PETROLIOA UZTEN

Zazpi petrolio konpainiaren kontuetan 73.300 milioi euro galdu dira azken bederatzi hilabeteetan. Europako konpainiak hasiak dira upel merkea islatzen euren aktiboen prezioan, eta petrolioari toki txikiagoa ematen ari dira asmo berrietan. AEBetako erraldoiak uzkurrago dabiltza bai balore murrizketak aitortzeko, baita estrategiak aldatzeko ere.

Petrolio putzu bat, Kalifornian. ETIENNE LAURENT / EFE.
Irune Lasa.
2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Petrolioa zainetan dabil oraindik mundua. Baina igaro dira petrolio korporazioak erabat ahalguztidunak zireneko garaiak, eta ez soilik erraldoi teknologikoen txanda iritsi delako. Klima larrialdiaren egiaztapenak eta hura mugatzeko ezinbesteko trantsizio energetikoak sakoneko aldaketak dakartzate konpainientzat. Horren eraginez, gutxi-asko, eta Europan behintzat, petrolio konpainiak hasiak dira euren aurreikuspenak eta estrategiak aldatzen; jokaleku berrian, euren negozioan toki txikiagoa aurreikusten dute petrolioarentzat eta gasarentzat.

Gehienek energia berriztagarrietara aldatu nahi dute. BPk 2001. urtean aldatu eta berdetu zuen bere izena, eta British Petroleum izena Beyond Petroleum (petrolioaz harago) bihurtu zen. Orain, badirudi izana berdetzeko garaia ere iritsi zaiola konpainiari. Abuztu hasieran iragarri ditu bere asmoak. Hamarkada batean bere petrolio eta gas ekoizpena %40 murriztuko duela, eta urtero 5.000 milioi dolar (4.100 milioi euro inguru) inbertituko dituela munduko berriztagarrien negoziorik handienetako bat eratzeko.

BP ez da bakarra. Atlantikoaren alde honetako petrolio konpainia handiak energia konpainiak dira orain, eta, euren etorkizunari begira, energia berriztagarrietan dute jarria arreta. Adibidez, Repsolek Viesgoren aktibo berriztagarriak erosi zituen, eta ibilgailu elektrikoentzako kargalekuetan, baterietan eta hidrogeno berdean inbertitzen eta bidea urratzen ari da. Sektore bertsuetan ari dira Europako beste handiak ere: Shell, Total, Eni...

Zaharberritzea, hala ere, ez zaie erraza izango; hasteko, sektore horietan muturra dezente lehenago sartu zutelako argindar konpainiek. Nahikoa lan, gainera, bi negozioak aldi berean eramateko, erregai fosilei oraindik ahalik eta etekinik gehiena atera eta aldi berean berriztagarrietatik dirua lortzeko. Eta dirutza ere beharko dute, noiz eta upelaren salneurria oso txikia den honetan.

Birusaren aurretik ere bai

COVID-19arekin amildu egin dira petrolioaren eta gasaren prezioak, baina lehendik zetorren joera bizkortzea izan da pandemiaren eragin nagusia, petrolioaren prezioaren beheraldia hasia zelako jada 2014an. Pandemiak erakutsi du, gainera, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea ez dela gai upelaren prezioa kontrolatzeko. Amildutako eskaria eta prezioa lehengoratuko ote dira? Bada, konpainia handi horietako batzuen ustez, ez.

Upela merke salerosiko bada, konpainiek horren araberako balioa aitortu beharko diete esku artean dituzten petrolio eta gas proiektuei. Eta, hain zuzen, horretan aritu dira azkenaldian. Carbon Trackerren arabera, azken bederatzi hilabeteetan, zazpi konpainia handik berridatzi dituzte beren aktiboen baloreak, eta 87.000 milioi dolar (73.300 milioi euro) galdu. Urte bukaeran, pandemia gorabehera, berriz ere murrizketak egin beharko dituztela aurreikusten du klima aldaketaren inguruan lan egiten duen think-tank-ak.

BPren ustez, 2020. urtetik 2050era upelaren prezioa 55 dolar izango da, aurretik uste baino heren bat txikiagoa. Shellen arabera, upelaren urte honetako batez besteko balorea 35 dolar izango da, 40 dolar hurrengo urtean, 50era iritsiko da 2022an eta 60ra 2023an.

Askoz ere baikorragoa da Equinor konpainia norvegiarra: Brent upela 80 dolarretan ikusten du 2040an. Dena den, Equinorrek ere murriztu du bere aktiboen balorea, eta, upela 30 dolarren azpitik ikusita, ustiapen proiektu garrantzitsuak eten ditu; batez ere,AEBetako eskisto petrolioan abian zituenak.

AEBetako konpainia erraldoiek, berriz, tartean ExxonMobil, Chevron eta ConocoPhillips,ez dute murrizketarik egin euren aktiboen baloreetan. Hori bai, Carbon Trackerren ustez, trantsizio energetikoaren errealitateari muzin egiteko hautuak arrisku handia dakar konpainia horien akziodunentzat. Horrek esan nahi luke arrisku horrengatik konpainiek etekin handiagoa eskaini beharko lieketela akziodunei.

Europan joan den urtearen bukaeran hasi ziren konpainiak euren estrategiak aldatzen, Parisko Akordioaren helburuei eutsiz, iritzi publikoak eta klima politikek bultzatuta eta sustatuta.

Atlantikoaren mendebaldean txikiagoa da inbertsiogileen eta trantsiziorako politiken eragin ahalmena, eta hori nabaria da Exxonen eta Chevronen jokaeran. Oraingoz, ez dute berriztagarrietara jauzi egiteko beharrik ikusi,eta ez dute inbertsio handirik egiteko asmorik erakutsi. Hori bai, presio gero eta handiagoa dute, eskaria gainditzen duen eskaintzarekin eta upel merkearekin.

Munduan erabiltzen den energiaren %80k erregai fosiletan —petrolioa, gasa eta ikatza— du jatorria gaur egun. Eta hori aldatzea kostatuko da; batez ere, itsas garraioan eta aireko garraioan. Oraindik ez da apalduko munduaren petrolio egarria, baina analista batzuek uste dute eskariak 2040. urtean joko duela goia. Beste batzuek uste dute —tartean Wall Streeteko zenbait analistak— gailurra 2030ean iritsiko dela.

Oraintsu arte, iritzi orokorra zen hemendik hamar-hogei urtera oraindik erregai fosilek beteko zutela energiaren %70. Baina koronabirusa sakoneko aldaketak bizkortzera etorri da, baita energiaren munduan ere. Irena Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentziaren arabera, munduan aurten, lehen aldiz, berriztagarrietan egindako inbertsioak gainditu egin du petrolioan eta gasean egindako inbertsioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.