xabier martin
ASTEKO GAIA

Errenta paktua izan daitekeena

2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Hipoteka mailegu bat egin nahi zuen bezero batek %22ko interes tasa finkoa onartu behar zuen 1977ko Hego Euskal Herrian. Bezero hori ez zen izango, seguruenera, %20 inguruko langabezia tasak jotako langile bat, baina, edonola ere, %30eko inflazioarekin bizitzen ikasia beharko zuen. 1973an, Franco diktadorea bizirik zegoela, euskal ekonomia estu hartzen hasia zen petrolioaren krisia, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak AEBei ezarritako betoaren ondoren, Yom Kippur Gerra tarteko. Handik lau urtera, amildegira begira zegoen zainetan erregaia baizik ez zeraman ekonomia, hala Hego Euskal Herrian nola Espainian, eta Adolfo Suarezek, caudillo-ak diseinatutako trantsizioak gobernu burura eramandako presidenteak, Moncloako Itunak esaten diotena abiatu zituen. Felipe Gonzalezekin elkartu zen, orduko PSOEko oposizio buruarekin, eta soldata igoerak mugatzea adostu zuten, itun horien funtsezko aldagai baten gisa.

Pedro Sanchez egungo Espainiako presidenteak mahai gainean jarri du atzera Moncloako itunen izpiritua, errenta paktuaren ideia helarazita. Pandemiaren gastu erraldoiarekin batera iritsi da %10 inguruko inflazioa, energiaren garestitzeak hauspotuta, Ukrainako gerraren ondorio zuzen gisa, eta zor publikoa gora eta gora doa; ekonomian espero zen 2022ko errebote handia ametsa da orain, eta hazkundea izate hutsari balio handia ematen hasi zaizkio ekonomista asko, estanflazioaren amesgaiztoa urruntzeko edo. Egoera konplexu horrek errenten paktu bati oinarria emango lioke, Sanchezen ustez.

Zer da, ordea, errenta paktua? Zer-nolako neurriak ekar ditzake egungo Hego Euskal Herrira?Hasteko, soldata igoeraren esparruan, ezer onik ez langileentzat, itun horren atzean dagoen helbururik argiena inflazioa bridatzea baita, eta, horretarako, soldatak inflazioaren azpitik igotzea adostu beharko litzateke. Trukean, langile horiek onura batzuk jaso beharko lituzkete, Sanchezek helarazitakoa baita krisiaren kostuak «modu ekitatiboan» banatu behar direla; esan nahi baita enpresek ere jarri beharko luketela beren alea, eta, zer esanik ez, administrazio publikoak ere bai, aparteko laguntzen bidez.

Negoziazio kolektiboa

Arazoa da inor gutxik sinets dezakeela Espainiako Gobernuak gaitasuna duenik Europako Batasuneko herrialde bateko konpainia handietan esku hartzeko —ikusteko dago gasaren prezioa mugatuko duen argindarraren deskontua nork pagatuko duen, azkenerako—, eta, errenta paktuan, soldata igoeraren mugak loturik beharko luke konpainien irabazien muga, eta zuzendaritzen soldata izugarriena ere bai—Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galanek 13,2 milioi euro irabazi ditu 2021ean—, aberastasun hori Estatuak zabaldu beharko lukeen ezkutu sozialean laguntzeko. Nola egin daiteke hori, ordea? Ez du erraza ematen, Brusela merkatu librearen zaindari baita gaur egun ere, nahiz eta azken bi urteetan, pandemiak behartuta, neoliberalismo petotik pixka bat aldendu den.

Horregatik, sindikatuak ez dira fio. Espainiako sindikatu nagusi CCOO eta UGT prest azaldu dira negoziazio kolektiboko akordio orokor bat egiteko, eta soldatak KPIaren azpitik igotzeko, betiere hiru urteren buruan erosteko ahalmen guztia berreskuratzea ekarriko lukeen klausula baten truke. CEOE patronalak ez du nahi horrelakorik, eta prest dago gerraren krisia ere langileen bizkar jartzeko, esaterako, soldatak azpiko inflazioaren arabera igota, langileek kontsumituko ez balituzte bezala energia eta janari prestatuak.

Gauzak horrela, Sanchezen aholkularien etorria errenta paktuarekin gai izan da hedabideetako orri asko betetzeko, baina ez du ematen etorkizun handia duenik: eragile sozialek ez dute erakutsi denen hobe beharrerako omen den paktuaren aldeko asmorik. Tolesgabetasunaren garaiak joan ziren, nonbait.

Euskal Herrian, berriz, argi dago sindikatu nagusiak ez duela errenten paktu baten ideia entzun ere egin nahi. Troiako zaldi baten modura ikusten du ELAk Madrilgo gobernuak marraztu duen ideia, eta atea itxi dio ezer zehatzik izan aurretik. «Errenta paktuan ez zaigu ezer galdu. Patronalarekin biltzea da soldatak ez igotzeko modua. Ez gaitzatela han bilatu. Foro horietan denbora eta sinesgarritasuna baino ez da galtzen». Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaren hitzek ez dute tarterik uzten krisi betean langileen ahalegina bilatzen duen ekinbiderako, trukean ez baitago ezer zehazturik.

LAB sindikatuak ere aurretik jarri du «galdutako erosahalmena berreskuratzea» edozein errenta paktu egiteko. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik proposamena egin du Madrilgo gobernuaren ideia Euskal Herrira ekartzeko, «ardurak konpartitzeko ariketa» baten moduan, eta, betiere, ariketa horretan zerga erreforma sakon bat sartzen delarik. LABek ikusten du bere burua Hego Euskal Herrian bultza daitekeen «errenta paktu» posible baten aurrean, baina soilik «langileek galdutako erosahalmena berreskuratzeko». 2021eko KPIaren (%6,5) igoera modu orokorrean ez aplikatzeko formulak bilatzen ari den honetan, Confebask ez dago musika horren erritmoan dantzan hasteko prest. Hemen, eragile bakoitzak bere erara ulertzen du zer den errenta paktua, bai eta zer ez den ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.