Marian Moreno. Skolaeko prestatzailea

«Skolae uzkur hartu dutenak berdintasunaren aurkakoak dira»

Nafarroako hezkidetza programa ulertu ez dutenek kritikatu dute, Morenoren ustez. Iazko proban parte hartu zuten ikasleengan estereotipoekiko kritikotasuna nabaritu dute.

Ibai Maruri Bilbao.
2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Skolae programan irakasleen prestatzaile lanetan ibili da Marian Moreno (Leon, Espainia, 1964), Asturiasko institutu bateko irakasle eta ekintzaile feminista. Programa «eredugarria» izango dela uste du. Hasteko, derrigorrezkoa delako. Baina ez da hori berritasun bakarra: «Hezkuntzako etapa guztiak betetzen ditu, eta irakasleari programa sistematiko eta global indartsu bat eskaintzen dio, berdintasunean oinarritutako bizitza proiektuak sustatzeko».

Irakasle eta ikastetxe batzuek Skolae uzkur hartu dutela zabaldu da. Arazorik izan duzu?

Irakasleria mikrokosmos bat da, eta iritzi askotako jendea dago. Iaz, euren borondatez parte hartu zuten hamasei ikastetxeek oso balorazio ona egin zuten, eta irakasleak pozik agertu ziren. Aurten ia ehun ikastetxe dira, derrigorrez egin behar izan dutelako. Eta bai, batzuek uzkur hartu dute. Baina ez edukiagatik, baizik eta derrigorrezkoa delako.

Zergatik ez dute nahi derrigorrezkoa izatea?

Legea betetzearen aurka daudelako. Argi esan behar da: Skolae uzkur hartu dutenak berdintasunen aurkakoak dira. Demokratikoki hautatu dugun gobernuak onartu dituen legeak bete egin behar dira. Jende asko da berdintasunarekiko uzkur: ez dute ulertzen berdintasuna zer den. Genero ideologiaz egiten dute berba, baina berdintasuna ez da genero ideologia. Eurena bai dela desberdintasunaren ideologia.

Prestakuntzako lehen saio horiek igarotakoan, uzkurtasunak gainditu dira?

Saioak bukatutakoan berba egiten genuen gure artean, eta batzuek arrazoia ematen ziguten azkenean. Esaten ziguten derrigorrezkoa ez bada, askok ez dutela beteko. Parte hartzaileen %90 gustura egon ziren. Beti dago egiten duzuna egiten duzula aurka egongo den %10 bat. Baina lortu behar ditugu gehiengo kualifikatuak, gizarte modura garatzen jarraitzeko. Irakasleen gehiengoa Skolaerekin bat dator, eta ez du testuingurutik atera programaren parte bat. Batzuek egin dute hori, Skolae zer den ulertu gabe.

Hezkidetzarako tresna nagusiena da eskola?

Eskola eta familia. Baina familia ez dago legez behartuta berdintasunaren aldekoa izatera; eskola, bai. Eskola eta familia osagarriak dira. Norbaitek uste badu soilik familiak hezi behar duela, ez du ulertzen zer den eskola. Neska-mutilak familian hezten dira. Baina baita sozializazio prozesuan ere; besteak beste, eskolan.

Noiz hasiko da fruituak ematen?

Iaz parte hartu zuten ikasleengan hasi dira aldaketak nabaritzen: estereotipoen aurrean kritikoagoak dira. Planaren emaitzak epe ertain-luzera igarriko dira, Nafarroan sexismoaren eta indarkeria matxistaren aurkako gazteria sortuko dugunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.