AEBetako hauteskundeak. Hispanoak. Eduardo A. Gamarra. Floridako Nazioarteko Unibertsitateko irakaslea

«Trumpek aldatu egin du hemen politika egiteko modua»

Egungo presidentearekiko «gurtza maila» inoiz ikusi gabekoa dela dio Gamarrak, eta ohartarazi du lau urteotan eta kanpainan bertan bizi izan duten tentsioa ez dela hauteskundeen ostean desagertuko.

BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
Miami
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Etxetik ari da lanean Eduardo Gamarra. Hala hasi zuten hiruhilekoa, eta hala amaituko dute, nahiz eta beste lankide batzuk dagoeneko hasi diren aurrez aurreko klaseak ematen. Floridako Nazioarteko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea da, eta neopopulismoan eta demokratizazioan aditua. Urte asko daramatza AEBetako hauteskunde kanpainak aztertzen, eta aitortu du ez duela sekula bizi izan aurtengoa bezalakorik: «Inoizko kanpainarik zikinena egiten ari dira».

Hauteskunde hauetan, hispanoak pisu handiko taldea dira. Baina noren mesedetan?

Kubatarrak ez diren hispanoez ari garela, kontuan izan behar da hegazkinez etorri ziren immigranteez ari garela. Asko maila altuko jendea dira, irabazi handiak eta ikasketak dituztenak. Ezaugarri horiek dituzten hispanoek bat egiten dute [Donald] Trumpekin, hura ere kontserbadorea delako eta euren herrialdeetako gobernuek duten jarrera duelako. Talde horretan daude kolonbiar uribistak eta [Nicolas] Maduroren aurka dauden venezuelarrak, adibidez.

Paperekin etorritako migratzaileez ari zara, noski.

Hor zehaztuko nuke, migratzaile horietako ia guztiak paperekin etorri baziren ere, gaur egun gehienek ez dutela paperik. Herrialde honetan paperik gabekoez hitz egiten denean, burura datorkigun irudia da muga oinez eta ezkutuan zeharkatzen duten horiena. Baina paperik gabekoetatik gehienak dokumentuekin etorri eta bisa berritu ez zuen jendea dira. Migratzaile horiek uste dute demokratak inozoak direla eta horregatik jokatzen dutela leunago Maduroren gisako agintariekin.

Arrazak ere badu, noski, zerikusia, hispano aberats horrek ez baitu bat egiten afro-amerikarren eskubideen aldeko borrokarekin, nahiz eta borroka horrek berari ere mesede egin. Aldiz, uste du afro-amerikarra gehiegi kexatzen dela, aukera guztiak eman dizkion herrialde batean.

Baina noiz uzten dio pertsona batek migratzaile izateari?

Adibide bat jartzearren, hor dugu mexikarren kasua. Mexikarrek muga zeharkatzen dute, baina mugak ere zeharkatu egin zituen mexikarrak: Coloradotik hegoaldera, hau da, Arizona, Mexiko Berria, Texas, Kalifornia, eta horiek guztiak, Mexikoren lurrak ziren. Beraz, han bizi diren mexikar askoren arbasoak hemen jaioak dira, baina mexikartzat jotzen dituzte oraindik. Horrek ondorio lazgarriak izan zituen 1932an, marihuana trafikoa argudio gisa erabilita milaka lagun kanporatu zituztenean mexikar jatorrikoak zirelako, nahiz eta haietako asko AEBetan jaioak izan. Herri honek ez du jakin eta ez daki oraindik ere hispanoekin harremanak izaten, eta, ondorioz, guk ez diogu inoiz utziko migratzaile izateari. Horrek ez du zerikusirik gure kolore edo arrazarekin, hispano izatea ez baita arraza bat. Nik, adibidez, ingelesa bertako batek bezala hitz egiten dut, eta, beraz, hortik ezin dute asmatu hispanoa naizen, baina, nire izena esaten dudan orduko, aldatu egiten da egoera. Gure izenak eta abizenek beti definituko gaituzte modu batera edo bestera.

Hispano gehienak errepublikanoen aldekoak izanik, zergatik halako indarra jarri Floridan irabazteko?

Bueno, Trump lau urtez agintean egon izana bada nahiko aldaketa. 2016an, Trumpek lehenik Jeb Bushi irabazi behar izan zion, eta hura zen komunitate honek kargurako nahi zuena. Marco Rubio senatari kubatar-estatubatuarra ere garaitu zuen. Baina Trumpek ez zuen Floridan orain egiten ari den neurriko kanpainarik egin, ez zuelako beharrezko ikusi.

Ordu hartan, Trumpek galdu egin zuen Miami-Dade konderrian —hemen ez dute errepublikanoek irabazi 1988tik—, baina garrantzitsuena da Floridan bertan 1,2 puntugatik bakarrik irabazi zuela. Orduan ohartu ziren estatu honetan kanpaina egitearen garrantziaz, Florida gabe Trump ez baita itzuliko Etxe Zurira.

Bestetik, AEBetan pisu handiko komunitatea da hispanoena.

AEBetan 60 milioi hispano daude: horietatik 32 milioik dute boto eskubidea, eta 29 milioi daude bozkatzeko izena emanda. Zenbaki horiek kontuan hartuta, afro-amerikarrak baino gehiago gara, baina parte-hartze tasa txikiagoa dugu. Hor dago aldea.

Hala ere, hautesleen %16 garen arren, eta afro-amerikarrak %13, azken horiek dira gutxiengoen artean hautesle garrantzitsuenak. Zergatik? Oso diziplinatuak direlako, eta parte hartzen eta bozkatzen dutelako. Horiek, noski, demokraten alde egiten dute nabarmen. Baina hautesle hispanoen pisua handituz joango da. Datu bat ematearren, gaur 18 urte betetzen dituzten gazteen erdiak hispanoak dira.

Halako garrantzia izanik, demokratek zergatik ez dituzte baliatzen hautesle horiek?

Badira hiru gauza demokratek egin beharko lituzketenak, eta horietatik lehena da kanpaina goiz hastea. Errepublikanoek ez dute atsedenik hartzen hauteskundeen artean; etengabeko mobilizazioa da haiena. Bigarrenik, demokratek ez diete behar adina arreta eskaintzen euren alde egingo dutela uste duten hautesleei, eta hori arriskutsua izan liteke. Eta hirugarrenik, ez dute behar bezala erabiltzen hautesle hispanoei buruzko informazioa. Errepublikanoek informazio hori baliatzen dute hautesleak manipulatu, proiekzioak egin eta mila ondorio ateratzeko, baina demokratek ez. Soilik Barack Obamaren garaian hasi ziren horretan.

Uste duzu kanpaina honetan ahalegin berezia egin dela hispanoen botoa lortzeko?

Errepublikanoek, bai, egin dute, eta ziurrenik 2016ko hauteskundeen hurrengo egunean hasi ziren. Demokratek denbora gehiago behar izan dute, eta orain ari dira lan horretan, eta milaka milioi dolar bideratu dituzte boto hori eskuratzera. Hala ere, ez dakit berandu ibiliko ez ote diren.

Zer iritzi duzu orain arteko kanpainaz?

Inoizko kanpainarik zikinena egiten ari dira. Polarizatuta dagoen herrialde baten ondorioa da, herrialde bat non komunikabideak manipulatuta dauden gizartea are gehiago banatzeko. Ni oso gazte nintzela hasi nintzen kanpainak aztertzen herrialde honetan; nire lehen kanpaina 1972koa izan zen. Orduan ere oso ohikoa zen lehiakideen arteko aurrez aurrekoak ikustea, baina inoiz ez aurkaria iraintzeraino. Ez nuen halakorik ikusia hemen bizi izan naizen 45 urteetan. Eta honek asko kezkatzen nau, azaroaren 3an emaitza edozein dela ere tentsioa ez delako egun batetik bestera desagertuko.

Tentsio hau alderdia muturrera joan izanaren ondorio da? Edo Trumpen eragina da?

Trump da faktore garrantzitsuena, ikusi besterik ez da zer gertatu den Alderdi Errepublikanoarekin. 2012an, Obamaren aurka horren modu nabarmenean galdu zutenean, esan zuten alderdia berritu behar zutela, gutxiengoen babesa lortu behar zutela, eta, batez ere, talde sozial desberdinak barneratzea, betiere jarrera kontserbadoreari eutsiz.

Zergatik hori?

Aurrez eskuinera lerratu zirelako eta hondamendia izan zelako; gogoratu [John] McCainek Sarah Palin izendatu zuela presidenteordetzarako eta porrot izugarria jasan zutela. Hala, inork ez zuen pentsatuko Trump Etxe Zurira helduko zenik diskurtso horrekin. Eta lau urteotan, gainera, Alderdi Errepublikanoa desagertu egin da; orain, Trumpen alderdia da, eta haren balioak defendatzen ditu: ezkutatu egiten ditu arrazakeria, bazterketa... ezkutatu egiten ditu azken 40 urteotan konpontzen ahalegindu diren hainbat arazo larri. Neroni sinetsita nengoen Obamarekin arrazez gaindiko herrialde bat lortua genuela, non arraza ez zen aintzat hartuko. Baina kontrakoa gertatu zen, eta hori da Trumpek irudikatzen duena.

Bestalde, Alderdi Demokrata, zeina oraindik krisian dagoen, izaera berri bat eraikitzen ahalegindu da azken lau urteotan. Hasieran ezkerrera egin zuen Bernie Sandersekin, zeina demokratekin aurkeztu arren sozialista den. Baina gero ohartu ziren Etxe Zurira helduko baziren zentro-eskuinera jo behar zutela. Beraz, uste dut Trumpen fenomenoak aldatu egin duela hemen politika egiteko modua. Ni hemen bizi nintzen [Ronald] Reaganen garaian, eta hura ere ez zen iritsi gurtza maila honetara.

Baina Trumpekiko gurtza horrek badu bere alde txarra ere: hark irabazten ez badu alderdiak bere burua berrosatu beharko duela.

Bai, noski. Trumpek irabazten ez badu, oso zaila izango du Alderdi Errepublikanoak bere burua birkokatzea; batez ere, presidentetzan ez ezik, Senatuan ere galtzen badu. Hori bai: irabazten badu, benetan uste dut Euskal Herrira joan beharko dudala bizitzera, kar, kar, kar.

Hori txantxetan diot, baina egia da gutxigatik irabazten badute ere beraiek benetan sinetsiko dutela mandatu bat dutela, eta azken lau urteek herrialde honetako instituzioetan izan duten eragina izugarria izan da. Legealdi honetan epaitegi federalen inguruan hartu dituzten erabakiek berrogei urte iraungo dute, eta ez naiz soilik ari Auzitegi Goreneko epaile berriaren izendapenaz. Pentsa ezazu auzitegi federaletako 300 epaile baino gehiago izendatu dituztela lau urteotan, eta, noski, guztiak kontserbadoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.