera hauetan osasun langile gehiago behar direla, eta atseden orduak errespetatu egin behar direla.

Hirugarrenez, epidemiaren hasieran babes pertsonaleko ekipoen urritasuna egon zen. Txinan lehen mailako larrialdiek azkar handitu zuten ekipo horien eskaria, eta horrek hornidurarik eza eta infekzio-arriskua eragin zituen. Guregana etorrita, badirudi arazo berdina dugula. Ez al geunden aurrez prestatuta Txinan gertatzen zena ikusita?

Laugarrenez, Txinan eginiko mobilizazio azkarraren ondorioz, lehen mailako osasun-langileek prebentzio —eta kontrol— gaitasun desegokia jaso zuten, bereziki arnasbideetatik transmititzen diren gaixotasun infekziosoen aurrean. Badirudi gainbegiratze eta orientazio profesionala falta izan zela, baita monitorizazio mekanismoak ere. Egoera horrek are gehiago handitu zuen infekzio arriskua. Osakidetzak hainbat protokolo eta ikastaro egin izan ditu osasun arloko profesionalak gaixo horien aurrean prest egoteko helburuarekin, baina garaiz heldu al dira?

Ikasi dezagun beste lurraldeetatik. Beraiek izan dituzten akatsak gure artean errepikatzea ez nuke nahi. Osasun arloko profesionalengan arreta jarri behar dugu beraiei babesa emanez, behar adina ekiporekin, eta prestakuntza egokiarekin.

Zaindu ditzagun osasun arloko profesionalak, beraiek gabe ezer gutxi egin dezakegu eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.