Gipuzkoako eraikin garbitzaileek lau eguneko greba egingo dute

Imanol Magro Eizmendi.
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileek greba egingo dute hilaren 15etik 18ra, biak barne. ELA, LAB eta UGT sindikatuek egindako deialdia da, eta haien helburua da «soldata arrakala amaitzea» eta negoziazioari «merezibezain serio» ekitea. Izan ere, eraikinetako garbitzaileek kale garbitzaileek baino 5.400 euro gutxiago irabazten dituzte urtean.

Zifra orokorra ehunekotara eramanda, %28ren aldea dago kale garbitzaileen eta eraikin eta lokalen garbitzaileen artean: kale garbitzaileek 23.183 euro jasotzen dituzte urtean; eraikin eta lokaletako garbitzaileek, berriz, 17.784. Egun 6.500 pertsona aritzen dira Gipuzkoan eraikinak eta lokalak garbitzen; eta 1.500ek baino gehiagok enpresa ituna dute. Horietatik %80 emakumeak dira, eta askok kontratu partzialak dituzte. Kale garbiketan, berriz, gehienak gizonak dira.

Grebaren berri emateko agerraldian, langileek gogora ekarri dute pandemian garbitzaileak lehen lerroan jardun direla, eta, hala ere, haien lanak ez duela jaso aitortzarik. «Pandemian ez da garbiketa jarduera gelditu, indartu baizik. Zergatik? Agintariek funtsezkotzat jo gaituztelako, funtsezkotzat, gizarteak eta ekonomiak beren jarduera modu seguruan jarraitu ahal izateko», salatu dute.

Martxokoa aurtengo bigarren greba deialdia da, eta urtarrilean eginikoaren ondoren hasitako negoziazioen berri eman dute. Azaldu dute 2019an eta 2020an, ez zutela izan soldata igoerarik, eta urtarrileko protestaren ondoren enplegatzaileen eskaintza %0,5 igo dela 2021 eta 2022rako. Horrenbestez, igoera proposamena %1ekoa da 2021erako, eta %1,5ekoa 2022rako. «Ez da nahikoa bizitzaren kostuaren igoerari aurre egiteko», salatu dute. Sindikatuek, halaber, behin-behinekotasunaren aurkako neurriak eskatu dituzte, eta etor daitezkeen murrizketen aurkakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.