Jaurlaritzak %45 murriztu nahi ditu berotegi efektuko gasak 2030erako

Eusko Jaurlaritza Ingurumen Esparru Programa diseinatzen ari da aditu talde batekin. Ekonomia «deskarbonizatu» nahi dute 2050erako

Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Ingurumen sailburua, aditu taldearekin batera, Donostian. IREKIA.
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Datozen urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxan jarriko diren «jasangarritasun politikak» definitzeko prozesuan sartuta dago Eusko Jaurlaritza. 2030. urterako Ingurumen Esparru Programa diseinatzen ari da arlo askotako 40 adituren laguntzarekin, eta, atzo, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak lanketa prozesu horren behin-behineko ondorioen berri eman zuen, Donostian. Bi helburu nagusi ezarri ditu Jaurlaritzak datozen hamarkadetarako: 2030. urterako berotegi efektuko gasak %45 murriztea, eta 2050. urterako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia «deskabornizatzea».

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta egun seinalatu horren harira eman zituen Jaurlaritzak aditu taldearekin batera ontzen ari den programaren zertzelada batzuk. Tapia sailburuarekin batera, gogoeta prozesuan parte hartzen ari diren adituetako batzuk izan ziren agerraldian: Itziar Alkorta EHUko Udako Ikastaroetako zuzendaria; Cristina Ortiz de Salido, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko kidea; Jorge Fernandez, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institituko Energia eta Ingurumen Labaren koordinatzailea; Eneko Atxa, Azurmendi taldeko chef eta jabea; Garbiñe Manterola BRTAko arduraduna eta Maria Jose Sanz BC3ko zuzendari zientifikoa.

Aditu horiek dira Ingurumen Esparru Programari atxikitako sei erronka jorratzeko eratu diren lantaldeetako buruak. Hain zuzen ere, lantalde horietan aztertuko dituzte osasun, ekonomia, kontsumo edo finantzaketa programetan jasangarritasun politikak nola txertatu. Udazken arte arituko dira lanean, eta haien ekarpenak erabiliko dituzte Eusko Jaurlaritzaren datozen urteetarako jasangarritasun politika definitzeko.

Hidrogenoa

«Etorkizuneko ekonomia berdea izango da edo ez da izango», adierazi zuen Tapiak. Haren esanetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa «energetikoki oso menpekoak» dira, eta «oso nekeza» izango da erabateko independentzia energetikoa lortzea, baina posible da «trantsizio energetikoari» aurre egitea eta esparru guztietan «eredu berriztagarriak» ezartzea.

Industrian, gas naturalaren ordez hidrogenoa erabiltzea proposatu zuen Tapiak. Besteak beste, azpimarratu zuen hidrogeno berdea ekoizteko iturri berriztagarriak behar direla: «2050erako Net0 bilatzen dugu, hau da, isurtzen dugun CO2 neutralizatzeko gai izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.