Irune Lasa.
GEURE KONTU

Helburuak eta egingarritasuna

2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
«Gure inpaktu azterketek argi erakusten dute: gure ekonomiak eta industriak kudea dezakete». Ursula von der Leyenen hitzak dira. Haren Europako Batzordeak bizkortu egin nahi du klima neutraltasunerako bidea, eta aste honetan proposatu du 2030. urtean Europako Batasuneko berotegi gasen isuriak %55 txikiagoak izatea 1990ekoak baino, orain arteko %40ko helburua zorroztuz. Goiburuan, luzera begira, asmoa handinahia da, 2050. urterako karbonoan neutral izatea; EBk atmosferaratzen duen CO2 guztia konpentsatzea, dela karbono hori harrapatuz, dela beste nonbaitetik irabazitako isuri eskubideekin.

Asmoa «handinahia» da, «baina, aldi berean, errealista eta posiblea». Frans Timmermans Europako Batzordeko lehendakariak ere saldu nahi izan du aste honetan murrizketa handiago hori egingarria dela. Egingarriagoa izan daiteke, gainera, EBko aurrekontuen %30 eta EBko pandemiatik suspertzeko 750.000 milioi euroko Next Generation EU funtsaren diruetatik herena baino gehiago trantsizio energetikora badoaz (eraginkortasunez).

Hala ere, helburu handinahi horiek betetzeko, jakina, asmoetatik egitateetarako jauzia egin behar du EBk, hitzetatik ekintzetarako jauzia. Von der Leyenek pandemiaren aurretik aurkeztu zuen bere agintaldirako nahi lukeen ikurra, Itun Berdea, eta COVID-19aren kalteetatik suspertzeko giltza ere Itun Berdean —eta digitalizazioan— ikusten du Europako Batzordeak. Ez da argudio makala.

Baina Europan kontu inportanteak ez ditu Batzordeak bakarrik erabakitzen. Europako Parlamentuak, eta batez ere Europar Kontseiluak zeresan handia dute helburuak, diruak eta arauak erabakitzerakoan.

Itun Berdearen eta isuri murrizketaren gaian, Batzordeak aise lor dezake Parlamentuaren babesa. Alde ditu sozialdemokraten taldea, berdeak, liberalen taldea etademokristauen taldeko parlamentario gehienak. Asteazkenean bertan Europako Parlamentuak oniritzia eman zion 17.500 milioi euroko Bidezko Trantsiziorako Funtsari. Hori bai, funts horrekin gas naturaleko proiektuak ere lagunduko ditu, —horregatik igo dute funtserako diru kopurua—. Ez zen hori Batzordearen lehen asmoa, ezta zenbait herrialderena ere, eta ez da oso bateragarria emisioen murrizketa helburuekin.

Europar Kontseiluan, berriz, gauzak zailago izan ditzake Von der Leyenek. Murrizketa handiagoek, argi dago, eragin zabalagoa izango dute, herrialde guztietan eta sektore guztietan. Eta trantsiziorako prestatuago daude herrialde batzuk besteak baino. Horrek esan nahi du 27 herrialde jarri behar direla ados, bakoitzak bere lehentasunak, baliabide eta erronka ekonomikoak eta ahultasunak dituela.

Argindarraren %75 ikatzetik sortzen duen Poloniarentzat, adibidez, aldaketa handia izango da, eta diru asko beharko du transformaziorako. Ekialdeko herrialdeek gogor jokatuko dute karbono helburuak eta arauak ezartzeko Europar Kontseiluetan—adibidez, urriaren 15ekoan—, eta zer esanik ez, trantsiziorako diruak banatzeko orduan.

2030erako eta 2050erako emisioen murrizketa helburuak beteko badira, hainbat zuzentarauren aldaketak, energiaren eta mugikortasunaren inguruko arauak, eta zerga berriak onartu beharko dituzte EBko erakundeek. Horrez gain, karbono emisio eskubideen merkatua bera ere berrikusi beharko da.

Europako Batzordeak hitzeman du klima politika horiek 2021eko udarako berrikusiko dituela. Hor tartean dago, besteak beste, errepideko ibilgailuentzako isuri mugak berrikusteko asmoa. Reutersen argitaratutakoaren arabera, ibilgailuei 2021. urterako ezarritako emisio mugak 2030era erdira jaistea proposatzeko asmoa du batzordeak, eta dagoeneko haserre ditu Alemaniako autogileak.

Erabaki beharko da, halaber, sektorerik gehituko den emisio eskubideen merkatura. Zentral termikoak, altzairutegiak, findegiak, eta zementu ekoizleak daude behartuta, oraingoz, merkatu horretan izatera eta kutsatzeko eskubideak erostera. Laster, hegaldietako batzuk ere sistema horretan sartuko dira.

Brusela aztertzen ari da eraikuntza ere merkatu horretan sartzea. Eraikuntza gehien-gehienak gaur egun ez dira efizienteak energiaren ikuspuntutik, eta sektore horretatik atmosferaratzen dira EBko berotegi gas isurien %36. Errepideko ibilgailuek emisio eskubideak behar izatea ere aztertu du Europako Batzordeak, eta ez du erabat baztertu, nahiz eta Timmermans «sinesgogor» agertu horrekin.

Iritzi publikoa izango da helburuak sinesgarri eta egingarri izateko beste puntu garrantzitsua ere. Karbono neutraltasunerako bidean, herritar asko erabaki horien pagaburu sentitzen badira, eta uste badute politika horiek ez direla bidezkoak eurekin, bidea malkartsua gerta daiteke.

Edonola ere, denentzat hobe klima larrialdiaren kontrako helburuak egiaz sinesgarri eta egingarri bihurtzea. Beroketa global handiagoa delako beste aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.