Imanol Magro Eizmendi.
GEURE KONTU

Amiantoa oraina ere bada

2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Renato Prunetti 59 urterekin hil zen biriketako minbiziak jota. Aurkitu ziotenerako, metastasiak burmuina hartua zion. Italia osoan ibili zen soldatzaile lanean, metal astunen keak irentsiz. «Amiantoak pozoitu zuen nire aita», dio Alberto haren semeak Amianto eleberrian (Hoja de Lata, 2012). XX. mendearen bukaerako Italiako langile klasearen erradiografia egiten du, eta bere aita amiantoaren eraginez hil zela frogatzeko epaibidea kontatzen du. Azkenean, Renato zenari aitortu zioten hamabost urte, bederatzi hilabete eta 21 egun egin zituela amiantoarekin lanean. Hala irakurrita, mediku diagnosi bat bainoago kartzela zigor bat dirudi; baina, antza, grafikoa baino gehiago da, zigor hark moztu baitzion errotik bizitza.

Renatok eleberria du, baina antzeko makina bat idatz zitezkeen Euskal Herrian. Asviamie amiantoak kalte egindakoen elkartearen arabera, milaka kutsatu daude. CAFen bakarrik 58 langile ohiri aitortu diete amiantoak gaixotu zituela. Epaibideen ondorioz, tren konpainiak kalte ordain ugari ordaindu ditu, 100.000 eurotik gorakoak gehienak. Baina amiantoaren beste biktima askok eta haien familiek ez zuten kalte ordainik jaso. Besteak beste, pozoitu ziren enpresa desagertua delako, enpresa txikiegia zelako kalte ordaina ordaintzeko eta langile autonomoak zirelako.

Horien hutsunea erreparatzeko hasi zen duela zazpi urte Eusko Legebiltzarren amiantoaren biktimen funtsaren bidea. Legebiltzarrak hirutan eraman du funtsa sortzeko eskaera Espainiako Kongresura. Lehen bi saiakeretan tramitazioa eten zuten Madrilen, epe eta forma arazoak argudiatuta. Azkenekoak, berriz, talde guztien babesarekin, bere helburua lortu du. Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk funtsaren inguruko akordioa lortu zuten iazko azaroan, eta horrek bultzada erabakigarria eman zion eskaerari. Asteazkenean onartu zuten funtsa sortzea Kongresuan —Senatuak berrestea falta da—, eta hasieran 25 milioirekin hornituko dute.

Baina zergatik igaro dira zortzi hilabete? Besteak beste, kontsentsua ez zelako hain erabatekoa, batez ere gobernuaren barruan. Esaterako, Espainiako Gobernuak Imsersoren barnean nahi zuen funtsa, Eskubide Sozialen Ministerioaren barne. Beste eragile guztiek, berriz, Gizarte Segurantzaren menpe nahi zuten, lan-osasun auzia delako. Azkenean hala izango da, Europa guztian bezala. Frantzian, esaterako, duela hogei urte dago indarrean funtsa.

Nork zuzenduko duen ere izan da eztabaida iturri, eta azkenean batzorde independente bat osatu da. Finantzaketak ere eman du zeresana, eta hor Gobernuak bere asmoa lortu du, aurrekontuetan onartuko baita urtero funtsaren zenbatekoa. Finantzaketa iturriak, dena den, ez ditu hainbeste urduritzen biktimen elkarteak.«Momentuz, 25 milioi euro; bidea egin ahala ikusiko da asko den gutxi den», diote. Gehiago urduritzen ditu kalte ordainak zergapetuko dituzten eta funtsaren atzerako eragina noiz arterainokoa izango den.

Gobernuaren eragozpen harrigarriena, baina, funtsaren onuradunak zeintzuk izan daitezkeen zehaztea izan da. Hasieran, langileak onuradun ez izatea pro posatu zuen. Argudiatzen zuen haiek Gizarte Segurantzaren babesa badutela, eta funtsak amiantoaren beste biktimentzat behar zuela: bikotekideentzat, lan harremanik gabe kutsatutakoentzat... Funtsaren oinarria hankaz gora jartzea litzateke. Asteak eta bilerak pasatu ahala, baina, negoziazioko beste aldeen presioak gailendu ziren.

Amiantoaren erabilera 1997an debekatu zen Ipar Euskal Herrian, eta 2001ean Hegoaldean. Eraikuntza material gogor eta merkea izan zen. Amiantoaren minbiziak, baina, ez dira berehala garatzen, eta milaka langile daude kontrolpean pozoiarekin lan egin zutelako. Amiantoak iraganeko kontua dirudi, baina hamarkada batzuetan orainaldia izango da oraindik.

Osalanek lanbide eta produktu jakin batzuekin lotura zuzena duten hainbat minbizi mota atzemanak ditu. Amiantoarengan jarri zuen arreta lehenbizi; gero, silikatoetan, eta orain formaldehidoa da etsai ezkutua. Industria kimikoko arlo askotan oso zabaldua egon zen produktu hori, eta minbizia sor dezake. Etorkizuneko mamu isila bilaka daiteke; horregatik da beharrezkoa amiantoaren funtsak langileak babestea, eta, beharrezkoa bada, beste pozoi batzuen biktimetara zabaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.