joxerra senar
GEURE KONTU

Baldekada bat ur hotz VWen

2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Zalantzak ez dira uxatu. Areagotu egin dira. Otsailean, kolpe bakarrean, Volkswagenek ordura arteko zurrumurruak aldendu, eta baieztatu zuen auto elektrikoaren ekoizpenera egokitzeko mila milioi euroko inbertsioa egingo zuela Iruñeko fabrikan. Etorkizuneko apustutzat jo zen albiste on hori Nafarroan; baina, hiru hilabete geroago, erantzun gabeko galderak airean daude oraindik.

VWek berak baldekada bat ur hotz bota dio otsaileko baikortasunari. Martxoaren amaieran, zuzendaritzak langile batzordeari iragarri zion ez zegoela dirurik bi inbertsio egiteko. Batetik, prentsarena; bestetik, baterien zeldak muntatzeko lantokiarena. Egun, ibilgailuen karrozeriak lantzeko hiru prentsa dituzte. Horietako bat egungo beharrei eta etorkizunekoei erantzuteko prestatuta dago, baina beste bi zaharkituta geratu dira. Egungo ibilgailuen geometriara egokitzeko arazoak ematen dituzte. Otsailean, VWek aurreratu zuen 65 milioi jarriko zituela prentsa berri bat egiteko, baina orain dio ezetz, ez dagoela dirurik.

Kezka handiagoa eragiten du baterien zeldak muntatzeko fabrikarekin gertatu denak. Otsailean, VWek hitzeman zuen Saguntetik etorriko diren baterien zeldak muntatzeko lantoki bat egongo zela Landabenen. Tokia egiteko, egun fabrika barruan diren trenbideak kendu egingo dira, eta Nafarroako Gobernua arduratuko da obra hori finantzatzeaz. Zeregin hori bere gain hartuz gero, beste 400-500 enplegu ziurtatuko lituzke VWek. Horregatik, langile batzordeak argi du egungo 4.500 lanpostuei eutsi ahal izateko bermea dela, etorkizunean auto elektrikoaren produkzioak gorabeherak izanik ere. Alta, prentsarekin gertatu bezala, zuzendaritzak esan du ez dagoela dirurik 200 eta 300 milioi euro arteko inbertsio horri aurre egiteko. Erabaki hori Iruñeaz haragokoa dela adierazi die, halaber.

Alemanian izan dira asteon

Horregatik, Wolfsburgen (Alemania) izan da asteon Landabengo zuzendaritzaren eta langile batzordearen ordezkaritza bat, fabrika hori Iruñean jar dezatela eskatzeko. Taldeko arduradunek zin egin diete egoera berriz aztertuko dutela. Dena den, benetan hitzeman al zuen VWek Landabenen jarriko zuela fabrika hori? Egiazki, otsailean iragarri zuen 10.800 metro koadroko eraikin bat altxatuko zuela. Orain ikusi beharko da instalazio hori zertarako erabiliko duen: kanpotik jada muntatuta etorriko diren baterien biltegi gisa edo bateriak han muntatzeko.

Lan hori azpikontratuko balu, non eta nork muntatuko lituzke bateriak? Batzordeak jakin duenez, Nafarroako Gobernuak lurrak eskaini ditu Imarkoainen, Garraioaren Hirian, lantokia egin dadin. Oraindik ezer ofizialik ez badago ere, zabaldu da aukera hori aztertzen ari dela Hyundairen filial batekin. Nafarroako Gobernuak, berriz, ez du ezer argitu horri buruz.

Gogora ekarri behar da gobernuak bateriak muntatzeko proiektu bat bultzatu zuela (NaBatt proiektua) Sodena sozietate publikoaren bitartez eta Fagor Ederlanekin, Ingeteamekin eta Innoenergyrekin elkarlanean. Next Generation funtsak lortzeko proiektu hori, baina, bertan behera geratu da. Ondorioz, Landabenen izan zein Imarkoainen izan, ziurtatu nahiko du Nafarroan antzeko beste proiektu bat ezartzea. Ikusteko dago Nafarroatik at, Martorellgo Seaten fabrikaren eta Landabenen artean egongo den beste egitasmo baten alde egiten ote duen multinazionalak.

Batzordeak salatu duenez, VWek ez die beste argibiderik eman. Irailean, auto elektrikoaren eraldaketa finantzatzeko ia 400 milioi egokitu zitzaizkion Espainiako Gobernuaren autogintza suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikotik. Alta, lehen ESEPE horretatik 800 milioi euro adjudikatu gabe geratu dira, eta espero da ekain aldera beste itzuli bat egongo dela. Bi inbertsioak egiteko dirurik ez dagoela esanda, finantzaketa gehiago lortzeko modu bat izan daitekeela interpretatzen dute batzorde barruan.

Horri guztiari auto elektrikoranzko trantsizioren konplexutasuna gehitu behar zaio. 2024ko apiriletik aurrera hasiko dira eraldaketarako obrak. Argudiatuta ezingo direla hiru modelo aldi berean egin, Poloa egiteari utziko dio VWek. 2025eko uztailean, berriz, espero da Euro 7 araudia indarrean sartzea. Aurrekoaren aldean, autoen emisioak gutxitzeko baldintza gogorragoak ezartzen ditu, eta, autogintzako beste enpresa batzuen moduan, denbora gehiago eskatu dio multinazionalak Bruselari. Euro 7ren baldintzak betetzen ez dituela arrazoituta, esan du Iruñean Taigo modeloak egiteari utziko diola.

Zeharkaldi konplexua

Urte eta erdiz, gainera, auto produkzioa erdira apalduko da, eta, trantsizioa amaitzen denean, 2026 erdialdean edo 2027 hasieran, auto elektrikoko bi modelo eta konbustioko bat (edo bi) egingo dira Iruñean.Alta, ikusteko dago nola egingo den bizpahiru urteotako basamortuko zeharkaldi hori. Produkzioaren murrizketa handi horretara egokitzeko neurriei buruz eta auto elektrikoak eskatuko duen formakuntza prozesu konplexuari buruz negoziatu behar du enpresak sindikatuekin. Oraingoz, baina, ez die hitz erdirik esan. Hori ere kontuan hartu behar da. Baikortasunari baldekada bat ur hotz bota ostean, errazagoa izan daiteke nahi den hori eskuratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.